Gauaren beste albo kalteak

Gobernuek ostalaritzari jarritako baldintza eta debekuek beste sektore batzuei eragin diete; besteak beste, taxilariei eta edari banatzaileei: horrekin loturik, %25 inguru apaldu da haien jarduna

GORKA RUBIO / @FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
«Gauean dabiltzanentzat heriotza agiria da hau». Irmo mintzo da Iñaki Pardo Radio Taxi Bilbaoko kudeatzailea. «Lanik gabe ibili dira azkenengo hilabeteetan; eta burua altxatzen hasiak zirenean, hau». Hego Euskal Herrian ostalaritzari ezarritako debekuez ari da: herenegundik, tabernek eta jatetxeek edukiera eta distantzia neurriak zorroztu behar dituzte, ezin dute bezerorik hartu 00:00etatik aurrera eta 01:00etan itxi behar dute, baita elkarte gastronomikoek ere, eta gazteak ezin dira euren lokaletan egon. «Hortaz, amaitu da gaueko aisialdia».

Erabaki horren albo kalteak nabarituko dituzte taxilariek, baina ez dira bakarrak izango. «Nik bederen zerbait fakturatzea lortu nuen atzo; beste ofizio batzuetakoek, ezer ez», azaldu du Iruñeko Teletaxi San Fermineko Cesar Mendezek. «Artistez eta teknikariez gogoratu nintzen. Gauean jende askok egiten du lan».

Baita gauerako ere: edarien saltzaileek, esaterako: %25 inguru gutxitu dira haien salmentak krisia hasi zenetik, Josean Sancho Adisbask ostalaritzarako banatzaileen elkarteko presidentearen arabera. «Beraz, pentsa zenbat eroriko diren debeku hauen ostean». Haren esanetan, ostalaritzaren sektorea neurtzeko «termometro egokiena» da haiena.

Elkartearen datuen arabera, iazko ekainean zeudenen %91k ireki dute. «Kopurua ez da txarra, martxoan pentsatzen genuenaren aldean». Baina zabaldu ez dutenei gehitu behar zaizkie oraingo neurriekin itxiko dutenak, eta irekiko ez diren negozio berriak—Sanchoren arabera, urtetik urtera %10 inguru—. «Beraz, kezkatzekoak dira datuak». Beste kontu batez ere ohartarazi du: eskarien ordainketak bi astez edo hilabetez atzeratzeko eskatzen duten ostalarien kopurua «nabarmen» handitu dela azken asteetan.

Taxilarien sektorean, berriz, Pardok azaldu du %40 inguru izaten ari direla galerak, egunez eta gauez aritzen direnak kontuan hartuta, baina %80koak ere badaudela, lan eremuaren eta txanden arabera. Bilbon eta Iruñean lizentzia dutenen %20 inguru aritzen dira gauean: guztira, 100 eta 200 taxi inguru, hurrenez hurren, eta batzuk gehiago asteburuetan. Pardok azpimarratu duenez, azken bost hilabeteetan «izugarri» gutxitu da haien jarduna. COVID-19a agertu aurreko ohiko asteburu batean, 25-30 bidaia egiten zituen taxi batek gauero Bilbon; aurrekoan, 5-10 izan ziren. «Ea asteburu honetatik aurrera zer gertatzen den: guretzat ona da ordu horietan garraio publikoa kendu izana, baina etxeetara afaltzera doazenekin-eta nekez iritsiko gara lehengora».

Edari saltzaileentzat ere ordu horietako aisialdia funtsezkoa da. Sanchok ez du datu zehatzik, baina gauean hartzea ohikoagoak diren edarien eskarietan jaitsiera handia nabaritu dutela dio. Bestelakoetan, emaitzak udazkenean ikusiko dituztela, «terrazak kentzean: orduan etorriko da okerrena».

Udazkenari begira

Taxilariak hasi dira ondorioak nabaritzen. «Gutako asko goizeko txandara pasatu dira». Gertatzen ari dena, baina, ez da berria haientzat. 2008ko krisitik nabari dute gaueko zerbitzuen jaitsiera. «Izugarria izan zen, eta ez da berreskuratu. Jende gutxiago ateratzen da, eta ordu horietako garraio publikoa ere asko hobetu da».

Egun, bereziki, egunekoak ematen die etekin gehien, baina ez hirietan mugitzen diren bezeroengatik. Euren jardunaren %70 osatzen dute aireportu eta enpresetakoek; turismoa egitera eta lanera datozenek. Bidaiarien jaitsiera eta telelanaren eta gisako neurrien ondorioak ere hasi dira nabaritzen. Mendezek azpimarratu duenez, «kalearen termometroa» dira, «eta ez bakarrik aisialdiarena». Pardok ohartarazi du taxilari batzuentzat «eutsiezina» dela egoera. «Askok ezin dute jarraitu: lizentziarako eta mantentze gastuak pagatzeko adina ez dute lortzen, eta badakigu krisia luzerako dela».

Nafarroako hiriburuan, bi taxilaritik bat ari da lanean gaur egun. Hala egon ziren konfinamendu garaian, eta alarma egoera kendu zenetik sanferminak igaro arte denek aritzeko baimena jaso bazuten ere, ordutik %50ean dabiltza, irailera arte. «Orduan hasiko gara denak, eta orduan ikusiko da nahikoa lan badagoen; ez dut uste».

Bilbon bestela izan da itzulera. Konfinamendu garaian %60-70 inguru aritu ziren. Autonomoentzako langabezia saria jaso zuten besteek, eta lanean jarraitu zutenen %80 inguruk gobernuen diru laguntzak eskatu zituzten. Aukera hori izan zuten diru sarrerak %70 baino gehiago jaitsi zitzaizkiela frogatu ahal izan zutenek. Autonomoen kuota ordaintzeko laguntza ere badute, irailera arte.

Iruñean ez bezala, Bilbon erakundeek ez zuten erregulaziorik ezarri konfinamendua kendu baino egun batzuk lehenago arte. Eta handik egun gutxira, alarma egoera kendu zutenean, denek izan zuten aukera lanera irteteko. «Baina lan gehiago zegoen arren, ez zen nahikoa, eta fakturazioak asko apaldu ziren», azaldu du Pardok. Orain denak ari dira lanean.

Adisbaskek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 44 enpresa inguru biltzen ditu, eta 1.000 langile inguru. Krisia hasi zenetik, behargin gehienak aldi baterako lan erregulazio partzialetan daude. Espediente horiek, baina, kolokan daude. Isiltasun administratiboa jaso zuten erantzun gisa; banatzaileak direnez, oinarrizko zerbitzu gisa har daitekeelako haien jarduna. Administrazioak edozein momentutan berrikus ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.