Astelehen gogorra Christian Bruchentzat. Siemens Energyko buruzagiak epelak entzun ditu konpainiako buruzagitzak gaur akziodunekin izan duen bilkura birtualean. Ez da harritzekoa, Alemaniako taldearen azken denboraldia oso gorabeheratsua izaten ari baita, batez ere Siemens Gamesarengatik. Aurtengo lehen lau hileko fiskalean Siemens Gamesa filialak 434 milioi euroren galerak pilatu ditu, eta urtea 2.000 milioi euroren galerekin bukatuko duela aurreikusten da.
Akziodunen errieta espero zuen erakusle, Bruch joan den ostiralean jada hasia zen bere buruaren defentsan, arazoaren gainean dagoela iradoki nahian. Esan zuen, gaur bertan errepikatu dituen hitzez, «Espainiako unitateak» ez badu 2026rako joera hausten, Siemens Energy ez dela izango «jabe egokia» lurreko haize erroten unitatearentzat. «Haize negozioan izandako galerak eta arazoak onartezinak dira», esan zuen. «Ez ditugu toleratuko, baina ez dugu haietatik ihes egingo ere».
Akziodunen ordezkarien hitz gogorrak entzun behar izan ditu gaur Bruchek, batez ere Gamesarekin gertatutakoari lotuta: merkatuetan berreskuratzea oso zaila izango den konfiantza galdu izana aipatu dute gehienek; ekitaldi penagarriaren erantzukizunari buruz aritu da baten bat, akziodunen frustrazioa azpimarratuz. Gamesa erosi izanaren esplikazioak ere eskatu dituzte askok; nolatan ez zuten hobeto begiratu erosi behar zuten konpainia; nondik datozen turbinen kalitate arazoak, noiz konponduko diren...
«Denbora behar da, ulertu behar duzue, gauza konplexua da, arazoak toki eta baldintza jakin batzuetan dabiltzan turbinetan soilik agertzen ari baitira»».
CHRISTIAN BRUCH Siemens Energyko buruzagi exekutiboa
Bruchen azaldu du 2022an Gamesaren %100 hartu zuenerako Siemens Energyk euskal konpainiari buruzko informazio guztia zuela, haren akziodun nagusia baitzen. Horri lotuta, esplikatu du 4X eta 5X turbinen arazoak ez zirela agertu 2023ko udaberrira arte, beraz, Gamesa osoa bereganatu eta gero. Aurretik ez zegoen jakiterik hori gerta zitekeenik, gaineratu du; «kalitate arazoak instalazioa egin eta baldintza jakin batzuetan denbora pasatu ostean agertu dira osagaietan».
Turbinen arazoak oraindik ikertzen ari direla erantzun die Bruchek akziodunen ordezkariei. «Horretarako, denbora behar da, ulertu behar duzue, gauza konplexua da, arazoak toki eta baldintza jakin batzuetan dabiltzan turbinetan soilik agertzen ari baitira». Turbinen kalitate arazoek hiru alderdi dituztela ere azaldu dute.«Batetik, diseinuan, ez baita nahikoa sendoa izan haize baldintza jakin batzuetarako. Eta, gero, manufakturan eta instalazioan ere arazoak izan dira».
Edonola ere, aurtengoa izango da turbinen kalitateari buruz «erabakitzeko urtea», esan du Bruchek, eta, galdetu diotenean, ez du baztertu turbina arazotsu horien osagaien hornitzaileak auzitara eramatea. «Oraindik ikerketa zabalik dago, eta ezin du horrelako adierazpen ofizialik egin horri buruz».