Heldu den otsailaren 6an trenkatuko da Pirinio Atlantikoetako laborantzako ganberarako lehia. Hiru sindikatu nagusiren artean erabakiko da, FDSEA-JA, ELB eta Coordination Rurale sindikatuen artean. LAB sindikatua ere aurkeztuko da laborantzako langileen hautagai multzoan. Urtarrilaren 15ean ireki zuten bozkatzeko aukera, baina ELBk aste honetan salatu du ez dela bermatu laborariek bozkatzeko eskubidea.
2019ko bozetan FDSEA-JA gailendu zen, botoen %53,98 eskuratuta. ELBk %24,21 lortu zituen; Biarnoko Laborarien Konfederazioak —ELB sindikatu horren Ipar Euskal Herriko adarra da—, %13,19; eta Coordination Ruralek, %8,62.
Ikusi gehiago
Bi manera daude laborantzako hauteskundeetan parte hartzeko: posta bidez eta Internet bidez. Hautesle bakoitzak gutun bat eskuratzen du etxean identifikazio zenbaki batekin, eta hori erabili behar du botoa eman ahal izateko. Arazoa da anitzek ez dutela gutun hori eskuratu.
Hauteskundeak antolatzeko batzorde bilkurak egin zituztenean, ELB sindikatuko kideek prefeturako zerbitzuak abisatu zituzten postak arazoak eman zitzakeela. Izan ere, azken urteetan, gorabeherak sortu dira helbideekin, eta gutun anitz banatu gabe gelditu dira. Prefeturak baieztatu zuen dena kontrolpean zutela, baina ez da hala izan: ELBk jakinarazi duenez, urtarrilaren 24an 900 gutun gibelera iritsiak zitzaizkien prefeturan.
Horiek horrela, leku fisikoak ezarri ditu prefeturak, hautesleak identifikazioa eskuratzera joan daitezen. Baina kokapen eta ordutegien aldetik desegokiak direla erran du Euskal Herriko sindikatuak. Horrez gain, prefeturaren sisteman, leku fisiko horietan kode bat eman beharra zieten hautesleei, ondoren Internet bidez bozka zezaten. Baina mendialdeko eremuetan, laborari guziek ez dute Internetik.
«Bozkatzeko eskubidea eta berdintasuna ez dira errespetatuak. Horrek guziak parte-hartze tasa hondatuko du», salatu zuen ELBk asteazkenean ohar batean. «Disfuntzio horiek guziak onartezinak dira! Prefekturak gardentasuna eta konfiantza bermatu behar ditu hauteskunde prozesuan».
Ipar Euskal Herriko emaitzak
Departamendu mailakoa da laborantza ganbera, eta eremu horretan antolatzen dira hauteskundeak. Baina aspaldiko aldarrikapena da Ipar Euskal Herri mailako emaitzak erakustea. Izan ere, euskal lurraldeetan bozetan gailendu izan dela uste du ELBk. Eskaera horri babesa adierazi diote Peio Dufau, Colette Capdevielle eta Iñaki Etxaniz Ipar Euskal Herriko Fronte Popular Berriko diputatuak, eta baita Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria ere. Prefeturak ezezkoa eman dio eskaerari.