Gasteizko Alumafel itxiko dute eta lanik gabe geldituko dira 23 langile

Aluminioaren sektorean dihardu 70eko hamarkadatik.ELAren arabera, multinazional jabeak sekula ez du interesik erakutsi lantegia sustatzeko

Jundizko industrialdean dago Alumafel lantegia. BERRIA.
Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Asteazkeneko argigunea azkar ilundu da Araban. Gestampek Rivabellosan lantegi bat irekitzekoasmoa zuela iragarri zuen asteazkenean; 14, 3 milioiko inbertsioa egingo duela eta 100 langile kontratatuko dituela. Baina, Aernnova enpresako albistea iritsi zen herenegun. Konpainiak kaleratze kolektiboaren aurretiko abisua eman zien Berantevillako lantegiko langileei; 150 langile kale gorrian gelditzeko arriskuan daude.Azken trumoi hotsak, atzo: Gasteizko Alumafel Industrial enpresa itxiko du Sapa Building Systems Iberia multinazionalak. 23 lagun geldituko dira lanik gabe.

Gasteizko lantegiak 40 urtetik gora daramatza aluminioaren sektorean lanean. ELAk salatu du multinazionalak sekula ez duela «begi onez» ikusi, eta ez duela «interesik erakutsi» hura sustatzeko: «Urteko 8 milioi euroko irabaziak izan arren, ez ditu kontuan hartu bere 23 langileak».

Hitzarmen bakarra, irailean

Lan Harremanen Kontseiluak atzo argitaratu zuen iraileko txostena, eta datuek erakusten dute negoziazio kolektiboak blokeatuta jarraitzen duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Abuztuan sektorekako hitzarmen bat bera ere ez zen sinatu, eta irailean bakarra: Arabako elikaduraren merkataritzakoa, 1.873 pertsonari dagokiena. Enpresako hemeretzi itun ere izenpetu ziren (1.038 langile), eta Espainian sinatutakoa izanagatik, hiru lurraldeetako 1.425 langilerengan eragina izango duen Iberdrolako hitzarmena ere bai. Oro har, langileen herenek soilik dituzte eguneratuak bere lan baldintzak.

Azaroaren 16an, lan harremanak nolakoak izan beharko luketen azaltzen duen txostena azalduko dute patronalek Elkarrizketa Sozialaren Mahaian. Eusko Jaurlaritza, Confebask eta CCOO eta UGT biltzen dira mahai horretan, baina ez ELA eta ez LAB.

Txostenaren berri Iñaki Garcinuñok eman du, Cebek Bizkaiko patronaleko buruak, Euskadi Irratian. Azaldu du lan harremanetan kontzeptu berriak barneratu nahi dituztela patronalek, hala nola elkarlana, inplikazioa, konpromisoa eta lan malgutasuna. Garcinuñoren hitzetan, «inplikazioak eta konpromisoak soldatetan isla izan beharko lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.