Gamesak dio Nafarroarekin hitz egiten ari dela Agoizko planta berriz irekitzeko

Konpainiak galera historiko batzuen berri eman du: 918 milioiko zuloa aurten. Ez du baztertzen lantegi batzuetan doikuntza planak egitea, baina ez du esan non

Uztailean Agoizko lantegiaren itxieraren aurka eginiko manifestazio, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Siemens Gamesak jakinarazi du Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen ari dela Agoizko lantegiko jarduerari berrekiteko. «Agian etorkizunean aukera bat egongo da lantegi horretan; gure zentro teknologikoarekin eta beste hornitzaile batzuekin ari gara lanean». Kontseilari ordezkariak aditzera eman duenez, ez litzateke izango orain arte bezala haize erroten palak ekoizteko, produktu berrietarako baizik. «Ikusiko dugu bakarrik egiten dugun edo Nafarroako Gsobernuarekin batera edo beste bazkide batzuekin», adierazi du Andreas Nauen kontseilari ordezkariak. Ez du xehetasun gehiago eman; enpresaren emaitzak aurkezteko eginiko agerraldi telematiko batean mintzatu da horri buruz, kazetarien galderei erantzunez.

Abuztuan itxi zuten fabrika. Enpresak prestakuntza eta orientazio plan bat eskaini dizkie langileei, eta konpromisoa hartu du behargin guztiak birkokatzeko hamabihilabeteko epean (hamabost hilabete, 50 urtetik gorakoen kasuan). Guztira 238 pertsona zeuden han.

Laster ikusiko da Agoizko plantari buruz esandakoa zer neurritan den egingarria. Izan ere, enpresak iragarri du balitekeela doikuntza gehiago egitea errentagarritasuna lortzen saiatzeko prozesuan, baina ez du eman xehetasunik. Dena den, Nauenek azpimarratu du taldeak «oinarri sendoak» dituela «errentagarritasun iraunkorrera itzultzeko». «Dagoeneko martxan dauden neurriek gure jarduna hobetuko dute, eta gure indarguneak indartuko dituzte, klima aldaketaren aurkako borrokan etorkizun bikaina duen industria baten buru izateko jarrera hartuz».

Siemens Gamesak 918 milioi euroren galera historikoak izan ditu 2020ko ekitaldi fiskalean (iazko urritik aurtengo irailera arte), COVID-19aren eraginez. Enpresaren arabera, datu horiek agerian uzten dute Indiako merkatuaren etengabeko moteltzea eta Europako iparraldean proiektuak gauzatzean izandako gainkostuak, oraingo krisiak areagotu egin dituenak. Aurten salmentak %7 jaitsi dira. 9.483 milioi eurorenak izan dira; horietatik 2.868 milioi, azken hiru hiruhilekoan.

Eskaera zorroa handituz

Egoera «zaila» dela aitortu arren, konpainiak azpimarratu du 14.736 milioiko «eskaera errekorra» izan duela 2020ko ekitaldi fiskalean, %15,6 igo baita. 30.248 milioiko eskaera zorroa du. Konpainiak azpimarratu duenez, «etorkizunerako oinarri sendoa eta energia eolikoaren potentziala» islatzen ditu horrek.

Egoerari aurre egiteko, zuzendaritza taldeak 2021-2023ko eperako negozio plan bat abiarazi zuen abuztuan, itsasoko eolikoetan (offshore) eta zerbitzuetan izandako «hazkunde errentagarriari» eusteko, eta lurreko eolikoetan (onshore) izandako galerei buelta emateko.

Hala, 2021-2023ko eperako bide orri bat ezarri zuen Andreas Nauenek gidatzen duen zuzendaritza berriak —ekainean, Markus Tacke ordezkatu zuen Nauenek—. Konpainiak espero du 2021ean 10.200 eta 11.200 milioi euro arteko salmentak lortzea, eta 2023an merkatua baino azkarrago haztea. Siemens Gamesak, ekoizpen bolumenari baino gehiago, errentagarritasunari emango dio lehentasuna, kutxa fluxuan eta iraunkortasunean zentratzeko. Konpainiak jakinarazi du 4.200 milioi euroko likidezia duela finantzaketa lerroetan, eta horietatik 1.100 milioi euro baino ez dituela erabili, eta 49 milioi euroko zor garbia duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.