Gaur hasiko da diru laguntzak eskatzeko epea EAEko ostalarientzat

Bi asteko tartea dagoenez, Jaurlaritzak «lasaitasuna» eskatu du. Nafarroan, aste amaieran jakinaraziko dute noiz hasiko den prozesua

Zerbitzari bat erratza pasatzen, Durangoko Anboto tabernaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalariek gaurtik aurrera eskatu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzak onarturiko azken diru laguntzak. 30 milioi euroko funtsa banatuko du, eta interesdunek hamabost eguneko epea dute eskaera egiteko. Nafarroan, aldiz, data aste amaieran zehaztuko dutela esan du Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak, eta litekeena dela epea abendu hasieran zabaltzea. Hogei milioi euro banatuko dituzte.

Epeena ez da ezberdintasun bakarra izango, laguntzak kalkulatzeko eta banatzeko bi eredu erabiliko baitituzte: EAEn, diru kopuru finkoak banatuko dituzte negozioen langile kopuruaren arabera: hiru langile bitarteko enpresek 3.000 euro jasoko dituzte; lau eta hamar langile artean dituztenek, 3.500; eta hamarretik gorakoek, 4.000. Diru laguntza hauek aurretik jasotako beste batzuekin bateragarriak dira.

Nafarroan, berriz, sistema alemaniarra delakoa erabiliko dute, negozio bolumen galeraren araberako laguntzena, alegia. Ostalaritza negozioen 2020ko lehen bederatzi hilabeteetako BEZaren aitorpena iazkoarekin alderatuko dute, eta %20tik gorako jaitsiera izan dutenek jaso ahalko dituzte laguntzak. Ondoren, bi aldagaiak uztartuko dituzte kalkulu bat egiteko. «Ostalaritza negozioek dituzten gastu finkoak eta eginiko fakturazioa gurutzatzen dituen modelo matematiko baten arabera egingo dugu kalkulua», azaldu du Aierdik. Jaso daitekeen gehiengo kopurua 25.000 eurokoa izango da; gutxienekoa, berriz, «zehazteke» dago.

Jaurlaritzak eskaera ugari espero ditu, eta, ondorioz, ostalariei «lasaitasun» mezu bat bidali die. Aurreratu du eskaera guztiak aztertuko direla, eta iristen diren egunak ez duela prozesua baldintzatuko. Eskaerak tartekatuta aurkeztu daitezen eskatu du, sistema ez dadin «kolapsatu». Eskaerak Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, lurralde bakoitzeko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko bulegoan eta Zuzenean atariaren bitartez egin ahalko dira.

Lau hilabetez irekita

Diru laguntza horiek obligazio batzuei lotuta daude. Esaterako, autonomoak diren eskatzaileek urriaren 25aren aurretik egon behar zuten izena emanda langile autonomoen erregimenean. Aurrera begira, berriz, eta behin negozioak irekitzeko baimena ematen denean, beste lau hilabete egin behar dituzte gutxienez autonomoen gizarte kotizazioa ordaintzen. Epe horretan, halaber, ekonomia jardueren gaineko zergaren erregistroan jarraitu beharko dute. Ordainketa kolpe bakarrean egingo da, eta eskaera onartutzat emango da eskatzaileak ez badu kontrako jakinarazpenik jasotzen hamar eguneko epean. Merkataritza eta Kontsumo Sailak ostalariei nahi beste informazio eskatzeko eskumena du.

Nafarroan dagoeneko jakina da ostatuen barrualdea itxita izango dela gutxienez abenduaren 2ra arte, baina gobernuak esan du terrazak azaroaren 26an irekitzeko aukera aztertzen ari dela. Laguntzei dagokienez, «bizkor» banatu nahi lituzke Aierdik, eta urtea bukatu aurretik iritsi daitezela ostalariengana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.