Autogintza

Gasteizko Michelin 11 egunez egongo da itxita abenduan

Eguberrietako jaiegunei bost eguneko etenaldia batuko zaie, gurpil erraldoien ekoizpen lineetan. Langileen batzordeak susmoa du neurriak zerikusia duela hitzarmen berriaren negoziazioarekin.

Langileak Michelinen fabrikatik irtetzen. JUANAN RUIZ / FOKU
Irune Lasa.
2019ko azaroaren 19a
19:29
Entzun

Obra publikoetako, ingeniaritza lan handietako eta meatzaritzako ibilgailuetarako gurpil erraldoiak dira Michelinen Gasteizko lantegiaren ekoizpenik garrantzitsuena. Zuzendaritzaren arabera, gurpil berezi horien eskaria murriztu egin da aurten, eta datorren urtean are gehiago apalduko da. Horregatik, Michelinek erabaki du abenduan lana bost egunez etetea gurpil erraldoien ekoizpen lineetan. Bost egun horiek abendu amaierako jaiei batuko zaizkie, eta, ondorioz, guztira 11 egunez egongo da fabrika itxita, abenduaren 20tik 31ra.

Etenaldiak 1.700 langileri eragingo diela kalkulatu da —3.500 behargin ari dira Michelinen—, baina haiek ez dute igarriko aldaketarik soldatetan, halako ekoizpen gorabeheretan indarrean sartzen baitira euren lan baldintzetan ezarritako malgutasun neurriak. Ondorioz, egun horiek opor izango dituzte; urteko oporrak beteak dituztenek, berriz, gero enpresari itzuli beharko dizkiote abendu bukaerako opor egun berri horiek.

Enpresa batzordeko ordezkariek Efe agentziari adierazi diotenez, ekoizpen etenaldi hori lotuta egongo litzateke lan hitzarmen berrirako negoziazioekin. Gogoratu dute 2012. urtean ere, langileak eta zuzendaritza lan baldintzak negoziatzen ari zirela, enpresak soilik hilabete batzuetarako ekoizpena programatu zuela. Eta hitzarmena sinatu eta gero, "ekoizpen betean" aritu ziren. Sindikatuek diote "egoera orokorra ona ez bada ere", ez dela horren "larria", eta zuzendaritzaren negoziatzeko estrategia aipatu dute.

Gurpil erraldoien ekoizpena eten egingo bada ere, autoentzako ibilgailuen produkzioa ez da murriztuko; alderantziz, abenduaren 6ko eta 7ko jaiegunak ere lanegunak izango dira linea horietan.

Ekoizpen txikiagoa VWn

Bestalde, atzo jakin zen 2020. urtean Landabengo (Nafarroa) Volkswagenen fabrikak aurten baino 14.000 auto gutxiago ekoitziko dituela. Hala ere, bere historiako bosgarren produkzio handiena izango da. VWko zuzendaritzak langile batzordeari azaldutako asmoen arabera, lantegiak aurten baino T-Cross noranahiko gehiago egingo ditu, 180.000; eta Polo gutxiago, 126.000 ale.

Hirugarren auto eredua —CUV Crossover Utility Vehicle autoa— ekoizteko muntatze kateetan hobekuntzak ere egin behar dituzte hurrengo urtean Landabengo lantegian. Lan ia guztiak uztailean egitea nahi du zuzendaritzak, eta horretarako, langileen oporrak uztaileko lau astetan bildu nahi ditu. Orain arte, normalean oporrak abuztuan egin izan dituzten beharginek.

CUV berria egin ahal izateko fabrikan egin behar diren moldaketetan 145 milioi euroko inbertsioa egingo du Volkswagenek. 2020. urteko irailerako autoaren aurreserieak iritsiko lirateke, eta serieko lehen autoak 2021eko sanferminen ostean hasiko lirateke ekoizten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.