48 urteko garraiolari andoaindar bat hil da istripu ez-traumatiko baten ondorioz, LAB sindikatuak gaur arratsaldean jakinarazi duenez. Istripua aurreko astean gertatu zen, Pasaiako portuan, kamioia kargatzen ari zela.
LABek salatu du garraio sektorean besteetan baino ohikoagoak direla heriotza ez-traumatikoak. Arrazoitu dute lan baldintza «oso prekarioak» daudela atzean: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio apala, eta bizimodu eta elikadura osasuntsua izateko zailtasunak zerrendatu dituzte adibide gisa. Azpimarratu dute sektoreko hitzarmena 2008tik berritu gabe dagoela Gipuzkoan eta Nafarroan.
Egoera iraultzeko neurriak exijitu dizkie LABek erakundeei. «Bestela, gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izango dira». Patronalaren «inpunitatea ere bukatu» behar dela esan dute. «Sektorean gertatzen diren lan istripu gehienak eragotz daitezke. Horretarako, borondate politikoa baino ez da behar. Eta erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere bai, garraiolarien lan eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak hartzeko».
Lan osasuneko intersindikaleko kide LAB, ESK, Steilas, EHNE Etxalde eta Hiru sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte. Etzi egingo dute protesta, Pasaiako portuko sarreran, 11:30ean.
LABen zenbaketaren arabera, bost langile hil dira aurten. Iaz hamalau garraiolari hil zirela gogorarazi dute.