Gaur kamioiak bidesaria ordaintzen hasi dira Bizkaiko beste hiru errepidetan

Txorierriko autobia, Kanpazarko errepidea eta Abantotik Kantabriako mugarainoko A-8ko zatia dira ordainpekoak.

Kamioientzako bidesarietarako arkua Basauri aldean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kamioientzako bidesarietarako arkua Basauri aldean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2024ko uztailaren 1a
16:30
Entzun

Bizkaian kamioiei bidesariak kobratzeko planaren bigarren zatia indarrean dago jada. 2023ko urtarrilean hasi ziren ordaintzen BI-625 errepidean, Basauri eta Arakaldo artean, eta N-240an ere bai (Ubide-Galdakao); gaurtik aurrera, 3,5 tonatik gorako kamioiek ordainketa arkuak izango dituzte beste hiru errepidetan: A-8an, Abantotik Kantabriako mugarainoko zatian; Txorierriko autobian, eta Kanpazarko bidean. Prezioa kamioiaren pisuaren araberakoa izango da.

kamioientzako bidesariak Bizkaian
 

Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak jakinarazi zuen bidesari horiek aktibatuko zituztela, orain dela astebete. Esan zuenez, bidesarien helburu nagusia da herriguneetatik ibilgailu astun gutxiago igarotzea, ingurumen inpaktua txikitzea eta istripuak eragoztea.

Gainera, nahi dute garraiolariek beste aukera batzuk hartzea, ordainpeko autobideak hain zuzen. Hori lortu dute orain arte piztuta izan diren bi arkuekin. Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen N-240 errepidean, Barazarko bidean, kamioien zirkulazioa %39 apaldu da bidesariak daudenetik, eta BI-625 errepidean, berriz, %30.

Beste lurraldeak

Gipuzkoa izan zen ibilgailu astunei bidesariak ezarri zizkien lehenengoa, 2018ko urtarrilean, baina kobrantza etenda egon zen aldi batez, auzitegiek aginduta. 2023ko urtarrilaz geroztik, ordainpekoak dira A-15 eta N-1 autobideen Gipuzkoako zatiak.

Nafarroako Gobernuak ere kobratu nahi die kamioiei, bost errepide erabiltzeagatik: A-1ean, A-10ean, A-15ean, A-68an eta N-121-An. A-1ean hasi nahi zuen kobratzen, Etzegaratetik Ziordirako zatian, baina arkuak pizteko eguna atzeratzen ari da. Arabako Aldundiak ez du asmorik bere sarean kamioiei bidesariak ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.