Aitor Lekanda: «Garatu berri dugun ikerketa arrantzaleei lan karga kentzeko baliagarria izan daiteke»

Biologoa eta arrantzalea da Lekanda. Ikerketa eta berrikuntza zientifikoen bidez, bere jarduera sektoreetan garapen soziala lortzea eta lehiakortasuna hobetzea da Azti zentro zientifiko eta teknologikoaren helburua.

(ID_17307307388085) Aitor Lekanda, Aztiko biologoa
Aitor Lekanda, Aztiko biologoa.
Ainhoa Astarloa Beotegi (Busturialdeko Hitza)
2024ko azaroaren 4a
14:00
Entzun
Adimen artifizialarekin lotura estua duen ikerketa bat garatu berri duzue. Zein?

Garatu berri dugun ikerketa, azken finean, adimen artifizialaren ereduak erabiltzea da, arrain banku desberdinen espezieak identifikatzeko. Arrain bankuak kanpaina zientifikoetan eta arrantza munduan baliabide akustikoen bidez identifikatzen ditugu. Hau da, baliabide akustiko horiek arrain taldeak identifikatzeko balio dute, baina ez zein espezietako arrainak diren jakiteko. Hala, Aztik daraman Jubena izeneko kanpaina zientifiko batetik datoz nire datuak urtero, antxoa gazteak aztertzeko erabiltzen dena. Baina beste arrain txiki askoz ere baliatzen gara biomasak egiteko, eta horrela, hurrengo urtean espezie horretako zenbat arrain egongo diren jakiteko. Beraz, datu horiekin, nire doktoretza proiekturako 2013tik 2020ra arte eduki ditugun datuez baliatu naiz, patroiak ateratzen ahalegintzeko eta espezie bakoitza zelan batzen den jakiteko. Izan ere, badirudi banku guztiak direla berdinak, baina gero aniztasun handia dago urpean, eta horretarako patroi desberdinak daude, gutxinaka-gutxinaka arrantzaleak ezagutzen doazenak. Beraz, ikerketaren ideia da pertsona batek bereizpen hori egin badezake, adimen artifizial eredu baten bidez arrain banku desberdinen ezaugarri denak ateratzen saiatzea, gero hori objektiboki erabili ahal izateko. Hiru urtez proiektu hau aurrera ateratzeko bideak bilatzen eta hausnartzen egon ostean, modelo probabilistiko bat egitea bururatu zitzaigun, datuak emanez patroiak atera ditzan.

Sistema horrek zertan hobetuko luke arrantza sektorea?

Adimen artifizialari nahi dituzun datu denak sartzeko aukera dagoela ikusita, denbora askorik behar ez duen bide bat bilatzea zen gure helburua ikerketa horrekin, arrantzaleen lan karga kentzeko. Azken finean, sektore horretako langile batek egin dezakeen lana da, baina modu honetara, esperientziaren beharrizan hori ez da oztopo izango, eta denbora aldetik, beste horrenbeste. Horiek dira sektoreak ala sektoreko langileek izango dituzten hobekuntzak eta onurak. Gainera, jasangarritasuna bermatzeko modua ere bada, baztertutako asko murriztuko lituzkeelako. Hasiera batean, nire doktoretza tesirako soilik zen proiektua, baina arrantzan ezartzea posible dela ikusita, eredu hori eko-zunda batean ezartzea da orain dugun ideia, zuzenean arrantzaleak zein espezierekin lanean ari diren jakiteko. Arrantza sektorean ezartzea lortuz gero, baliabide oso on bat izango dela uste dugu.

Elkarrizketa osoa Busturialdeko Hitza-n irakurgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.