Nafarroako foru administrazioko eta udaletako 30.000 langile publiko inguruk greba eguna izan dute gaur. Mahai Orokorreko sindikatu guztiek deitu dute grebara, eta 11:30ean aurreratu dute erantzuna «handia» izan dela, nahiz eta ez duten datu osorik. Arratsaldean ere nahiago izan dute daturik ez aurreratu. «Administrazioan datu batzuk lortzea zaila da, zerbitzu ugari eta langile ugari baitaude», nabarmendu du Josu Arraiza LABeko ordezkariak, goizean. Afapnako Yolanda Errok arratsaldean aipatu du «greba arrakastatsua» izan dela. «Oraingoz gobernuaren datuak ditugu baina aurrerago gure datuak emango ditugu».
Nafarroako Gobernuak guztiz bestelako lehen bertsioa eman du. Behin arratsaldeko txandako datuak ezagututa, gobernuaren arabera, administrazio publikoko langileen %13,8k egin dute greba eta Osasunbidean erantzuna apalagoa izan da; %4,8koa.
Zehazki, administrazioan, grebara deitutako 18.471 langileetatik %8 gutxieneko zerbitzuak egitera behartuta zeuden, baina gainerako 16.953 langileetatik 2.337k utzi diote lan egiteari. Osasunbidean, 5.402 langileri ezarri zaizkie gutxieneko zerbitzuak, eta gainerako 3-945 langileen artean 173k egin dute lanuztea. Berez, osasun publikoko langileen %58ri gutxieneko zerbitzuak bermatzera behartu die Osasunbideak..
Ikusi gehiago
ELAko Izai Bujandak gogora ekarri du tokiko erakundeetako langileek ere greba eguna dutela gaurkoa eta lanuzteen datuak falta zaizkiela: «Kalean ikusten ari gara Nafarroa osoko herri txikietako langileak behingoagatik. Gai izan gara bost sindikatuon bitarteaz denak biltzen, azkenean aldarrikapenak oso antzekoak baitira».
Iruñeko Udaleko iturri batek azaldu du udaleko langileen artean erantzuna eskasa izan dela.
Gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak»
Sindikatu deitzaileek kritikatu dute Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan direla. «Nafarroako Gobernuak dituen erakunde autonomoetan nahiko handiak dira, eta ez dago horiek negoziatzeko aukerarik. Ezin izan ditugu negoziatu», salatu du Alabak. Bujandaren arabera, hainbat zerbitzuetan langileen %100ei behartuko diete lanera joatea: «Horrek erakusten du denak direla ezinbesteko, eta ez dute greba egiteko eskubiderik denak direlako funtsezkoak».
Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu «funtsezkoak» diren atalek funtzionatzea bermatzeko, hala nola hezkuntzan, osasungintzan, babes zibilean, suhiltzaileen arloan eta gizarte eskubideetan. Osasunean, ospitaleratuta dauden pazienteei arreta bermatuko zaie, eta aurretik hitzartutako hainbat zerbitzu eskainiko dira —Minaren Unitateko tratamenduak, minbiziari aurre egiteko tratamendu onkologikoak eta hemodialisia—. Osasun Departamentuak ziurtatu du premiazko ebakuntza oro ere egingo dela. Lehen arretan, gutxienez mediku bat, pediatra bat eta erizain bat egongo dira osasun etxe bakoitzean.
Hezkuntzan, ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaria eta ikasketaburua bertan izango dira: Haur eta Lehen Hezkuntzan, gutxienez irakasle bat izango da hiru ikasgelako, eta Bigarren Hezkuntzan, irakasle bat lau ikasgelako. Haur eskoletan, zuzendariaz gain, hiru hezitzaile eta sukaldari bat izan beharko dira nahitaez.

Babes zibilean, arduradunez gain, gutxienez zazpi operadore izango dira goizeko txandan, zortzi arratsaldekoan, eta lau gauekoan. Suhiltzaile parkeetan ere gutxieneko kopuru bat ezarri da: Cordovillako parkean 11 suhiltzaile izango dira gutxienez; Iruñeko Trinitarioetan zazpi eta sei, txandaren arabera; Tuteran, bost; Tafallan, Oronozen eta Lizarran, lau, eta gainerakoetan hiru.
Sindikatuen protestak
Goizean sindikatuek hainbat elkarretaratze eta martxa egin dituzte. 10:30ean, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko langileak Vianako Printzea espezialitate zentroan elkarretaratu dira. Ordu berean, Txantreako Euskara plazan eta Arrosadiko Eraikin Adimendunetan ere bildu dira langile publikoak. Handik bi zutabe joan dira erdigunerantz, Nafarroako Jauregirantz. Ehunka lagun elkartu dira Carlos III. etorbidean, egoitza aurrean.
Sektore guztietako langileen kartelak ikus zitezkeen bertan: Hezkuntzakoak, Osasunekoak, administraziokoak, basozainak... Ismael Garcia basozainaren arabera, langile publikoen estatutua «zaharkituta» geratu da, eta ezin diote behar berriei egoki erantzun: «Nafarroako Gobernuak funtzio publikoko eskumenak ditu baina estatuan ezarritako hainbat kontu ez ditu hemen ezartzen. Adibidez, kontziliaziorako baldintzak». Bere ustez, gainera, «beste erkidegoetako basozainekin alderatuta, soldata apalagoak» dituzte.
«Edonoiz behar dugu baimen bat senide bat zaintzeko edo medikura joateko... Benetan langile publikoek baimenak ziurtatuta egon behar dira»RAKEL ARJOL Hezkuntzako langilea
Rakel Arjol Hezkuntzan egiten du eta uste du beharrezko dela greba gobernuari presio egiteko eta ikusteko «ea benetan betetzen duen estatutua legealdi honetan egiteko konpromisoa». Arjolek onartu du lankide askorentzat gai hori arrotza dela, baina euren jarduneko hainbat konturi eragiten diela, adibidez baimenei. «Edonoiz behar dugu baimen bat senide bat zaintzeko edo medikura joateko... Benetan langile publikoek baimenak ziurtatuta egon behar dira».
Arratsaldean, ehunka lagunek manifestazioa egin dute Basotxotik Iruñeko Sarasate pasealekuraino. Orotara, 800 langile publiko inguru elkartu dira.
Elkarretaratzean zein manifestazioan, greba egiteko arrazoiak gogorarazi dituzte bost sindikatuek. Batetik, langile publikoen estatutua berritzeko negoziazioak korapilatuta daudela eta azken hilabeteetan Nafarroako Gobernuak ez duela borondaterik izan aurrera egiteko. Gainera, salatu dute behin-behinekotasuna %8ra murrizteko helburua urrun dagoela oraindik, eta azken urteetan erosahalmena galdu dutela. Pribatizazioen arriskuaz ere ohartarazi dute. Adierazi dute lan baldintzen hobetzea eta zerbitzu publikoen indartzea estu lotuta daudela.
Nafarroako Jauregiaren aurrean, emandako hitza bete dezala galdegin diote gobernuari. Izan ere, estatutua berritzeko asmo politikoa sinatu zuten gobernuko hiru bazkideek akordio programatikoan. Alabaina, sindikatuekin iaz hasitako elkarrizketetan ez diete egutegirik eman. Sindikatuek uste dute beranduenez urte amaierarako lortu beharko lukeela akordioa Mahai Orokorreko sindikatuekin, legebiltzarretik pasa baino lehen: «Epeak kontuan izanda kalkulatu dugu legea ez bada sartzen ezinezkoa izango dela legealdi honetan betetzea», azpimarratu du Arraizek.
Estatutu berria eta hari lotutako lanbide karrerak, gainera, finantzaketa behar dute eta orain arte gobernuak ez die horren inguruko planifikaziorik argitu. «Horiek ordaintzeko planifikazio ekonomiko bat izateko konpromisoa izan nahi dugu», adierazi dute sindikatuek.
Estatutua berritzeko eskatu dute EH BIlduk eta UPNk
Goiz eta beranduago, estatutuaren erreforma Nafarroako Parlamentura iritsi behar luke. Grebaren aurrean, EH Bilduk eskatu dio gobernuari langileen interesak uztartuko dituen «alternatiba bideragarria» egiteko. Bere ustez, erreformak balio behar luke lanbide profilak eta hizkuntz eskakizunak zehazteko, lan planen definizioan parte hartzeko bideak txertatzeko, administrazio karrera lantzeko...
UPNk eskatu dio Nafarroako Gobernuari «behingoz» erreforma hitzartu dezala. «Denbora daramagu funtzio publikoko estatutua berritzeko eskatzen, baina hamar urte pasatu dira eta ez Txibitek ez eta Barkosek ez dute ezer egin». Bere ustez, estatutuak lanbide karrera hartu beharko luke, eta herritarrei kalitatezko arreta bermatu.
Aldarrikapenak
- Estatutua. Langile publikoen estatutuak haien lan baldintzak hartzen dituen hitzarmen modukoa da eta 1993tik ez da aldatu. Bertan jaso behar lirateke lanbide karrera, aplikazio eremua, langileen sailkapena, baimenak eta eszedentziak, antolamendua, meritu lehiaketak, lanpostu mugimenduak...
- Lanbide karrera. Estatutuari lotuta dago, eta hainbat erkidegok dute. Karrera horizontala, langile publikoek funtzio publikoan gora egiteko baldintzak dira, esperientzian eta jardunean oinarrituak.
- Behin-behinekotasuna. Iazko abendurako %8ra iristeko agindua eman zuen Europako Batzordeak eta %16an dago. Murrizteko konpromisoak galdegin dituzte sindikatuek.
- Soldatak. Azken urteetan soldatak KPIren azpitik igo direla eta erosahalmena galdu dutela diote.
- Bestelakoak. Langile kopurua handitzea, osasun legean Osasunbidearen eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuaren izaera juridikoari eustea, pribatizazioari ateak ixtea...