Energia berriztagarrien instalazioak eraikitzeko proiektuak ugaritzen ari dira Euskal Herrian. Mendia Wind enpresak baimena eskatu du parke eoliko bat jartzeko, Gaubean (Araba). Sei haize errota izango lituzke, eta 43,2 megawatteko potentzia.
Araban ere, Gasteizko eta Arratzua-Ubarrundia udalerriko lurretan, hiru parke fotovoltaiko eraikitzeko proiektua aurkeztu du San Miguel ISFV enpresak. Guztira, 6.480 panel izango lirateke, eta lau MWeko potentzia.
Aurreko astean Arabako Aldundiak atzera bota zuen Laminoria izeneko parke eolikoaren proiektua, Arraia-Maeztun, ingurumen arrazoiak direla eta. Eremu horretan egin asmo duten parke fotovoltaiko bat, berriz, baimentzeko aukera handiak daudela aipatu zuen Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, lehengoratu nahi duten harrobi batean dagoelako eta, hortaz, gizakiak eraldatutako eremua delako.
Udan, berriz, Eusko Jaurlaritzaren baimena jaso zuen Labrazako parkeak, Araba hegoaldean. Eta 2023ko maiatzean eskuratu zuen oniritzia Azazetakoak. Batek zein besteak 40 MWeko potentzia dute.
Arabatik kanpo, Urumearen gaineko mendietan, Gipuzkoa eta Nafarroa artean -Hernani, Berastegi, Elduain, Arano eta Goizuetako lurretan-, hamalau haize errota handi jartzeko proiektua aurkeztu du FE Energy enpresak. Baimena jasoko balu, Euskal Herriko parke eoliko handienetako bat izango litzateke. Ehun MWeko potentzia luke Urumeako parkeak, eta hortik gora dago Cavar parkea, Valtierra eta Cadreita artean (Nafarroa), 32 haize errota eta 111 MWeko potentziarekin. Potentzia txikiagoa dute Gerindako mendietan (Nafarroa) elkarren ondoan dauden parke eolikoek, baina 123 aerosorgailu daude han.
Kontratu handia siemens gamesarentzat
Iberdrolaren Britainiako adarrak,
ScottishPower izenekoak, Siemens Gamesari eman dio East Anglia itsasoko parke eolikoa (Ingalaterra) hornitzeko kontratua. Mila milioi librako kontratua da, 1.200 milioi eurotik gorakoa, eta asko lagundu diezaioke Siemens Gamesari oraingo estutasunak gainditzen. 64 haize errota erraldoi jarri beharko ditu, SG 14-236 modelokoak, eta 236 metroko diametroa izango dute palek. Haize errotak Hullen egingo dituzte, Ingalaterra ekialdean.