Eusko Jaurlaritza hasia da erregai fosilekin lotutako desinbertsioak egiten. Ezinbestean hala egiteko agindua du, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak jasotzen baitu EAEko administrazioak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeek «lehenbailehen» eta beranduenez 2030. urterako bertan behera utzi beharko dituztela hidrokarburoen esplorazioarekin eta ustiapenarekin lotutako inbertsio guztiak, argindarra ekoizteko erregai fosiletan oinarritzen diren azpiegiturak barne.
Joan den otsailean onartu zuen legea Eusko Legebiltzarrak, EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren babesarekin. Legearen xedea da klima neutraltasuna «beranduenez 2050erako lortzea», eta helburu hori lortzeko oinarri batzuk zehazten ditu testuak. Horietako bat da, hain justu ere, desinbertsioena. Deskarbonizazio prozesua azkartzeko bidean, Eusko Jaurlaritzak bide orri bat diseinatu beharko du desinbertsio horiek nola gauzatuko dituen argitzeko.
2025eko otsailera arteko epea dauka horretarako, legea indarrean jarri zenetik urtebete, alegia. EEE Energiaren Euskal Erakundearena da horren ardura, eta, beraz, Mikel Jauregi buru duen sailarena: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sail eratu berriarena. Bozen ondotik, Jauregik hartu baitu aurreko hiru legealdietan Arantxa Tapiak zuen kargua.
Partaidetzak saldu
Legeak ez du zehatz-mehatz aipatzen zeintzuk diren desinbertsio horiek, ez eta nola gauzatu behar diren ere. Kontu jakina da, hala ere, Eusko Jaurlaritzak partaidetzak dituela Bahia de Bizkaia Gas (BBG) eta Bahia de Bizkaia Electricidad (BBE) konpainietan (%50 eta %25, hurrenez hurren), Enagas Transporte del Norte enpresan (%10), eta Itsas Gas Bunkerren (%49). Halaber, Jaurlaritzaren eskumenekoa da SHESA Euskadiko Hidrokarburoak sozietate publikoa ere.
SHESAk parte hartzen zuen oraintsu arte Errioxako (Espainia) Viura gas putzuaren proiektuan, baina apirilaz geroztik, Jaurlaritzak ez du inolako loturarik harekin. Heyco Energy enpresari saldu zion bere zatia (%37), Jaurlaritzako iturriek BERRIAri baieztatu diotenez. Horiek hala, AEBetako konpainiaren eskuetan geratuko dira gas putzuaren akzioen %96,49; gainerakoa, %3,51, OGS Oil & Gas Skills konpainiaren eskuetan dago. Salmenta horren truke Jaurlaritzak zenbat diru jaso duen ez dute jakinarazi.
partaidetzak
- Bahia de Bizkaia Gas. Jabetzaren %50.
- Bahia de Bizkaia Electricidad. Jabetzaren %25.
- Enagas Transportes del Norte. Jabetzaren %10.
- Itsas Gas Bunker. Jabetzaren %49.
- SHESA Hidrocarburos de Euskadi, S.A. Jabetzaren %100
2015ean sartu zen Jaurlaritza Viura gas putzuaren jabetzan, eta, harrezkero, 44 milioi euro pasako diru sarrerak lortu ditu negozioari esker. Azken urteetan, gainera, nabarmen handitu da kopurua, gasaren salneurriaren igoera tarteko. 2021ean, esaterako, lau milioi euroren irabaziak izan zituen, eta hori halako bi 2022an: bederatzi milioi inguru. 2024ko aurrekontuen arabera, 2,6 milioi euroren irabaziak espero zituen aurten.
Gas putzuak, halere, sarrerak beste gastu eragin dizkio Jaurlaritzari. Ustiapen jarduerek iraun duten urte hauetan guztietan 39 milioi euroko gastua izan baitu inbertsioei eta baimenei lotuta. Balantzea, beraz, oso txikia da: 4,7 milioi euro inguru. Nolanahi ere, errentagarritasuna inoiz ez da salmentarako arrazoia izan, legea baizik. Bide horretan lehen puntua 2021eko Espainiako Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren legeak ezarri zuen, zeinari esker Gasteizko Armentiako putzuko zundaketa asmoak eten zituen Jaurlaritzak; azkena, berriz, aurten Eusko Legebiltzarrak onartu berri duenak jarri du.
Interpretazioa
Izan ere, Jaurlaritzak beti defendatu du gasa trantsiziorako energia iturri moduan. Eta, hain zuzen ere, gasari lotutako inbertsioak —azpiegiturak— aktibo garrantzitsuak dira Gasteizko gobernuarentzat oraindik ere. Eta diru iturri nabarmenak. Ez alferrik, azken bost urteetan 155 milioi euro jaso ditu gobernuak dibidenduetan inbertsio horiei esker. Hala eman zuen jakitera Tapiak Eusko Legebiltzarrean, joan den urtearen amaieran, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez.
Horiek hala, ikusteko dago gainerako desinbertsioak nola gauzatuko dituen. Errioxako gas putzuaren kasua aintzat hartuz gero, iduri liteke gainerako partaidetzak ere saldu egingo dituela. Baina Jaurlaritzak argitu du ez duela horrelakorik egingo. Ez berehalakoan, bederen. Kasuan-kasuan aztertuko du zer egin, eta azken unera arte baliatuko du legeak baimentzen dion ia sei urteko tartea.
Zer esan nahi duen horrek? Bada, gerta litekeela inbertsio horiekin jarraitzea 2030. urtetik harago ere. Horretarako, baina, konpainiek negozio eredua aldatu beharko lukete, erregai fosilen ordez beste lehengai batzuk erabiltzeko. Esate baterako, aukera bat izan daiteke gas naturalaren ordez biogasa erretzea argindarra sortzeko. Horrek aukera emango lioke legeari izkin egin eta BBEko partaidetzari eusteko.
Helduleku horri eusten dio Jaurlaritzak. Izan ere, Tapiak argi adierazi zuen Jaurlaritzak partaidetzak bertan behera utzi arren azpiegitura horiek martxan jarraituko dutela urte luzez, energiaren eskariari erantzuteko beharrezkoa delako oraindik gasa. Eta, ondorioz, Jaurlaritza konpainia horien jabetzatik ateratzeak ekarriko luke negozioa enpresa pribatuen esku geratzea.
Horiek horrela, desinbertsioen derrigortasuna SHESA desegitera mugatuko litzateke soilik. Ez da helburu txikia, talde ekologisten nahiz zenbait alderdi politikoren eskaera historikoa izan baita hori urte askoan. Baina erregai fosilen erabilera alde batera uzteko helburutik urrun geratuko litzateke.
Zifrak
4,7Milioi euro. Eusko Jaurlaritzak Errioxako (Espainia) Viura gas putzuan izan duen partaidetzari esker, 4,7 milioi euro irabazi ditu. 2015az geroztik haren jabetzaren %37 zuen.
155Milioi euro. Azken bost urteetan, Eusko Jaurlaritzak 155 milioi euroko irabaziak izan ditu gasari lotutako inbertsioei esker. Bahia de Bizkaian, Enagas del Norten, Itsas Gas Bunkerren eta Viura putzuan dituen partaidetzei esker lortu ditu diru sarrera horiek.