Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Madrilera eta Lisboara egindako bisita batekin abiaraziko du gaur Next Generation plana. Espero denez, Europako Batzordeak ontzat joko ditu gaur estatukide batzuek aurkeztutako inbertsio eta erreforma planak: besteak beste, Espainiarena eta Portugalena. Bi herrialde horiek aukeratu izana ez da kasualitatea; horrela, erakutsi nahi du Bruselak ardura berezia duela hegoaldeko estatuekin, eta, gainera, ontzat jotzen duela haien planak negoziatu izana.
Estatukideen planen onarpena urrats garrantzitsua da Next Generation planean, baina horrek ez du esan nahi dirua orain iritsiko denik. Aurretik, beste onespen bat beharko da: Europako Kontseiluarena, hau da, beste gobernuena. Lau asteko epea dute besteen planak aztertzeko, eta gero bozkatzeko —gehiengo sinplearekin nahikoa da—.
Kalkulatu dutenez, litekeena da lehen milioiak abuztuan iristea. Urtea amaitu bitartean, 80.000 milioi euro banatuko ditu, eta kopururik handienak 2022an iritsiko dira. Baliteke Espainiak 9.000 milioi euro eskuratzea abuztuan, eta beste 10.000 milioi euro abenduan.
Gaur abiaraziko dute Next Generation plana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu