Pentsiodunen elkarteek garbi dute beren borroka ez dela amaitu, baina baita borroka horretan jarraitzeko elkarren artean batasun handiagoa behar dutela ere. Xede horrekin, lehen aldiz batzarra egin zuten Hego Euskal Herriko lau elkartek, atzo: Arabako Pentsionistak Lanean, Bizkaiko Pentsionistak Martxan, Gipuzkoako Duintasuna eta Nafarroako Pentsionistak Martxan. Aurrerantzean Gaurgeroa koordinakundean batuko dira lantalde horiek. Orain arteko aldarrikapenei eutsi, eta borroka indartzea jarri zuten aurrera begirako helburu.
Lehenengo biltzarra bukatu ondoren jakinarazi zituzten adostutako gaiak Hego Euskal Herriko pentsiodunen elkarteek. Garrantzitsuena Gaurgeroa koordinakundearen sorrera izan zen. Horrek ekarriko du aurrerantzean modu koordinatuan ariko direla Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko elkarteak. Herrialde bakoitzeko biltzarretan aukeratutako 24 kidek osatuko dute koordinakundea, eta lau bozeramaile egongo dira. Herrialde bakoitzak bozeramaile bat izango du, eta bi emakumek eta bi gizonek beteko dituzte lanak.
«Aurretik ere egin izan ditugu bilerak lau herrialdeetako ordezkarien artean», azaldu zuen Jospo Barrutia bozeramaileak. Denaden, atzoko biltzarrak «ofizialtasuna» eman dio aurretik egiten ari zen elkarlan guztiari. Koordinakundeak helburu izango ditu «pentsiodunen mugimendua dinamizatzea, antolatzea, eztabaidak sustatzea eta eztabaida horien ondorioak hedatzea».
Horrez gain, orain arteko aldarrikapenak berretsi zituzten. Pentsioak automatiko igotzea eskatzen dute, prezioen garestitze errealaren arabera. Betiere, kontuan hartuta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa nahi dutela. Haatik, Gaurgeroak ez du pentsioetara bakarrik murriztuko bere borroka. Lan erreforma begiz jota daukate, eta hura bertan behera uztea eta gutxieneko 1.200 euroko soldata ezartzea eskatuko dute, orain arte bezala; emakume eta gizonen arteko soldata eta pentsio arrakala gainditzea ere eskatuko dute.
Mobilizazioei esker
Bozeramaileek nabarmendu zuten garbi dutela «lortutako apurrak» egindako mobilizazioei esker lortu dituztela, eta atzerantz urratsen bat eginez gero pentsioen murrizketak berriro ere indarrean sartuko direla. Argitu zuten astelehenero 13.000 pertsonatik gora biltzen direla gero eta herri gehiagotan. «Zoritxarrez, lortutakoa ez dago bermaturik», azaldu zuen Marian Otxoak. «Estatuak lotsagabeki muzin egiten dio Europako Gutun Sozialak dioenari». Kritika, dena den, ez diote Espainiako Estatuari bakarrik egin. Hego Euskal Herriko bi gobernuei ere egin dizkiete: «Bide beretik doaz, eta ez dute urratsik egin, eskatzen diegun osagarriak abian jarriz, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak lortzeko».
Gobernu horiei galdegin zieten bizi den egoeraren neurriko pentsioak bermatzea. «Exijitzen diegu pentsio duin, publiko, bidezko eta behar bestekoak ezartzea», esan zuen Barrutiak. Era berean, euskal erkidegoen eskumen falta nabarmendu zuten pentsioak bermatzeko. «Ezagutzen dugu eskumen defizita. Horregatik, agertu nahi dugu gure konpromisoa pentsio sistema publikoa eraikitzea ahalbidetuko duen estatus politiko berri batekin».
Apirilaren 13ko eta maiatzaren 11ko mobilizazioetan ahalegin berezia egingo dute langileek, emakumeek, gazteek, eta eragile sindikal eta sozialek parte hartzeko.
Duela hamar urte hasi zuten bidea Arabako, Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko pentsiodunen elkarteek. Besteak beste, osasun alorreko ordainketa partekatuaren aurkako sinadurak batu zituzten, eta herri ekinaldi legegileak aurkeztu zituzten pentsiodunen egoera aldatzeko.
Gaurgeroa, Hego Euskal Herriko pentsiodunen lehen elkartea
Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako talde banak sortu dute koordinakundea. Mugimendua dinamizatzea dute helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu