Gatika eta Cubnezais arteko kablearen lanak urte amaierara arte eten ditu Baionako Ingurumen Auzitegiak

Hiru ingurumen elkartek salatu dute urpeko kablearen eraikuntzak kalte egiten diela itsasoko ugaztunei, eta arrazoia eman die epaileak. Lanen behin-behineko etenak Landetako eta Pirinio Atlantikoetako tarteari eragingo dio.

Gatikako azpiestazio elektrikoa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gatikako azpiestazio elektrikoa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2024ko abuztuaren 15a
15:55
Entzun

Berez datorren urtean amaitu behar zuten Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Gironda, Akitania Berria, Frantzia) arteko goi tentsioko linea, eta eraikuntza lanek dagoeneko bizpahiru urte iraungo duten arren, badirudi beste behin ere mantsotuko direla: lau hilabetez horiek etetea agindu du Baionako Ingurumen Auzitegiak. Uztailaren hondarrean, hiru elkarte ekologistak —Frantziako Sea Shepherd, Landes Aquitaine Environnement eta Defense des Milieux Aquatiques— salatu zuten lanetan erabiltzen diren sonarrek kalte egiten zietela itsasoko ugaztunei, eta arrazoia eman die epaileak. Erabakiak Landetako eta Pirinio Atlantikoetako tarteari eragingo dio soilik.

Urgentziazko erabakia izanagatik ere, behin-behinekoa da, eta RTE Reseau Transport d'Electricitek hamabost egun ditu helegitea jartzeko. Auzitegiak kautelazko neurriak ezartzea eta ikerketa bat abiatzea galdegin dio: ugaztunak sonarretatik gutxienez 750 metrora egotea, horietatik gertu ez daudela bermatzen duen behartzaileak jartzea, eta sonarrak martxan direnean ugaztunak alden daitezen dezibelak mailaz maila igotzea; ikerketari dagokionez, berriz, ingurumen eragina aztertzea agindu dio. RTEk hilabeteko epea du eskaria betetzeko; hala egin ezean, 10.000 euroko isuna jarriko diote hura betetzen ez duen eguneko.

Hasierako asmoa Cubnezaisetik Gatikaraino 400 kilometroko bidea urpetik egitea zen, baina arazo geologiko batzuk direla medio, alde batera utzi zuten 2020an Capbretongo itsas arroilan zulatzeko ideia. Hala, Seignosse eta Capbreton (Landak, Akitania Berria, Frantzia) hirien arteko tartea, 27 kilometrokoa, lurretik egitea erabaki zuten. Trantsizio Energetikorako Ministerioak iazko irailean erabilgarritasun publikoko izendapena onartu zuen, eta azaroan hasi ziren lanak Landetan.

Lurreko trazadura aurkeztu zenetik bi udalak kablearen ibilbidea aldatzen ahalegindu dira, herritarrengan eragin ahalik eta txikiena izan dezan goi tentsioko lineak: Pierre Pecastaings Seignosseko alkateak, elkarte ekologisten eskariekin bat eginez, kablea A63 autobidetik hurbil igarotzearen alde egin du; Patrick Lacledere Capbretonekoak eskatu du linea hiritik ekialdeako igaro dadila, eta hegoalderago urperatu. RTEren lurreko proiektuaren kontra helegiteak aurkeztu zituzten bi udalek iaz; auzitegietan biderik ez zuten egin horiek, eta, azkenean, RTEk udalen iritzia kontuan hartu gabe abiatu zituen lanak, proiektuaren gaineko «kontsentsurik gabe».

Elkarte ekologistek ere horren kontra egin zuten iaz. Stop THT 40k —orain Landes Aquitaine Environnement—, esaterako, CNPN Natura Kontserbatzeko Kontseilu Nazionalaren gomendioei jarraikiz, lanak behin-behinean bertan behera uzteko galdegin zuen helegite bidez, Bordeleko Auzitegi Administratiboan. Goi tentsioko linea guztiz lurrekoa izatea eskatzen dute, lehendik badauden azpiegiturak erabiliz.

2.850

Proiektuaren kostua, milioi eurotan Gatika eta Cubnezais arteko kableak denbora zeraman geldirik, pandemiagatik eta gainkostuengatik batez ere: aurrekontua hasierako 1.750 milioi eurotik 2.850 milioi eurora igaro da (+%63). Bi arrazoik eragin dute hori: Capbretongo urpeko arroila saihesteko lurreko trazadurak eta lehengaien prezioak igotzeak.

Lanak Espainiako REE eta Frantziako RTE argindar sareen kudeatzaileek osatutako Inelfe sozietatea ari da egiten. Kablearen helburua da bi herrialde horien arteko lotura elektrikoa 2.800 MWetik 5.000 MWera handitzea, hau da, ekoizpen gaitasunaren %3tik %5era igarotzea.

Bizkaian, zehazki, kableak hamahiru kilometro egingo ditu, Gatikan, Maruri-Jataben eta Lemoizen. Kableak ez du hirigunerik eta errepiderik zeharkatuko, eta baso bideen azpitik joango da zatirik handienean. Gatikan Lemoizko zentral nuklearrarentzat sortu zuten azpiestazio elektriko bat dago, baina haren ondoan ari dira beste bat eraikitzen: lauzpabost hektarea hartuko ditu, eta hogei metro garai izango da. Girondan, berriz, 80 kilometro egingo ditu kableak azpiestazio elektrikotik urperatu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.