Gastu erreala murrizteko prestatzen ari da Nafarroako Gobernua

Lopez bozeramaileak garrantzia kendu dio gastua murrizteko Airefek egin dion oharrari, baina azaldu du arduraz jokatuko dutela aurrekontu proiektuan.

Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko bozeramailea, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko bozeramailea, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Iker Aranburu.
2024ko abuztuaren 28a
19:00
Entzun

Iraila iristearekin batera lana pilatzen zaie gobernuetako arduradun ekonomikoei, hurrengo urteko aurrekontuak prestatzeko eta proiektu bat aurkezteko ordua baita. Zergetan bilduko denaren eta gastatuko denaren —edo gastatu nahi denaren— kalkulua egitea inoiz ez bada gauza erraza, aurten pixka bat zailagoa egingo duen faktore bat badago: COVIDaren eta inflazio handiaren garaiak igarota, kontuak orekatzeko agindua berriro indarrean egongo da. Hau da, gerrikoa estutzeko garaia iritsi dela, edo, gutxienez, gerrikoa gehiago ez lasaitzekoa.

Testuinguru horretan, administrazio publikoen gaineko presioa handitzen ari da Airef, Ardura Fiskalerako Agintaritza Independentea. Austeritate zorrotzaren urteetan, 2013an, eta Europako Batzordearen aginduz Espainiako Gobernuak sortutako erakunde bat da Airef, administrazioei gogorarazteko kontuak orekatu egin behar dituztela. Haren aholkuei jaramon handirik ez diete egin azken urteetan, krisi urteetan aurrekontu diziplina bazterrean utzi izan dutelako EBko gobernuek eta Bruselak berak, baina haizea aldatu egin da, eta uztailaren 30ean Airefek kaleratu zuen txosten batek hautsak harrotu ditu orain Nafarroan.

Txosten horretan, Airefek urteko bigarren hiruhilekoan egindako gomendioei autonomia erkidegoei emandako erantzunak aipatu ditu, eta errieta egin dio Nafarroako Gobernuari. Izan ere, Airefek dio Maria Txibiteren gobernua ez dela ari betetzen gastuaren araua; iaz baino %8,6 gehiago gastatzeko bidean dagoela esan du, nahiz eta gehienez %2,6 handitu beharko lukeen. Txosten horretan, Jaurlaritza ere aipatu du Airefek; kexu da ez diola esan aurten gastua zenbat handituko duen, eta ohartarazi dio gastuaren araua hausteko arriskua duela.

«Ohar generikoa»

Airefen oharrari garrantzia kendu dio gaur Nafarroako Gobernuak, esanez «administrazio guztiei egindako ohar generikoa» dela. Airefek, nolanahi ere, Nafarroaren kasua azpimarratu du, hura eta Kanarietako Gobernua izan direlako gastu araua bete egingo dutela agindu ez duten bakarrak.

Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko eledunak, ordea, nabarmendu du Espainiako Gobernuarekin negoziatu behar duela zein den gastu araua. «Airefek bere ikerketak egiten ditu, baina [Espainiako Ekonomia] Ministerioa da arlo hori kontrolatu behar duena, eta ez du Nafarroari buruz ezer esan». Gainera, gogorarazi du Nafarroak datu onak dituela defizitean eta zor publikoan, eta aurrekontu kontuetan «zuhurra» dela. «Arduraz jokatu dugu azken bost aurrekontuetan, eta seigarrenean hala egiteko ari gara lanean», esan du, baina, galderei erantzunez, uko egin dio esateari aurrekontu politiko malgua amaitu denik.

«Airefek bere ikerketak egiten ditu, baina [Espainiako Ekonomia] ministerioa da gastua araua kontrolatu behar duena, eta du Nafarroari buruz ezer esan» AMPARO LOPEZNafarroako Gobernuko bozeramailea

Baina hori da, praktikan, ziur aski gertatuko dena. Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak aste gutxi barru aurkeztuko du 2025erako gastu sabaia —gehienez egingo duen gastua, zorraren eta haren interesen ordainketa aintzat hartu gabe—, eta oso igoera txikia espero da, %1 ingurukoa, eta inflazioaren azpikoa. Horrek, praktikan, ekarriko du gobernuaren atal gehienek gutxiago izatea gastatzeko eta inbertitzeko datorren urtean, langile publikoen soldatak —kontuen atalik garrantzitsuena— inflazioaren arabera igoko direlako, eta %3 inguruan ibiliko delako.

Gainera, azken urteetan aurrekontuak gizendu dituzten Europako Batasuneko Next Generation funtsetatik diru gutxiago iritsiko da, eta horrek gastu erreala gehiago apalduko du. Aurten, funts horietatik 178 milioi erabiliko dituela kalkulatu du Iruñeko gobernuak, baina horren erdia espero du datorren urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.