Izurdeen babesteko hilabeteko arrantzarako debekuaren ondoren, negozioko galtze handiak deitoratu dituzte Lapurdiko arrantza saileko ordezkariek. Urtarrilean, %72ko jarduera apaltze bat kontatu dute Donibane-Ziburuko portuan, 760 tona arrain gutxiago lehorreraturik eta 1,057 milioi euroko galtze garbia. Arrangura agertu dute 2025eko eta 2026ko urtarrilerako debekuengatik.
Gobernuz kanpoko lau erakunde ekologistak helegitea jarri ondoren —DMA, FNE, Sea Sheperd eta LPO—, Frantziako estatu kontseiluak erabaki bat hartu zuen joan den abenduaren 22an, eta, haren bidez, Bizkaiko golkoan itsasoratzea debekatu zien zortzi metroko eta goragoko arrantzontziei. Urtarrilaren 22an indarrean sartu zen debekua, eta otsailaren 21ean, asteazkenean, atera ziren berriz itsasora ontzi horiek.
«Lehen-lehenik, galtze ekonomiko handiak dira sail osoarentzat», erran du Akitaniako Ekoizle Arrantzaleen Antolakundeko zuzendari David Millyk. Lapurdiko eta Arcachongo (Okzitania) ekoizleen antolakundea da, egoitza nagusia Ziburun daukana. Tona kopuru handienak ateratzen eta «urteko garai honetan gehien erabili» teknikak dituzten ontziak dira hunkiak izan: sare ontziak, bolintxeroak eta pelagikoak.
Arrantzari lotu zerbitzu enpresek ere pairatu dute geldialdia, saileko ordezkarien arabera. Adibiderako, ontziei hornidurak, erregaia eta izotza saltzen dizkien Ziburuko La Basquaise kooperatibaren jarduera %30-45 artean apaldu da. Halaber, Donibane-Ziburuko portua kudeatzen duen Tokiko Sozietate Publikoaren izotz salmenta %78 beheititu da, iazko garai berari konparatuz (-120.834 euro). «Horiek zailtasunak dituzte, alta, eta ez dute kalte ordain handirik ikusiko».
Arrain erosleak ere kaltetuak izan dira. 2023arekin alderatuta, gehien kalteturiko erosleak zerrendatu dituzte saileko arduradunek: Hego Euskal Herriko arrantzontziak (-%99), Akitania Berriko arrain saltzaileak (-%70), Pirinio Atlantikoetakoak eta Landetakoak (-%56), Frantziako beste eskualdeetakoak (-%72), Hego Euskal Herriko arrain saltzaileak (-%47).
Sardinaren garaia
Arrantza debekuagatik gehien zuhurtu diren arrainak sardinak dira, baita sareko legatza, mihi arraina, lupia eta zapoa ere.
Sardina arrantzatzen dutenak bolintxeroak dira. Millyk dio otsaila sasoi betea dela horientzat, eta, ondorioz, sardinaldia azkarki kalteturik aterako dela. «Sardinaren urtaroa erabat huts eginen dugu, non ez duten ontziek otsail bukaeran eta martxoan berreskuratzen. Baina nekez; martxorako, sardina urrundua baita gure itsas hegitik».
Arrainen prezioa emendatzea ekarri du kopuruen gutxitze horrek: %81eko emendatzea. Bereziki, arrain zabalentzat eta legatzarentzat.
Kalte ordainak
Frantziako Gobernuak kalte ordainak hitzemanak dizkie hilabete batez atera gabe egon diren arrantzontziei. Halaber, galtzeak izan dituzten arrain saltzaileei. Baina Millyk dio «kezkatuak» direla, oraindik ez dutelako «kalte ordainetarako behin betiko dispositiborik». Beraz, arrantzaleek ez dakite zenbateko kalte ordaina eskuratuko duten. «Batzuk itsasora itzuli dira jakin gabe marinelei hilabete saria aitzinatzen ahalko dieten». Millyk esperantza du hemendik bi astera laguntza galdeak helarazten ahalko dizkiotela administrazioari.
Millyren ustez, arrantzontzi batzuk uzteko lanjerean ezarri ditu egoerak. «Gutxiengo bat dira hein horretan, mementoko, baina diru laguntzen behar gorria dute». Azen ontzeko, itsasoratzea berriz haizu den tenorean aro txarra agertu da, eta ez ditu aferak lagundu. «Ontzi batzuentzat —eta balio du ontzi ttipienentzat—, berrogei eguneko geldialdia ekar dezake».
Arrantzontzi bakoitzaren kalte ordaina kalkulatzeko, administrazioak azken hiru urteetako batez besteko negozio zifrari begiratzen dio.
Frantziako estatu kontseiluak hartu erabakiak dio debekua berriz ezarriko dela 2025eko neguan eta 2026koan. Diotenez, arrantzontziek 5.000 eta 10.000 izurde artean harrapatzen dituzte urtean. Millyk arriskuan ikusten du ofizioa, eta izurdea ez harrapatzeko tekniketan ikusten du aterabidea: «Etorkizuna ez da arrantza hestetik etorriko, baizik eta izurdeekiko elkarbizitzako aterabideetarik». Frantziak 20 milioi euro ezarriak zituen ontzietan baliza akustikoak, kamerak eta bestelako teknikak saiatzeko neguan. «Esperimentaziorako beste negu bat galdu dugu», damutu da ekoizleen ordezkaria.