Gaurkoan, biharkoak utzita

Neurri murriztaileak itzulita, Donostiako Parte Zaharreko tabernariek zalantzati ikusten dute datorrena. Uda ondo hasi zuten; oraingo kezka, ordea, baldintza berriekin ahalik eta gehien irautea da.

Taberna guztiak itxita atzo arratsaldean, Donostiako Parte Zaharreko Juan de Bilbao kalean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Otaegi Leonet.
Donostia
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Ez dauka aurreko abuztuen antzik, baina Donostiako Parte Zaharrean jendetza dabil. Hala ere, ez dago batere argi nahikoa izango den bertako tabernarientzat, horrekin aurrera egin ahal izango duten. Neurri murriztaileak bueltan dira.

Bretxa plazatik doazenak Gorriti tabernako ate alboan daude esperoan, eserita dauden bezeroetatik zein altxatuko zain. Barrako aulkietan daudenekin dabil lanpetuta Juantxo Perez Irazu arduraduna. «Egoera larri xamarra da, baina zortea daukagu bertako jendearekin lan asko egiten dugulako».

Arrandegi kaleko Nestor tabernan jende dezente dabil. Nestor Morais arduradunak une batez utzi du sutan duen txuleta, datorrenaz mintzatzeko: «Espazio gutxiagorekin, gehiago itxaron behar dute bezeroek. Moldatzen ari gara pixkanaka-pixkanaka».

Halako egun batean gainezka egongo litzateke Sport tabernako ataria; orain, hutsik dago. Luis Albas langilearentzat, «gaizki» doa neurriak aplikatu osteko egunerokoa: «Debekatua dugu kalean aulkiak jartzea. Mahaiak jar ditzakegu, baina zutik ezin denez egon, berdin du jarri edo ez».

Kaleetan jende oldea dabil, baita taberna gehienetan ere. Aulkiak beteta dauden arren, batzuentzat ez da nahikoa aurrerantzean izango dutena nolakoa izango den esateko. Albasen iritziz, kolokan uzten dute neurri berriek Sport tabernaren etorkizuna: «Bezero pilo bat ibiltzen zen taberna barruan zein kanpoan. Orain, aldiz, mahai gutxi batzuk ditugu, eta kitto. Horrela noiz arte jarrai dezakegun? Aste bat, bi, hiru... Ea gauzek hobera egiten duten».

Ziurtasun falta da nagusi hiru tabernariengan. «Ez dakizu bihar zer esango dizuten, zer gerta daitekeen aurrerantzean. Ezin zara arriskatu ere egin», dio Moraisek. Ager daitezkeen gorabeheren aurrean, «egunez egun», geroari askorik begiratu gabe aritzea beste aukerarik ez du ikusten.

Betiko erritmoa balaztatu dute bai pandemiak, bai neurriek, eta, Gorritiko arduradunarentzat, eragin handia izan dute: «Baldintzak gogorrak dira. Lana modu batera egitera ohituta gaude, eta bezeroek haien ohiturak aldatuta, gureak ere aldatu behar izan ditugu. Iraun, iraun... Esaten diguten arte iraungo dugu».

Zalantzati ez ezik, kezkatuta ere badabiltza egunotan. Neurri berriekin taberna aurrera eramatea «ezinezkoa» dela dio Sporteko Albasek. Taberna ahalik eta beteena du, baina jende oso gutxi dabil. Sei mahai besterik ez dute, barrako aulkiez gain.

Gorritiko Perezek ohartarazi du «arazo oso larriak» ari dela pairatzen ostalaritza sektorea, eta askotan jendea ez dela ohartzen zein «gogorrak» diren neurriok tabernarientzat. «Jende askorekin oso zaila da neurriak mantentzea. Burugogor xamarrak dira bezero batzuk, baina gehienek ulertzen dute zein den egoera».

Esertzera behartuta

Perezek bezala, Nestor Moraisek azaldu du orokorrean ondo erantzun dutela bezeroek. Harentzat, zutik egoteko debekuak ekartzen ditu zailtasun handienak: «Espazioa eta distantziak gordetzen diren heinean, berdin du eserita edo zutik egoteak. Halere, ordena gehiago izateko balio du».

«Dezente ondo doa uda. Ez iaz bezala, baina negar ez egiteko moduan. Guretzat nahikoa da. Eta ez dizut kontatuko terrazak dituztenentzat. Haiek ja... Haiena beste kontu bat da», adierazi du Moraisek. Nestorren bizpahiru mahai dituzte kanpoan.

Beste tabernari batzuk ez dira horren baikorrak. Izenik eman gabe, bada korapiloa eztarrian «akabatu gaituzte» aitortu duen tabernaririk ere.

Egunez dabiltzanentzat hainbesterako ez, baina neurriak gauean jarduten dutenentzat «desastre hutsa» direla azpimarratu du Moraisek: «Dramatikoa da ezin dutela ireki esatea; jende askok egiten du lan gauean, eta seko utzi dituzte».

Onera edo txarrera, mahaiak eta barrak jendez josita daude eguerdian, eta zerbitzariak, okupaturik. Tabernariek azaldu dutenez, langile gehienak ari dira lanean.

Sport tabernan hamasei inguru dira, eta oraingoz denak dabiltza betiko ordutegiekin. Gorritin, sei dira guztira, eta, gaixo agiria duen langile bat izan ezik, gainontzekoak pintxoak atera eta atera dabiltza. Nestorren zazpi dira, eta uztailean ireki zutenetik lanean aritu dira.

Uda honetan, besteetan ez bezala, kalean gora eta behera doazenak bertakoak dira inoiz baino gehiago. Espainiarrak eta frantziarrak kenduta, atzerritargutxi ibili da Donostiako Parte Zaharrean, eta hala baieztatu dute hiru tabernariek.

Perezek esan du Gorritin gehienbat etxeko jendea dabilela, eta kanpotarrik ia ez dela ibili: «Kanpotarrak askozaz ere gutxiago etorri dira, baina bezero onak dira, eta zaindu egin behar dira. Frantzia aldetik datozenak dira hemen dabiltzanak».

Ezagunak dira Nestor tabernako txuletak, eta ez dira gutxi bertatik zein atzerritik hura probatzera joaten direnak. Egunotan, aldiz, gertukoak dira gehien doazenak. «Batez ere frantsesak, herbeheretar bat edo beste, aleman oso gutxi. Japoniarrak, ingelesak... horiek zero». Elkarrizketa amaitu bezain laster itzuli da Morais taberna barrura, sutan utzitako txuletari begi kolpe bat ematera, esperoan ditu eta bezeroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.