Bakarrizketa

Garagardoak eta kañetarako bidaide aldrebesak

Ostiralean izan zen Garagardoaren Nazioarteko Eguna. JAVIER BELVER / EFE
Ostiralean izan zen Garagardoaren Nazioarteko Eguna. JAVIER BELVER / EFE
Irune Lasa.
2024ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun
Goazen kaña batzuk hartzera!

Ni zurekin edozertara joango nintzateke, baina, dirudienez, euskal herritarrek beste lagun batzuk gogokoago omen dituzte «kañak eta pintxoak hartzera joateko». 

Um... Norekin ordezkatu nahi nauzu? 

Ea, soilik pertsona famatuei buruz ari da, baina Cerveceros de España elkarteak enkargatutako inkestaren arabera, EAEko herritarrek Aitana abeslariarekin eta Rafa Nadal tenislariarekin joan nahiko lukete poteatzera, eta nafarrak, berriz, Candela Peña aktorearekin eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin.

Nadal? Sanchez? Enee...

Okerragoa izan zitekeen, madrildarrek Isabel Diaz Ayuso eta Antonio Banderas aukeratuko lituzkete. 

Poteoan ibiltzeko gogoa joaten ari zait.

Horrelako inkestekin hala gertatzen da. Dena den, ospatu beharko da ostiralean Garagardoaren Nazioarteko Eguna zela. 

Ez da aitzakia txarra, berriz ere kañetarako gogoa pizteko.

Aitzakia hori erabili du Eurostatek ere aste honetan, Europako Batasuneko garagardo ekoizpenaren datuak emateko. 2023. urtean, 32.500 milioi litro garagardo alkoholdun egin zituzten Batasunean, eta beste 1.800 milioi litro %0,5etik beherako alkohol graduazioarekin edo alkoholik gabe. Guztira, 34.300 milioi litro. 

Garagardo asko da hori.

Baina 2022. urtean ekoitzitakoa baino gutxiago. Garagardo alkoholdun gutxiago egin da 2023an Europan, %5 gutxiago (-1.700 milioi litro). Alkoholik gabekoaren ekoizpena, aldiz, %13,5 handitu da: 200 milioi litro gehiago. 

Garagardogintzan alemaniarrak nagusi oraindik, ezta?

Hala da. Alemanian ekoitzi zen EB guztian egindako garagardoaren %22,3 (7.200 milioi litro); Espainia da hurrengoa sailkapenean, ekoizpenaren %12,4rekin (4.000 milioi litro); Polonia da hirugarrena, %10,8rekin (3.500 milioi litro); Herbehereak laugarren, %7,5ekin (2.400 milioi litro), eta belgikarrak bosgarren, ekoizpenaren %6,3rekin (2.000 milioi litro). 

Aa... Fraideen irudiak dituzten garagardo belgikar horiek...

Esportatzen hobeak dira, hala ere, herbeheretarrak; 1.800 milioi litro garagardo esportatu zituzten 2023an.

Bale bada, garagardo herbeheretar horietako bat probatzera gonbidatzen zaitut.

Izan daiteke alkoholik gabe? Adinean aurrera goaz, eta hasi beharko dugu zaintzen...

Adinarekin ez goaz hobera, ez, eta agian adinak esplikatu ditzake gauza batzuk: Aitana, Rafa Nadal, Pedro Sanchez, Ayuso... Dedio!

Ea, ea... Edango dugu Belgikako bat, kontsolagarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.