Espainiako Garraio Elkarteen Federazioaren (Fenadismer) ustez, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak A-1 eta AP-15 autobideetan kamioei ezarritako bidesarietan kobratutako dirua itzuli beharko die garraiolariei; elkartearen kalkuluen arabera, 15 milioi euro.
Erreklamazioa aurkezteko deia egin die kaltetutako «milaka» garraiolariei, eta hori egiteko prozeduraren berri emango die datozen egunetan. Eskatu die 2018ko urtarriletik 2019ko maiatzera bitarte bide horien Gipuzkoako zatietan ordaindutako bidesarien fakturak biltzeko, baita arrazoi horrengatik ezarritako zigorren fakturak ere.
Hiru garraiolarien sindikatuak, berriz, Aldundiari eskatu dio errepide horietako bidesariak kautelaz edo behin-behinean eteteko, eta «legez kanpo» jasotako dirua ofizioz itzultzeko, garraiolariek erreklamaziorik egin behar izan gabe. «Teleordainketa sistema automatikoa da, datu guztiak dituzte, identifikatutako erabiltzaile guztienak, eta ez dago arrazoirik gutxienez lehen araua indarrean egon zen aldian kobratutako bidesariak itzultzeari uko egiteko», gaineratu du.
Jarrera «irrazionala»
Gipuzkoako A-15 eta N-1 errepideetan kamioilariei jarritako bidesariak arautzen zituen lehen foru araua bertan behera utzi zuen asteazkenean Auzitegi Gorenak. Aurretik EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi bezala, Gorenarentzat ere «diskriminatzailea» da bidesaria. Arau hori beste batekin aldatu zuen diputazioak 2018an, eta hori ere, indarrean dagoen arren, Gorenaren zain dago, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuelako. Ebazpena jakin eta gutxira, aldundiak esan zuen bidesariari eutsiko diola.
Fenadismerren ustez, «erabat irrazionala» da jarrera hori, epaitegiak dagoeneko hirutan azaldu direlako aurka. Eta «arduragabekeria politikoa» leporatu dio, horretan «tematzeak» ondorio ekonomiko «larriak» ekarriko dizkielako Gipuzkoako Foru Aldundiari eta, hortaz, lurraldeko herritarren «poltsikoei».p>
Hirurentzat ere «larria» da foru gobernuaren jarrera. «Ez da bidezkoa epaitegiek behin eta berriro atzera bota duten sistema mantentzea, jakinik, interesak, gainkargak, zigorrak eta zentzurik gabeko gastuak ekarriko dituela, gero denon dirutik ordainduko direnak».
EH Bilduk, berriz, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuaren premiazko agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, ebazpenaren eta balizko erreklamazioen ondorioak azal ditzan. Oskar Bordes batzarkideak gogorarazi duenez, diputazioari «ohartarazi» zion bidesariak kobratzeari uzteko, epaiak irmoak izan arte, eta erreklamazioei aurre egin ahal izateko funts bat sortzeko ere eskatu zion. «Baina ez du ezer egin, eta 2021erako aurrekontuetan ere ez dago ezer aurreikusita. Ondorioak gipuzkoar guztiek ordaindu beharko dituzte orain», azpimarratu du.