Garraiolariak, arriskuaren ibilbidetik

Aurtengo lehen lau hilabeteetan zazpi kamioilari hil dira Euskal Herrian, iaz urte osoan baino gehiago. Hiru sindikatuak salatu du baldintza kaskarrak dituztela, eta horren ondorio direla istripuak.

Garraio istripu bat Santurtzin.
Langile batzuk kamioilari bat hil zen istripua aztertzen, Santurtzin (Bizkaia). LUIS TEJIDO / EFE
pettan uralde
2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

Apirilaren 22an kamioi gidari bat hil zen Ezkabarten (Nafarroa), aurten errepidean hil den zazpigarrena. Aurten zazpi garraiolari hil dira jada lanorduetan gidatzen ari zirela; iaz, urte osoan, sei zendu ziren. Ondorioz, joan den urteko kopurua maiatzera heldu baino lehen gainditu da.

Datu gaizto horren atzean faktore ugari daudela azaldu du Jon Altuna Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko ordezkariak, baina batez ere sektorearen «baldintza txarrak» nabarmendu ditu. «Garraio sektorea zaharkitzen ari da: garraiolari gehienak 50 urtetik gorakoak dira. Garai batean ondo baloratutako lana zen, bazuen bere abentura kutsua, eta jendeak bazuen horretan lan egiteko gogoa. Baina, azken urteetan, baldintzak asko kaskartu dira, eta ez da hainbeste diru irabazten. Lanbide gogorra da».

Altunak onartu du garraiolarien lanorduak oso arautuak daudela, baina ziurtatu du askok ez dutela betetzen legeak dioena. «Patronalak eta enpresak, oro har, beren irabaziak eta etekinak jartzen dituzte langileen osasunaren gainetik. Enpresa askok ez dituzte arauak betetzen, eta administrazioak ez du kontrolatzen ea enpresek araudia betetzen duten. Beste aldera begiratzen dute. Inork ere ez luke lanean hil behar».

Beste arazo batzuk ere aipatu ditu Altunak: kamioilari batzuk karga handiagoarekin aritzera behartzen dituztela, eta, errepideak ere «zaharkituta» daudenez, pneumatikoak lehertu egiten direla.  

Baldintza kaskar horiek zuzenean baldintzatzen dute gidarien lana, baita garraioko tarifak ere. «Oso garesti daude. Ondo kobratzen baduzu, sarriago aldatuko duzu kamioia, edo gehiagotan konponduko duzu, baina ez baduzu diru nahikorik, kamioiaren bizitza luzatzen duzu, eta, azkenean, arriskua handitu egiten da. Gurpilak ere sarritan aldatu behar dira, baina diruz justu dabiltzanek batzuetan gehiegi luzatzen dute gurpilen bizitza».

 Ezkabarten PA-30 errepidean izandako istripua. FORUZAINGOA
Ezkabarten PA-30 errepidean izandako istripua. FORUZAINGOA

Azken urteetan, nabarmen aldatu da kamioilarien lana. Izan ere, nazioartean aritzen ziren garraiolari asko orain ez dira kanpora joaten, «huskeria irabazteko» nahiago dutelako gertuko errepideetan lan egin eta etxera joan lotara, eta «beste asko beste lanbide batzuetara joan dira».

Zahartzearen ajeak

Hiru sindikatuak sarritan aldarrikatu du garraiolariek 60 urterekin erretiratzeko aukera izan beharko luketela, beren pentsioan galerarik izan gabe, beste hainbat lanbide nekagarritan egiten duten moduan. Altunak nabarmendu du «mila aldiz» onartu dituztela halako proposamenak Espainiako Kongresuan, baina gero ez dela mamitzen.

Sektorea zahartzeak baditu beste hainbat ondorio Altunaren esanetan, adibidez, istripuak geroz eta gehiago direla. «60 urtetik gertu daudenek osasun arazoak izateko arrisku handiagoa dute, hala nola bihotzekoak ematea, edo konortea galtzea. Kontuan izan behar da kamioi bat gidatzen ari direla, eta atzean zama eramaten dutela. Jokoan dago haien osasuna, haien bizitza, baina baita errepidearen gainontzeko erabiltzaileena ere».

«Garraiolaririk ez badago eta istripuak badaude, gauza beragatik gertatzen da hori: baldintzak txarrak direlako. Baldintzak hobetzen direnean amaituko dira arazoak». JON ALTUNAHiru sindikatuko ordezkaria

Altunaren ustez, Espainiako Gobernuak badauka erantzukizuna garraio sektorearen baldintza txarretan. «Baldintza duinak jarri beharrean edo baldintza txarrak kontrolatu beharrean, Madrilgo gobernua baldintza txar horietan lan egiteko prest dauden garraiolariak ekartzea bultzatzen ari da, eta guk hori asko kritikatzen dugu. Hemen badaude Lanbiden izen emanda milaka lagun garraioan lan egiteko prest daudenak, baina ez daude prest baldintza kaskarretan egiteko».

Gainera, berriki akordioa lortu dute Espainiako eta Marokoko gobernuek Marokoko gidabaimenak Espainian balio dezan azterketa teorikorik egin beharrik gabe. «Gobernuak Latinoamerikatik eta Marokotik erakarri nahi ditu garraiolariak. Erraztasunak ematen ari dira, eta, azkenean, esklaboak kontratatzen ari dira».

Etorkizun gordina

Altunak ez dio etorkizun distiratsurik ikusten garraioari. Sindikatuan oso gazte gutxi daudela esplikatu du, orokorrean garraio sektorean bezalaxe. «Urte batzuk barru, langile asko erretiratuko dira, eta autonomorik ez da egongo. Dena enpresa handien esku geratzen bada, uste dugu gertuko eta kalitate handiko garraioa galdu egingo dela. Mundu osoko arazoa da kamioilarien eskasia, eta guk badakigu zein den konponbidea».

Adina faktore garrantzitsua bada errepidean istripuak izateko orduan, argi dago gazteen erreleboa behar duela garraioak. Hortik dator Hiruren eskaera bat aspalditik: berariazko formakuntza bat behar dela, erdi mailako edo goi mailako ziklo izan daitekeena. «Enpresek garraiolarien beharra dute, eta Europan hasi dira eskatzen baimena 17 urterekin ematea ondoan beste kamioilari bat badoa eta horrelako neurriak. Baina garraiolaririk ez badago eta istripuak badaude, gauza beragatik gertatzen da h ori, baldintzak txarrak direlako. Baldintzak hobetzen direnean amaituko dira arazoak. Hori egin zuen Erresuma Batuak, adibidez. Kamioilari eskasia handia izan zuten duela urte batzuk brexit-aren ondorioz, eta baldintzak hobetuz lortu dute arazoa konpontzea hein handi batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.