Aste txarra izan da hau Euskal Herrian etxetresnak ekoizten aritzen diren azken langileentzat. Astelehenean jakin zen BSHk ekainean Ezkirozko lantegia (Galar, Nafarroa) ixteko asmoa duela, eta 650 langile kalean geratuko direla. Orain jakin da balitekeela beste batzuek ere bide bera hartzea, hala nola Gasteizko SDA Factoryko 55 langileek. Ufesa zenaren oraingo jabeak, B&B Trends Kataluniako konpainiak, hartzekodunen konkurtsoan jarri du.
Zuzendaritzak asteartean jakinarazi zien langileei jada jo duela auzitara, ezin zielako gehiago aurre egin azken urteetan izandako galerei.
Lisatzeko gailuak egiten ditu SDA Factoryk, Gasteizko Ehari-Gobeu industrialdean. Ufesa zenak sortu zuen lantegia, eta oraindik haren marka erabiltzen dute handik irteten diren produktuetan. Aurreko jabea BSH bera zen, baina B&B Trendsek erosi zuen 2018an. Aurretik, 2004an, Alemaniako multinazionalak Ufesaren beste lantegia itxi zuen, Etxarri Aranazkoa (Nafarroa).
B&B Trendsen menpeko urteak ez dira errazak izan Gasteizko lantegian. BSHk saldu zuenean, 240 behargin aritzen ziren han, baina 55 baizik ez daude gaur egun. Azken lau urteetan enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak kateatzen aritu dira, eta hala daude gaur egun ere.
«Badirudi heriotza iragarri bat izan dela hau: produktuak beste lantoki batzuetan ekoizteko erretiratzea, I+G unitatea desegitea, langileak kaleratzea, erregulazioak ezartzea... Etorkizuna baduen proiektu industrial bat zaborretara bota dute»LAB
LABek azaldu duenez —sindikatu horrek du gehiengoa enpresa batzordean—, erregulazioa luzatzeko kontsulta aldia izango zenaren hirugarren bileraren atarian, zuzendaritzak posta elektroniko bidez jakinarazi zien enpresa konkurtsoan sartu zela. «Komunikazioa tamalgarria eta miserablea da. Erabakia ez al zuten hartua luzapena negoziatzen hasi aurretik? Nola jarrai dezakete jendearekin horrela jolasten?».
Konkurtsoaren bidez epe bat irekiko da enpresa salbatu asmo duen inbertitzaile bat aurkitzeko, baina, hala ere, sindikatuak uste du enpresa ixteko erabakia hartuta dagoela jada, eta B&B Trends-i egotzi dio erantzukizuna. «Badirudi heriotza iragarri bat izan dela: produktuak beste lantoki batzuetan ekoizteko erretiratzea, I+G unitatea desegitea, langileak kaleratzea, erregulazioak ezartzea... Etorkizuna baduen proiektu industrial bat zaborretara bota dute».
Ufesa «punta-puntako» enpresa bat zen, LABen hitzetan, eta «dirua poltsikoratzea beste helbururik ez duten multinazionalen diru goseak bota du zaborretara». «Euskal industria ehunaren desegitearen adibide argi eta garbia da», gaineratu du, eta, bestalde, elkartasuna adierazi die Ezkirozko BSHko langileei.
Azken urteetan aldi baterako erregulazioak ezarri ondoren, langileak «egoera dramatikoan» daude, gehienei jada bukatua baitzaie langabezia saria. Adineko langile asko daude, baina baita erretiro aurreratua hartu ahal izateko gutxieneko kotizazio urteetara iritsi ez diren emakume langileak ere.
Langileak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan bilduko dira etzi eguerdian, protesta egiteko.
BSHkoak, gobernuarekin
BSHko langileek, berriz, gaur hasi dituzte Ezkirozko lantegiaren itxiera gerarazten saiatzeko protestak. Nafarroako Parlamentuaren aurrean batu dira, eta azaldu dute mila lanpostu inguru daudela kolokan, BSHko 655 langile propioei gehitu baitizkiete lantegiaren hornitzaileak eta hari zerbitzuak ematen dizkietenak.
