Kexua fenomenoa bera bezain zaharra da, baina gertatzen den bakoitzean sumintzen du kontsumitzailea. Petrolio upela merkatzen denean, gasolindegietan ez da berehala igartzen: gasolinaren eta gasolioaren prezioak nekezago eta geldoago jaisten dira beti. Brent upela garestitzen denean, aldiz, ziztu bizian igotzen da bi erregaien balioa. Suziri-luma efektua da. Grabitate legearekin gertatzen denaren kontrakoa erakusten du efektuak: behera kostata jaisten dela gasolinaren eta gasolioaren prezioa, luma baten erorketa bezain motel; gora, berriz, suziri baten abiadan egiten du. Berriro gertatu da: petrolioa azaroko prezio bertsuan dago, upela 50 dolarren bueltan, baina gasolina eta gasolioa orduan baino garestiago daude, zentimo batzuen kontua bada ere.
Azaroan baino ia bi zentimo garestiago dago orain 95eko gasolina Hegoaldean, eta 2,8 zentimo garestiago Iparraldean. Gasolioa, ostera, 5,3 zentimo garestitu da Hegoaldean eta 4,2 zentimo Iparraldean. Petrolioaren gorako joerak piztu du berriro suziria gasolindegietan. Sei hilabetean V formako bilakaera izan du petrolio upelak: behera eta gora, prezio bertsuan geratzeko. Gasolina eta gasolioaren balioak ere behera eta gora egin dute tarte berean, baina à forma marraztuz, bigarren marra gorago igoz, prezio garestiagoan geratuz.
Gainera, suziri-luma efektuaz gain, lurraldetik lurraldera eta herrialdetik herrialdera aldatu egiten da autoen erregaien prezioa. Zergatik? Merkatu opakoa da erregaiena, eta ez da erraza prezioen gorabeheren atzean dauden arrazoiak zehatz-mehatz azaltzea. Sektoreko analistek ere arazoak dituzte azterketak egiteko, petrolio findegien benetako kostuak ezagutzea, adibidez, zaila delako. Nolanahi ere, badaude gako batzuk laguntzen dutenak ulertzen zergatik igotzen den erregaiaren faktura.
Motzean esanda, honakoak dira fakturan eragiten duten faktore nagusiak: petrolioaren prezioa, erregaiaren ekoizpen kostuak, euro-dolar trukea, petrolio konpainien prezio politikak eta zergak. Hain zuzen ere, pisu handia dute zergek, ordaindutako euro bakoitzetik 50 zentimotik gora —57raino gasolina bada— ogasunarentzat dira Hegoaldean, eta 65 zentimo Iparraldean.
'Luma efektua'
Hego Euskal Herrian bitan zatitzen da zergen atala: BEZa (%21) eta hidrokarburoen gaineko zerga finkoak. Hidrokarburoen zerga berezia Espainiako Ogasunak ezartzen du, eta kopuru finko bat da, ez ehuneko bat BEZa bezala. 95eko gasolina litro bakoitzeko 40,07 zentimo dira zerga bereziarenak, eta 30,70 zentimo gasoil litro bakoitzeko. Horri gehitu behar zaizkio beste 2,4 zentimo finko: Madrilek jarritako txikizkako salmenten gaineko zerga. Gainera, erkidegoek hidrokarburoen zerga gehigarri bat ezartzeko aukera daukate. Eusko Jaurlaritzak ez du ezartzen, baina Nafarroak bai: 2,4 zentimo litroko, kopuru finkoa hori ere. Zerga horiek kopuru finkoak izateak petrolioaren merkatzearen eragina moteltzen du.
Justiziak debekatutako osasun zentimoaren ordezkoa da erkidegoen zerga, baina izena aldatuta, eta legezkoa. Litroko 2,4 zentimoko zerga jarri du Nafarroak, baina 4,8 zentimorainoko tipoa ezar dezake, Kataluniak edo Galiziak egiten duten bezala.
Beraz, zergarik ez balu, 95eko gasolina litroak 0,50 euro balioko zituen apirilean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 0,48 Nafarroan, eta ez 1, 12 euro. Gasolio litroagatik, berriz, 0,46 euro pagatuko zituzten EAEn eta 0,43 Nafarroan, 0,96 eta 0,95 beharrean. Apirilekoak dira datuak, ordukoak direlako Espainiako Industria Ministerioak publiko egindako azken zifra ofizialak.
Euroaren ahultzea
Zerga handiak ote diren? Norekin konparatzen den, hori da kontua. Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino %10 handiagoa da batez besteko presio fiskala. Deigarria da Hegoaldeko eta Espainiako erregaien prezioa, zergarik barik, euroguneko garestienetakoa dela; aldiz, zergak ezarri eta gero, euroguneko merkeenetakoak dira: %12,5 merkeago 95eko gasolina eta %8,3 merkeago gasolioa. Horrek esan nahi du Hegoaldean eta Espainian petrolio findegien gastua —edo irabazi tartea— handiagoa dela eta gasolindegien arteko lehia txikiagoa, baina presio fiskala apalagoa.
Zergez gain, edonola ere, petrolioaren prezioa ere faktore garrantzitsu bat da erregaien prezioa zehazterakoan. 2014ko udatik sekulako beherakada izan du urre beltzak. Urtarrilean jo zuen behea 27 dolarretan, baina harrezkero goraka hasi da, eta dagoeneko 50 dolarretik oso gertu dago, azaroan zegoen antzeko mailan. Merezi du luma efektuari erreparatzeak.
2014ko udatik iragan urtarrilera %75,6 merkatu zen Brent upela, 115 dolarretik 28 dolarrera: tarte berean 95eko gasolina bakarrik %21,5 merkatu zen Hegoaldean eta %16,5 Iparraldean, eta gasolioa %29,3 Hegoaldean eta %22,5 Iparraldean. Aldea handia da.
Zergena da erregaien merkatzeari balazta jartzen dion faktoreetako bat, eta euroaren ahultzea da bestea. 2014ko udan, petrolioak 115 dolar balio zituenean 1,36 dolarretan salerosten zen euroa. Baina harrezkero balioa galdu du: urtarrilean, Brent upela 28 dolarrera jaitsi zenean, 1,09 dolarretan salerosten zen euroa. Alegia, 2014ko udatik joan den urtarrilera euroa ia %20 debaluatu da, eta, ondorioz, petrolioaren prezioa dolarretan %75,6 jaitsi den tartean, egiaz, eurotan gutxiago merkatu da, %63,6. Hamabi puntu gutxiago. Azarotik maiatzera gasolinak eta gasolioak izandako garestitzeak, aldiz, ez du loturarikdiru trukearekin. Antzera mantendu baita trukea; areago, %1,8 garestitu da euroa.
Erregaien sektorea. Prezioen gorabeherak
Gasolindegian, beti garestiago
Gasolina orain sei hilabete baino bost zentimo garestiago dago, eta gasolioa, bi zentimo, nahiz eta petrolioa prezio berean egon. Zerga finkoek, diru trukeak eta enpresen politikek garestitu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu