Gasteizko SDA Factoryren itxiera deslokalizazio bat dela salatu dute langileek

Enpresa likidatzea da arduradunen asmoa. Langileek diote enpresa bideragarria izan daitekeela. Arabako Foru Aldundiaren aurrean protesta egin dute, eragile politikoen inplikazioa lortu nahian.

SDA Factory-ko langileak, protestan, Arabako Foru Aldundiaren aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU
SDA Factory-ko langileak, protestan, Arabako Foru Aldundiaren aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko urtarrilaren 17a
15:00
Entzun

SDA Factory etxeko tresna txikien egilea hartzekodunen konkurtsoan sartu zen duela hilabete, baina tarte honetan haren egoerak ez du hobera egin. Aurreko astean, enpresako zuzendaritzak lantegia likidatzeko asmoa berretsi zion enpresa batzordeari, eta gero eta ezkorrago daude langileak. Arabako Foru Aldundiaren aurrean batu dira gaur, haien ustez deslokalizazio bat dela salatzeko.

Fernando Mendiola langile batzordeko buruak azaldu duenez, zuzendaritzak dio ezin diela aurre egin azken urteetan pilatutako galerei, baina langileen ustez «aldez aurretik pentsatutako estrategia» baten ondorioa da itxiera: «Hala erabaki dutelako dago enpresa egoera honetan. Ez dute lan kargarik ekarri nahi izan, eta enpresaren balio guztiak galtzen utzi dituzte».

B&B Trends Kataluniako taldea da enpresaren jabea, 2018an BSHri erosi zionetik. Orduan ia 250 langile zirela oroitu du Mendiolak, eta enpresak irabaziak zituela. Baina B&Bk beste lantegi bat dauka Bartzelonan, eta hara bideratu du negozioa. Adibide bat jarri du langileen ordezkariak: «Gurean ingeniariak kaleratzen zituzten bitartean, Katalunian kontratatzen ari ziren». Egun 55 langile dira.

Horregatik, deslokalizazio egoera bat dela diote. Protestan SDA Factory ez dute itxiko, eraman egingo dute zioen pankarta bat erakutsi dute. «Bi eskari ditugu. Bete beharko dituzte, Bartzelonan bada ere», gaineratu du Mendiolak.

«Hala erabaki dutelako dago enpresa egoera honetan» 

FERNANDO MENDIOLA SDA Factory-ko langile batzordeko burua

Langileen arabera, zuzendaritzak lege iruzurra egin duela frogatzen saiatuko dira. Alabaina, aitortu dute ez dutela egoera iraultzeko esperantzarik.

Langileak egoera «larrian» geldituko direla salatu du Mendiolak. Azken urteetan, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak kateatu dituzte, eta, ondorioz, prestazioak bukatu zaizkie. Gainera, lantaldearen batez besteko adina handia denez, zailagoa izango dute lanera itzultzea. Abenduko soldata eta Gabonetako ordainsaria zor dizkiete langileei.

Politikariei deia

Propio erabaki zuten Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkartzea, arduradun politikoak ere inplikatu nahi baitituzte euren alde. Mendiolak txarretsi du behin baino gehiagotan eman dietela politikariei egoeraren berri, baina ez dutela erantzunik jaso. Eusko Legebiltzarrera ere joatekoak dira.

Alderdi politikoekin bildu nahi dute, «deslokalizazio hau, industria sarearen degradazioa eta aditu ihesa ekiditen saiatzeko». Eta galdera bat ere egin diete: «SAD Factory baliabide publikoez baliatu da, eta milaka euroko dirulaguntzak jaso ditu. Erreklamatuko ote dizkiote?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.