Langileen ordezkariek eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta enpresari ixtea ez ezik beste aukera batzuk ere planteatzeko. Eskaera hori zuzenean egin ahal izan diete geroago Mikel Irujo Industria kontseilariari eta Carmen Maeztu Enplegu kontseilariari, eta harrera ona egin diete. Enpresaren etorkizunaren alde lan egingo duela agindu du Irujok, «izan baduelako» etorkizunik. BSHk bere asmoak adierazteko modua kritikatu du Irujok, eta haiekin negoziatzeko bitartekari bat izenda dezala eskatu.
Irujok esplikatu du Nafarroako Gobernuak 140.000 euro eman dizkiola BSHri energia eraginkortasuna handitzeko, eta, esan duenez, lantegia itxiz gero bueltan eskatuko dizkio, deslokalizazio legeak hala egitea baimentzen duelako.
Fernando Mendiola
Langile batzordeko burua
Ezustean harrapatu zaituzte erabakiak?
Espero genuen erabaki mingarriak hartuko zituztela, baina engainatu egin gaituzte. Argi eta garbi.
Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea luzatzeko negoziazio prozesu bete-betean geundela jakin dugu enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu dela. Egunak ziren erabakia hartua zutela, baina antzerkia egin dute, erabateko lotsagabekeriaz. Zoritxarrez, muntaketa hutsa izan da.
Zer esan dizuete arduradunek?
Bazkideek diote dena probatu dutela, baina hori baldin bada dena... Ez dira ezertan saiatu. Planifikatuta zuten enpresa deuseztatzea, eta hala egin dute.
Deslokalizazio kasu bat dela diozue.
Enpresa ez dute itxiko, beste leku batera eramango dute. Bartzelonara, zehazki. Sinetsita gaude zuzendaritzaren eta jabeen artean neurtutako operazio bat izan dela. Kontaktu onak dituen enpresari kataluniar baten altzo txakurra besterik ez da zuzendaritza.
SDA Factoryk etorkizunik badu?
Benetako gogoa balego, egin liteke errentagarri. Baina arduradunek ez dute batere inbertitu enpresan, eta talentuari joaten utzi diote. 2018. urtean 260 langile izango ginen lasai asko, eta orain, 50 bat izango gara. Askotariko produktuak ekoizten genituen lehen, ehun patente baino gehiago genituen erregistratuak, plantxen arloan erreferenteak ginen mundu osoan... Pandemia garaian urteko enpresaren saria irabazi genuen; izan ere, mundu guztia ezinean zebilenean gu bete-betean genbiltzan, langileak kontratatzen. Eta, bat-batean, beste muturrera pasatu gara. Hau erabaki hausnartua izan da, eta BSHren oniritzia izan du.
Zergatik diozu hori?
BSH beste multinazional bat da, gure jabe nagusia izandakoa. Marka saltzea erabaki zuten. Nahiago izan zuten merke saldu eta itxierak Bosch markari kalte egitea saihestu, langileei kalte ordainak eman baino.
Bezeroak badaude?
Hainbat eskari ditugu zorroan, Kanadatik eta Suediatik eginak. Badakigu eskari horiek aurrera aterako direla, baina ez hemen. Horregatik diogu ez dela itxiera bat, deslokalizazio bat baizik.
Hainbat diru laguntza jaso ditu SDAk.
Badakigu enpresak milaka euro jaso dituela diru laguntza publikoen bidez. Bitxia bada ere, adibidez, Ikerketa eta Garapenerako diru laguntzak jaso ditu enpresak, eta ez dugu halako alorrik. Urtebete baino gehiago izango da alor horretako azken langileak utzi gintuela.
Nola zaudete langileak?
Ezinegonak jota gaude. Laguntza guztiak agortu ditugu. Urteetako lanari esker pilatutako dirua fartsa bat bilakatu den industria proiektu baten mesedetan sakrifikatu dugu. Gainera, lana topatzeko esperantzarik ez dugu. Lantaldearen gehiengoak 40 edo 50 urte ditu, batzuek 60 ere bai. Horiek ia ez dute aukerarik lanera itzultzeko.
Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?
Saiatuko gara frogatzen planifikatutako deslokalizazio kasu bat dela hau, baina zaila izango da, ebidentzia guztiak ondo ezabatuko dituzte eta. Gainerakoan, gaur batzarra egin dugu, eta erabaki dugu urte hasierarekin batera mobilizazioak hastea.