Energia merkatua

Gas kontratu gehiagorik ez sinatzea eta zentral nuklearrak indartzea, IEAren proposamena

Errusiako gasarekiko mendekotasuna murrizteko neurriak aztertuko dituzte Europako estatuburuek datorren astean.

Ukrainatik igarotzen den gaside bat. ROMAN PILIPEY (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 3a
16:49
Entzun

Ostegun honetan, Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) plan bat aurkeztu dio Europako Batasunari Errusiako gasarekiko mendekotasuna murrizteko: urtebetean gutxitzeko egun erosten dionaren heren bat. Planak, lehenik eta behin, Errusiarekin beste hornidura kontraturik ez sinatzea aurreikusten du; alegia, indarrean daudenak amaitzean, ez berritzea. Horrekin batera, energia nuklearreko planta batzuk ixteko programatutako egutegia birplanteatzea proposatu du. Eta «luze gabe» zergak ezartzea konpainia elektrikoen irabaziei, zehazki zerutik eroritako irabaziak deiturikoei, eta diru hori kontsumitzaile ahulenak babesteko erabiltzea.

Europako Batzordeak bilera batera deitu ditu estatuburuak datorren asteko ostegun eta ostiralerako, Versaillesen (Frantzia). Kadri Simson Energia komisarioak iragarri du aurretik, asteartean, Europako Batzordeak gai horrekin lotutako proposamen bat aurkeztuko duela eta IEAren gomendioak kontuan hartuko dituela. Estatu kideek ere egingo dituzte proposamenak. Horien artean, Batasunak gas erosketa bateratuak egitea. Duela hilabete batzuk baztertu egin zen ideia hori.

EBk Errusiatik ekarritako 155.000 milioi metro kubiko gas errusiar erabili zituen iaz; inportatutako gas guztiaren %45. Baina, Moskurekiko tentsio politikoak areagotu ahala, konpainia hornitzaileek Europaranzko fluxuak nabarmen murriztu zituzten azken hilabeteetan: %25, 2021eko laugarren hiruhilekoan.

Europako herrialdeak galera hori konpentsatzen saiatu dira beste herrialde batzuetatik gasa ekarriz, bereziki itsasontziz garraiatzen den gas likidotuaren bidez, baina ez da nahikoa izan. Gaur egun, Europako gas erreserben maila txikia da, azken bost urteetako batezbestekoa baino ia % 30 txikiagoa, eta, horren ondorioz, zalantzak areagotu egin dira, bereziki datorren neguari begira.

Beste merkatu batzuk

AIEk, hain zuzen ere, beste herrialde batzuetako inportazioak handitzea proposatzen du, bereziki AEBetatik, Aljeriatik, Qatarretik eta Azerbaijandik ekarritakoak. Kalkulatu du hori eginez gero Errusiatik ekarritako 30.000 milioi metro kubiko gas alde batera utziko direla urtero.

Beste neurrietako bat da gehiago aprobetxatzea bioenergiako zentralak eta zentral nuklearrak. Horrek 13.000 milioi metro kubiko murriztea ekarriko luke, AIEren arabera. Erakundeak iradoki du zentral nuklear batzuk ixteko programatutako egutegia birplanteatu egin beharko litzatekeela. Europan gai hori eztabaida handien iturri izan da; dena den, Ukrainako gerra hasi aurretik, Europako Batzordeak onartua zuen energia nuklearra energia berdetzat hartzea.

Frantziak, esaterako, gutxienez sei erreaktore atomiko berri eraikitzeko asmoa agertu du. dena den, ostegun honetan Barbara Pompili Trantsizio Ekologikorako ministroak onartu du erreaktore berri horiek «berandu» iritsiko liratekeela gas errusiarra ordezkatzeko (lehena 2035ean hasiko litzateke funtzionatzen).

IEAk proposatu du, halaber, planta fotovoltaiko eta eolikoen instalazioa bizkortzea, hori egin ahal izateko prozedurak sinplifikatuz. Haren kalkuluen arabera, 6.000 milioi metro kubiko gas aurreztuko lirateke horrela.

Erakunde horrek, halaber, proposatu du «luze gabe» konpainia elektrikoen irabaziak zergapetzea, zehazki zerutik eroritako irabaziak deiturikoak, eta diru hori kontsumitzaile ahulenak babesteko erabiltzea.

Beste neurri batzuek herritarren inplikazio zuzena beharko lukete: adibidez, berogailuaren tenperatura gradu bat jaistea: horrela 10.000 milioi metro kubiko aurreztuko lirateke urtero. Edo gas galdarak berritzea (-20.000 milioi metro kubiko) eta eraikinak eraberritzea, energetikoki eraginkorragoak izan daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.