Gaurtik aitzinera Bizkaiko golkoko uretara ilkitzea debekatu zaie arrantzaleei, izurdeen babesteko

Hilabete iraunen du debekuak, eta zortzi metrotik gorako ontziei eragiten die. Arrantzaleak kexu agertu dira, sekulako diru galtzeak eraginen baitizkie.

Donibane Lohizuneko portuko kaia. GUILLAUME FAUVEAU
Donibane Lohizuneko portuko kaia. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

Aurten ere, arrantzarik gabeko denbora bat izanen da Bizkaiko golkoan. Gaurtik otsailaren 20ra bitarte, zortzi metro luzetik gorako ontziek debekaturik izanen dute arrantza egitea. Arrazoia da ugalketa garai bete-betean diren izurdeak babestea, arrantzaleek gehiegi harrapatzen eta hiltzen baitituzte ustekabean beren sareetan; espezie babestua da izurdea.

Iaz Frantziako Gobernuak hartu zuen erabakia bere eremuko uretan, baina aurten Europako Batzordeak hartu du, eurodiputatuen eta gobernuen babesarekin. Erabakiaren aitzinean, baina, arrantzale anitz kexu agertu dira, sekulako diru galtzeak eraginen baitizkie. Serge Larzabal IAIHABB Itsas Arrantzaren eta Itsas Hegaztien Akitania Berriko Batzordeko lehendakariak esplikatu du: «Jadanik joan den urtean ez ginen ados, aurten ere ez gara ados, eta, batez ere, ez dugu ulertzen zergatik hilabeteko hestea agintzen diguten».

Usu bezala, honakoan ere ez da erraz ekologiaren eta lanean ari den jendearen parez pare ezartzea, neurriak ala neurri ezak batari edo besteari eragiten baitio ezinbestean. Arrantzaren debekurik gabe, ICES Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluaren arabera, 4.000 eta 9.000 izurde artean hilen lituzkete arrantzaleek hilabete bakar horretan, eta, luzera begira, izurdearen bizirautea auzitan jarriko litzateke. Aldi berean, arrantza lanbidea duen jendeari aktibitatea osoki mozten dio hilabete oso batez.

Harrapaketak, %76 gutxiago

Hiru elkarte ekologistak bultzaturik, Frantziako Estatu Kontseiluak 2023ko urte hondarrean erabaki zuen arrantzaren debekatzea lehen aldiz Bizkaiko golkoan hilabetez, 2024ko neguan. Eta, joan den abenduaren 30ean, Estatu Kontseiluak debekua berritu zuen 2025. urterako. Zehazki, erran dute ezinbestekoa dela neguko lau astetan arrantzaren debekatzea, «izurde arruntaren kontserbazio egokia bermatzeko».

Joan den urteko debekuaren bilana egin zuelarik, Frantziako Itsaso Ministerioak Pelagis behatokiaren datuak jakinarazi zituen. Haren arabera, iaz, Bizkaiko golkoan izurdeen harrapaketa hilgarriak %76 gutxitu ziren. «Bistan dena», erran du Larzabalek, eta jarraiki: «Arrantza gelditzen badugu urte osoan, %100 gutxituko da. Aldiz, nehork erraten duena baina errealitatea dena: garai berean, 2024an, 2023. urteari begira, enkailatze gehiago izan zen. Bistan dena, horien artean, anitzez gutxiago erlazionatu ziren ustekabeko harrapatzeekin [arrantzaren debekua martxan zegoelako], baina kopuruetan, gehiago ziren».

Galdera bat dago zintzilik, beraz: nola hil ziren besteak? «Bai, badira enkailatze batzuk gure harrapatzeei lotuak direnak; gure ahaleginak egiten ditugu ahalik eta gutxienik izan daitezen, baina beste arrazoi batzuk ere badira, eta horien inguruko ikerketa nahikorik ez dute egiten».

«Arriskurik eza ez da existitzen, baina gure helburua hori da; gelditu behar da uste ukaiten arrantzaleak sarraskitzaileak garela: arrantzale batek izurde bat harrapatzen duelarik, ez dio plazerik eragiten, urrundik ere ez». Larzabalek kontatu du 2017az geroztik zientzialariekin elkarlanean hainbat proba eta neurri plantan jarri dituztela «ahal bezainbat gutxitzeko ustekabeko harrapatzeak». Hain zuzen, 2024ko neguko lehen debekuari ihardestean, «delako neurriak eskala handian entseatzea» proposatu zuten jadanik.

Hiru manera balirateke, nagusiki, ustekabeko harrapatzeak saihesteko. Lehena, Dolphin Free dispositiboa: izurdearen ezagutza bioakustiko eta kognitiboetan oinarriturik, soinu berezi bat hedatzen duen kutxa bat da, sareari lotua, izurdeak abertitzeko heldu zaien lanjeraz.

Bigarrena, Pifil dispositiboa: ontziaren azpian jartzen den eta izurdeen urrunarazteko ikertuak izan diren uhinak hedatzen dituen bestelako kutxa bat da.

Eta, hirugarrena, kamerak: denek ez, baina kamera berezi horiek ekartzen ahal dituen ontziak filma ditzake sareetan harrapatu dituenak.

Kalte ordainak

Larzabalek erran duenaz, joan den urtean 290 ontzi geldirik egotera behartuak ziren debekuaren garaian, eta, orotara, 16,5 milioi euro eman zituen Frantziak, kalte ordainetan. Oraingoan hogei milioi euro aurreikusi dituztela iragarri du Parisko gobernuak, baina hutsunerik baratzen da ematen zaien erantzunean: «Portuko arrain saltoki guztiek horien negozioaren zenbatekoaren %50-80 galdu zuten, eta saltoki horiendako edo kooperatibendako berdin, deus ez dute aurreikusirik». Alimaleko diru galtzeak, hots, arrantzako adarrarendako.

Urtarrilaren eta otsailaren arteko garai hori, gainera, arrantzale batzuentzat «garai inportanteenetarik» dela irizten dio Larzabalek: «Mihi arraina, lupia, sardinak... hainbat espezie balio erantsi handia dutenak. Joan den urtean gelditu ginen jadanik, aurten berriz...». Eta heldu den urterako ere arrantza debekua berrezartzea aurreikusi dute dagoeneko, baina, 2027rako espero dute kentzea, Frantziako Itsaso Ministerioak adierazi duenaz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.