Greba eguna dute gaur EAEko 152.000 langile publikoek. Urriaren 25ean egindakoari segida emango diote horrela. ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilasek deitu dute protestara, Zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu lelopean.
Sindikatuen arabera, «erantzun zabala» izan du mobilizazioak, baina urriaren 25ekoa baino apalagoa izan da. Hala nabarmendu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Aurrekoan bezala, grebak hezkuntzan eta garraio publikoan izan du oihartzunik handiena.
Piketeekin hasi da eguna. Besteak beste, Bilboko Kale Nagusian elkartu dira. Lakuako bulegoetako sarreretan ere egon dira grebalariak. Eguerdian manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Antolatzaileen arabera, 27.000 langile mobilizatu dira protestetan.
Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuburu izendatzeko EAJk eta PSOEk eginiko akordioa gogoratu dute sindikatuek. Horren arabera, EAEko Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Hitzarmenaren batzorde mistoetan adostuko dira administrazio bateko zein besteko langile publikoen soldata igoerak eta birjartze tasak.
Sindikatuek aurrerapausotzat jo dute akordioa, baina ohartarazi dute ez dela nahikoa. «Testua hobetu daiteke, soldata eta enplegua hemen erabakitzeko eskubidea aitortuz, inolako baldintza edo beto eskubiderik gabe», esan du ELAko Igor Eizagirrek. LABeko Xabier Ugartemendiak, berriz, ohartarazi du mobilizazioekin jarraituko dutela, haien eskaerek «erantzun egoki bat» izan arte, Madrilen «inposizioak» amaitu arte.
Lan baldintzen alorrean, soldatarena da eskaera nagusia. Espainiako Gobernuak aurten %3,5eko igoera ezarri du langile publiko guztientzat, orain arteko batez besteko inflazioaren azpitik. 2010etik %20ko galera metatua izan dute. Horri buelta emateko, sindikatuek %10 igotzea proposatu dute, aurten eta hurrengo urtean aplikatzeko, eta plan bat adostea galdutako gainerakoa berreskuratzeko.
Soldatez gain, beste eskaera batzuk ere egin dituzte sindikatuek: sektore publikoko lanpostuetan dagoen behin-behinekotasun tasa egungo %49tik %8ra jaistea, zerbitzu publikoak pribatizatzeko joera amaitzea, eta sektorea euskalduntzeko neurriak hartzea, besteak beste.
Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, sindikatuek okerreko atea jo dute, sindikatuen aldarrikapenak ez baitaude euskal erakundeen esku.
Garraioa eta hezkuntza
Greba bi sektoretan nabaritu da bereziki: hezkuntzan eta garraio publikoan. Sindikatuen arabera, unibertsitatez kanpoko hezkuntzan grebak %60ko babesa izan du oro har. Sukaldeko eta garbiketako langileen artean, %50 ingurukoa. Haur eskoletan langileen %70ek egin dute bat mobilizazioarekin.
EHUn, jarduera akademikoa «oso urria» izan da, eta fakultate batzuetan azterketak egin ahal izateko gutxieneko zerbitzu batzuk baino ez dituzte bete; beste batzuetan, ez da ia jarduerarik egon, magisteritzan adibidez. Unibertsitateko administrazioko eta zerbitzuetako langileen artean, berriz, eskasagoa izan da erantzuna.
Bestelakoak dira Hezkuntza Sailaren datuak; haren arabera, irakasleen %32k bat egin dute protestarekin.
Garraio publikoan izan du erantzun zabalena grebak, bereziki lehen orduetan. Adibidez, Bilboko metroaren bigarren linean arazo handiak egon dira, eta bidaiari asko kanpoan gelditu dira. Bilboko metroaren arduradunek, halere, esan dute maiztasuna lanaldi arrunt baten %70era iritsi dela, eta Bilboko tranbian %85era. Antzeko irudiak ikusi dira beste hiriburuetako garraio zerbitzuetan: Tuvisan, Donostibusen eta Euskotrenen.
EITBn, berriz, grebarekin bat egin dute, eta albistegiak bakarrik eman dituzte.
Osakidetzan, «baldintzatuta»
Osakidetzan, ezarritako gutxieneko zerbitzuek «erabat baldintzatu» dute grebaren oihartzuna. Sindikatuek salatu dutenez, «milaka langileri» ukatu diete grebarako eskubidea, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkiete eta. Aurreko deialdietan bezala, grebaren eragina handiagoa izan da lehen arretan, eta osasun zentro batzuk itxita egon dira. Ospitaleetan, gutxieneko zerbitzuek eragin handiagoa dute, eta erantzuna apalagoa izan da.
Osasun Sailaren arabera, goizeko txandako langileen %5,5ek bat egin dute grebarekin. Lanbide kategorien arabera, medikuen %2,8k eta erizainen %6k. Gainerako mailetan, %7,7k.
Udaletako eta diputazioetako langileen artean, berriz, sindikatuek ez dute kopuru zehatzik eman, baina grebak erantzun «oso zabala» izan duela adierazi dute, bereziki eskualdeetako hiri nagusietako eta hiriburuetako udaletan. Jaurlaritzaren arabera, administrazio orokorrean langileen %7,7k babestu dute greba.
Justizia administraziori buruzko kopururik ez dute eman sindikatuek, baina aitortu dute herrialdeka eta arloka «aldakorra» izan dela babesa. Espainiako Estatuko erakundeetako langileen artean, erantzuna «apalagoa» izan da.