Gasak «emaitza historikoetara» eraman du Tubacex

36,3 milioi irabazi zituen iaz, 2022an baino %79,2 gehiago, eta taldeko planta guztiek izan zituzten mozkinak. 2025ean «hazkunde nabarmena» espero du Abu Dhabiko lantegiaren eraginez.

Tubacexeko bi langile, altzairuzko hodiak neurtzen. BERRIA
Tubacexeko bi langile, altzairuzko hodiak neurtzen. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko ekainaren 27a
14:30
Entzun

Garai gozoetan bizi da Tubacex, eta, aurreikuspenak betetzen badira, 2025. urtea are gozoagoa izango da altzairuzko hodien konpainiarentzat. Iaz «emaitza historikoak» izan zituen, eta, aurtengo jarduna apalagoa den arren, 2025erako «hazkunde nabarmena» iragarri du Jesus Esmoris kontseilari delegatuak: «Aurtengoa apalagoa bada, hein handi batean stocka pilatzen ari garelako da. 2025erako balio erantsi handiko hodien eskari handiak ekoizten ari gara, dagoeneko salduak daudenak».

Ekainaren 22an hiru urte bete ziren Tubacexek egin asmo zuen erregulazio espedientearen auzia epaitu zenetik. Enpresako abokatuek eta perituek iragarpen apokaliptikoak egin zituzten epaitegietan. Iragarpen txar haiek, baina, zerikusi txikia izan dute enpresak ondoren izan duen bilakaerarekin, hazkundea etengabekoa izan delako. Iaz, esaterako, 852 milioi euroren salmentan izan zituen eta 36,3 milioiren irabazi garbia, 2022an baino %79,5 handiagoa. Irabazi horien ondorio, 14,5 milioi banatuko dituzte dibidenduetara. Urte barruan, akzioa bi eurotik 3,50era igaro zen.

«2025ean salduko duguna ekoizten ari gara. Urtebete lehenago hasi behar dugu, prozesu luzea dugulako. Finantza egoera sendoa dugu». JESUS ESMORISTubacexen kontseilari delegatua

Enpresak akziodunen urteroko bileran eman ditu datu horiek, baita aurtengo jardunari buruzko ñabardura batzuk ere. «Egonkortasun eta trantsizio» urtea izaten ari da 2024a. Lehen hiruhilekoan, esaterako, eta 2023ko tarte berdinarekin alderatuta, salmentek %19,7 egin dute behera, eta zorrak 83 milioi egin du gora —364 milioikoa da guztira—. Esmorisek, baina, zenbaki horiek azaldu nahi izan ditu, eta aurreratu du urteko emaitza iazkoen antzekoa izango dela: «Egoera ekonomiko sendoa dugu. Gure aspirazioa emaitza hauek izatea zen».

2024a, izan ere, 2025a prestatzeko urtea izaten ari da. «Aireratze une batean gaude», laburbildu du. Zorra handitzeari dagokionez, 30 milioi Abu Dhabiko plantan eginiko inbertsioa dira, eta 45 milioi stockerako. Hainbeste stockerako? «2025ean salduko duguna ekoizten ari gara. Urtebete lehenago hasi behar dugu, prozesu luzea dugulako».

2025erako fakturazioa «nabarmen handituko» dela aurreratu du, ekoizpen hori dagoeneko salduta dagoelako, eta litekeena da 1.000 milioi euroko fakturazioren langa igarotzea —egun 1.600 milioi euroren eskari zorroa du—.

Esmorisek, halaber, zehaztu du balio erantsi handiko produktuak direla, bero eta hotz handiak jasan ditzaketenak. «Produktu bereziak dira bezero zorrotzentzat. Kalitatea da gure merkatua, bolumena balitz ezingo genuke lehiatu». Alde horretatik, petrolioaren eta gasaren arteko aldea azaldu du. Gasak hodi bereziak eskatzen ditu; petrolioak, aldiz, arruntak: «Petrolioa bakarrik ateratzen duenak ez digu guri erosten, merkeagoekin molda daiteke».

TUBACEX - GREBA AMAIERA
Tubacexen Amurrion duen planta, 2011ko grebaren amaieran. Lan hitzarmen berria negoziatzen hasiak dira. FOKU

Tubacexen ekoizpenaren %43 da hidrokarburoen erauzketarako: %24 gaserako, eta %19 petroliorako eta gaserako. Konpainiak argi du gas natural likidoa izango dela trantsizioko erregaia, eta 2050era arte gutxienez presentzia handia izango duela, eta horregatik egin du inbertsio handi bat Abu Dhabiko plantan —%49 Mubadala Arabiar Emirerri Batuetako funtsak egin du—. Planta horren helburua ADNOC Abu Dhabiko enpresa nazionala hornitzea da. ADNOCekin 1.000 milioi euroren eskariak bermatuak ditu, eta lehen 150 milioiak 2025ean iritsiko dira. Akordio hori da 2025erako iragarpen oso onen arrazoietako bat.

Lan hitzarmen berria

Esmorisek gehitu du iaz taldearen planta guztiek izan zituztela irabaziak, Arabakoek barne. Halaber, argitu du Abu Dhabiko plantaren lehengaia Euskal Herriko lantegietako hodiak dira, eta han eraldatzen eta egokitzen dituztela. Alegia, haien bezero nagusia Tubacex taldeko beste planta batzuk dira. Horregatik etorkizun ona iragarri die, eta «bake sozialaren» garrantzia nabarmendu du.

Bake soziala mahai gainean jartzea ez da kasualitatea, Arabako lantegietako lan hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi baitira. 2011ko gatazkaren amaieran, eta greba luze baten ondoren, langileek gerrikoa estutzea onartu zuten kaleratzeak saihestearen truke: lanaldia luzatu zieten, eta soldata izoztu. Harrezkero, baina, enpresa etengabe hazi da, eta logikoa da sindikatuak exijenteak izatea negoziazio mahaian.

Alde horretatik, Esmorisek esan du ez dela «bustiko», eta ez du aurreratu soldata eguneraketekin eskuzabala izango den ala ez. Negoziaziora begira baikorra dela nabarmendu du, eta berriz esan du Arabako plantek dituztela talde osoko lan kosturik handienak. Hala ere, ez du zehaztu kostu orokorraz ari zen, edo langilei dagokienaz. Taldeak, besteak beste, Norvegian, Austrian eta AEBetan ere baditu plantak.

saltsa Akziodun nagusiarekin

Tubacexen bilera Jose Maria Aristrain akziodun nagusiaren iskanbilen erdian egingo da. Enpresariak akzioen %11 ditu, eta igandera arte Gema Navarro emaztearen izenean zeuden. Hark, baina, dimisioa eman du, bere izendapena proposatu zuen akziodun handiaren «konfiantza galdu duelako», alegia, haren senarrarena. Jakina da bikota banaketa prozesuan dagoela. Esmorisek garrantzia kendu dio egoerari, eta nabarmendu du ez diola eragiten enpresaren irudiari, ezta Aristrainen lege arazoek ere —zerga iruzurrarengatik epaitu berri dute—. «11 urte egin zituen epaiketa zain, eta errugabetzat jo zuten. Orain, Gorenak ebazpen hori indargabetu du. 11 urte izan dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.