Ahalegin berezia egiteko eta gardentasun handiagoa izateko exijituko die Espainiako Bankuak kutxei zein bankuei. Atzo Javier Ariztegi banku zentraleko gobernadoreordeak Bartzelonan egindako hitzaldian zehaztu zuenez, finantza erakundeek urteko zein hiruhilekoetako emaitzen berri ematerakoan beharrezkoa izango dute «higiezin eta eraikuntza sektoreen» maileguen zein etxebizitza erosteko hipoteken gaineko arriskua jakinaraztea. Hau da, Espainiako Bankuak jakin egin nahi du kredituen bermeak tasazio balioarekiko zer portzentaje daukaten finantzatuta, eta etorkizunean galerak badaude aurre hartzeko zenbat diru duten horniduretan. Beranduenera, martxorako.
Era berean, «ezinbestekotzat» jo du arrisku horren aitortza saihesteko praktikak -hots, etxebizitzekin geratzea edo hori ordainketarako truke gisa erabiltzea- amaitzea. Zilegizkotzat jo du, baina gaineratu dut modu mugagabean ezin dela hori egin.
«Likidezia krisiaren atarian»
Enrique Goñi Banca Civicako presidente eta Nafarroako Kutxako zuzendariak, herenegun, ohartarazi zuen «likidezia krisi baten atarian» dagoela sistema, eta likidezia «erabakigarria» dela, hori gabe ezin dutelako iraun. Horregatik «ahalik eta azkarren» Banca Civicak burtsaratzeko eta nazioartera zabaltzeko asmoa duela dio. «Asmoa banku bat izatea da».
Gardentasun handiagoa exijitu du Espainiako Bankuak
Higiezin sektoreari banatutako kredituen arriskua jakinarazteko eskatu die bankuei eta kutxei banku zentralak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu