Iazko urtea ona izan zen Bilboko portuarentzat. Azken urteetako joerari eutsi, eta berriz ere gora egin zuen mugituriko tona kopuruan. 34,4 milioi tona zama mugitu zituen, 2023an baino %5 gehiago eta pandemia aurreko kopuruetatik oso gertu —2019an 35,4 milioi mugitu zituen—. Ohikoa denez, Petronorrera eta Bahia de Bizkaiaren gasifikagailura ekarritako granel likidoak izan ziren jardunaren oinarria (%63), gas naturalak beherakada deigarria izan zuen arren: -%19 (831.000 tona gutxiago).
Rikardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako (BPA) presidentea, dena den, sinetsita dago gasaren beherakada «behin-behineko kontua» izango dela, eta horrelako mugimenduak ezin direla aurreikusi: «Kantauriko portuek gas depositu bakar bezala jokatzen dugu, eta non deskargatzen den erabakitzea ez dago gure esku. Gijongo [Espainia] portuak gasontzi bat kentzen digu hilabetean, eta hori nabaritzen da».
«Hemendik ateratzen den aluminioaren %5 eta altzairuaren %4 baino ez doa AEBetara. Beraz, ez genituzke muga zergak asko nabaritu beharko. Gehiago eragingo du munduko merkataritzan»
RIKARDO BARKALABilboko Portuko Agintaritzako presidentea
Datu orokorrei begiratuta, granel likidoek %4,5 egin zuten gora; solidoek, %10 —Santillango (Espainia) harrobiak berak bakarrik milioi bat tona mugitu zituen—; eta ro-ro deiturikoek —ferryetako kamioi eta atoiek—, %29. Urteko ahulunea, beste behin, edukiontzietan egon zen, %2,5 jaitsi baitziren. 2022an %4,5 apaldu zen haien trafikoa; iaz, %3, eta joera ez da aldatu. Horrek bai arduratzen du presidentea, edukiontziak balio erantsi handiko salgaiak baitira: «Logistika bideak aldatzen ari dira. Bide berriak ireki dira, eta Kantauriko eta Mediterraneoko beste portu batzuek kalte egiten digute, Santanderkoak [Espainia], esaterako. Baina baikorra naiz: kamioi bidezko garraioa jaisten ari da, eta aurki nabarituko dugu».
Errusiatik %12
Jatorri eta helmuga herrialdeei dagokienez, %46k Europan du jatorria eta helmuga. Horiez gain, zamaren %12 Errusiatik dator, eta %11, AEBetatik. Kasu horietan erregaiak dira nagusi: gasa, petrolioa... Eta zenbat esportatzen da AEBetara? Guztiaren %7. Eta Trump presidenteak ezarri nahi dituen muga zergek eraginik izango al dute? «Zuzenean behintzat, gutxi», erantzun du Barkalak: «Hemendik ateratzen den aluminioaren %5 eta altzairuaren %4 baino ez doa AEBetara. Beraz, ez genituzke muga zergak askorik nabaritu beharko. Gehiago eragingo du munduko merkataritzan».
Urte onak bere isla izan du diru kutxan ere, eta portuak 76,7 milioiren negozioa egin zuen, 2023an baino %11 handiagoa. Barkalak datu hori nabarmendu du, kontuan hartu behar baita tasek hamar urte daramatzatela izoztuta. Diruari buruz ere, eta 2025era begira, portuak 70,2 milioi euroren inbertsioak iragarri ditu. Horren harira, garrantzitsuena erdiko nasako lanekin jarraitzea dela adierazi du. Portuaren lurzoruaren %97 beteta dago, eta hor aterako dituzten 310.000 metro koadroak izango dira azken orubea.

Urteko balantzea portuaren egoera orokorraren inguruan hitz egiteko baliatzen du Barkalak, eta gai ugari jorratzen ditu agerraldian. Esaterako, pozik agertu da hegoaldeko tren saihesbidearen lehen zatia lizitatu duelako Jaurlaritzak: «Orain ondo egitea falta da». Portuak urteak egin ditu tren azpiegitura hobetzeko eskatzen, eta orain saihesbideak portuarekin izango duen loturaren diseinuan lagundu ahal izango du. Dena den, zatirik zailenak, Seranteseko tunelak, urteak daramatza eginda, eta itxita.
Bada interesa Navalen
Bestetik, oraindik ez daki Maerks logistika erraldoiak zer asmo duen portuan. Portuan jarduten duen Berge zamaketa enpresaren %51 erosi du, eta haren ordezkariak bildu dira portuko agintaritzarekin, baina asmo argirik zehaztu gabe. Barkala: «Inbertsio handiak egingo omen dituzte, baina ez dute asko aldatuko orain arteko jarduna. Diru asko sartu, berdin jarraitzeko? Ez dakit, ikusi beharko».
«Sader ez dator portura, ez da egia»
Azken egunetan iskanbila handia sortu da Santurtzin eta Getxon: Agaleusek, Sader eta Profersa enpresen jabeak, Bilboko portuan ireki asmo duen plantarengatik. Bi udal horiek helegiteak aurkeztu dituzte erabakiaren aurka, eta herritarrek mobilizazioak egin dituzte kiratsaren eta kutsaduraren beldur. Sader eta Profersa enpresak dira urte luzez Bilboko Zorrotza auzoan usain arazoak eragin dituen ongarri plantaren kudeatzaileak. Barkalak eztabaida etenarazi nahi izan du: «Sader ez dator portura, hori ez da egia. Urte askoan izan nintzen zinegotzi Bilbon, eta ondo ezagutzen dut gaia: ez da planta bera. Agaleusek industria hondakinak kudeatzeko planta bat eraiki nahi du portuan, eta horrek ez du kiratsik eragingo». Plantak kudeatuko dituen hondakinen %60 portuko enpresek sorturikoak izango direla zehaztu du Barkalak, eta horregatik eman diotela bertan eraikitzeko baimena.
Beste interesgune bat Naval ontziola eraitsiaren dike lehorra eta harmailak dira. Orubearen jabea VGP logistika enpresa izan arren, ontziolaren azpiegitura horien jabea BPA da. Barkalak zehaztu du enpresa ugarik dutela interesa: ontziolek, konponketa enpresek... Baina VGPrekin akordio batera iritsi beharko dutela: «Guk, Jaurlaritzarekin hitz eginda, azpiegitura baliotsu horiek haien esku jar ditzakegu, baina, orubean ez badute pabiloirik lortzen, alferrik gabiltza».
Azkenik, Barkalak bere buruaz ere hitz egin du. Antonio Aiz portuko zuzendari berria publikoki aurkezteko baliatu du aukera, eta aurreratu du ez duela postua uzteko asmorik. 70 urte beteak izan arren, ardurarekin jarraitzeko gogoz dago, eta ez du sumatu bereganako konfiantza faltarik. «Gai hori ez dago mahaiaren gainean», argitu du. Halaber, gaineratu du harreman ona duela Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburu berriarekin. Portuaren kudeatzailea aukeratzea haren ardura da.