Garcinuño: «Autonomo eta enpresa asko mugara iristear daude»

Cebekeko presidenteak ohartarazi du arrisku handia dagoela enpresen likidezia krisia kaudimen krisia bihurtzeko. Mutualitateek txertaketan parte hartzeko aukera azaldu du

Iñaki Garcinuño Cebekeko presidentea, atzo, Bilbon. CEBEK.
Irune Lasa.
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
«Agerikoa da. Egoera txarra da, lurralde guztietan, sektore ekonomiko gehienetan». Bizkaiko enpresen egoeraz kezka azaldu du Cebek patronaleko buruak, Iñaki Garcinuñok. Haren iritziz,lurraldeko enpresek egonarria eta egokitzeko ahalmena dutela frogatu dute, baina nabarmendu du krisia luzatu ahala haietako askok porrot egiteko aukerak handitzen ari dela: «Guztiak dauka muga bat. Eta autonomo eta enpresa asko muga horretara iristear daude».

Enpresek pandemiaren hasieran likidezia krisi bati egin behar izan diote aurre. Eta, Cebeken ustez, ona izan da merkatuen zein administrazioen erantzuna. «Enpresak denbora tarte handi baterako zorpetu gara, baina, horrela, orokorrean, hornitzaileak eta nominak ordaindu ahal izan ditugu, atzerapen handirik gabe». Baina Garcinuñok uste du horrek arriskua ekar dezakeela, hainbat enpresatan likidezia krisia kaudimen krisi bihur daitekeela. «Sarreren murrizketa denboran luzatuz doa, balantzeak ahul daude aurreko zorpetzearekin, eta finantzaketa bilatu behar izateak gero enpresa itoaraz dezake, zorraren zenbateko nagusia kitatu behar denean».

Garcinuñok eta Cebekeko beste buruek agerraldi bat egin zuten atzo, Bilbon, Bizkaiko egoera ekonomikoaz beren analisia egiteko. Haien datuen arabera, 2020an Bizkaiko ekonomiak %10 egin zuen atzera, eta, haien ustez, 2021. urtean ez da gai izango hori guztia berreskuratzeko, BPGa %6,5 handituko dela kalkulatu baitu.

Garcinuñok aipamen berezia egin zion Alemaniako iazko datuari; haren ustez, «baikortasunerako datua da» herrialdearen %5 inguruko atzeraldi txikiagoa, baina kezka dauka ez ote den gehiegi handituko tartea Alemaniako enpresen eta Europako Batasuneko beste enpresen artean lehiakortasunari dagokionez.

Sektore kaltetuenak

Pandemiak bereziki zigortu ditu industria eta zerbitzuak. «Industria produkzioaren indizea amildu egin da». Cebeken datuen arabera, farmazia eta energia alorrek egoerari eutsi badiote ere, oso inportanteak diren automozio eta aeronautika sektoreen suspertzeak oraindik denbora asko beharko du. Eraikuntzak nozitu du gutxien krisia, baina eten egin da alorrak azken urteetan izandako suspertzea. «Zer esan merkataritzaz eta ostalaritzaz...». Garcinuñok kontsumoaren apaltze itzela azpimarratu du.

Horiek horrela, egin zaien galdeketari erantzunez, Bizkaiko enpresek uste dute errealitatea hobeagoa dela irailean ikusten zutena baino, baina, hala ere, egoera «oso kezkagarria» dela.

2021. urteari begira, koronabirusaren aurkako txertoa da «gizartearen eta ekonomiaren itxaropena», Garcinuñoren ustez. «Biztanleriaren zati handiena txertatzeko dosi nahikoa iritsiko balitz, logikotzat joko genuke mutualitateek erabiltzea, pandemiari denbora irabazteko». Cebekeko buruak jokaleku jakin batean kokatu du proposamen hori: «Botika ekoizleen produkzio ahalmena handitu egingo da, eta, dosi askoz gehiago iritsiko balira, 15.000 iritsi beharrean bat-batean 100.000 iritsiko balira, Osakidetzak aztertu beharko luke ea osasungintza pribatua behar duen txertatze erritmo ahalik eta handienari eusteko. Mutualitateak prest leudeke, erabat».

Patronalaren arabera, Bizkaiko enpresak, oro har, gustura daude izan diren laguntzekin, hala nola ICOren funtsek eta Elkargiren finantzaketa lerroek emandako likideziarekin. Baita hainbat ordainketa atzeratzeko aukerarekin ere (PFEZa, BEZa, kotizazi- oak...). Dena den, uste dute enpresa batzuek bizirik irauteko laguntza zuzenak beharko dituztela; «ordainketa atzeratzeak ez die balio».

Erregulazioekin, erdizka

Cebekek ere oso ongi ikusi ditu enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenak, eta haiek luzatzea krisiak iraun bitartean. Garcinuñok, ordea, ez du iritzi bera erregulazio horiek dakarten kaleratze debekuari buruz: «Ez dugu ontzat jotzen kaleratzeko debekuak bere horretan jarraitzea, arriskuan jartzen dituelako ABEEei lotutako zein lotu gabeko enpresak». Bizkaiko patronaleko buruak ulertzen du laguntza publikoek baldintza batzuk izan behar dituztela, eta enplegua mantentzeko laguntzetatik ezin dutela onurarik izan kaleratzeak egiten dituenak. «Baina kaleratzeagatik itzuli beharreko kopuruak kaleratu gabeko pertsonengatik jasotakoari eragiteak ez du proportziorik; enpresa egoera oso delikatuan jar dezake. Debekuak are zentzu gutxiago du ABEEetara lotu ez diren enpresetan; haientzako saria da orain kaleratzeak bidegabeko bihurtzen direla».

Zerga sistemari buruz, Bizkaiko patronalak orain arteko jarrera berretsi du: «Uste dugu ez dela zerga presioa aldatzeko garaia, gorantz aldatu nahi bada behintzat. Zerga presio handiagoak ez dakar zerga bilketa handiagorik».

Cebekek EBren funtsei buruz ere galdetu die Bizkaiko enpresei. Ezinbestekoak direla uste dute, inbertsio publikoa eta pribatua sustatzeko. Baina gehienek ez dute uste funts horiek enpresa txikietara eta ertainetara iritsiko direnik. Hainbat gauza zehazten diren bitartean, proiektu askoren dimentsio publikoari begira, banaketa eta tamaina ikusita, enpresa askok uste dute funts horien onura zeharka iritsiko zaiela, jarduera ekonomikoa suspertzen duten heinean, edo enpresa handien trakzioaren bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.