Irune Lasa.

Galtzaile izan nahi ez duten nekazariak

2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Traktoreak nonahi. Frantziako errepide funtsezkoetan, Poloniako hiri nagusietan, Branderburgoko atean, Bukaresteko sarreretan, Dublingo erdialdean, Hagan manifestazioetan... Nekazarien protestak areagotu egin dira azken asteetan Europan, baina haien suminak soka luzea du, eta hari asko.

Testuinguru honetan, protesta horien ezaugarri nagusietako bat presio ahalmena da, batez ere Frantzian, baina baita Herbehereetan eta Alemanian ere. Haserretutako nekazariek traktoreekin bizimodu normala blokeatzeko duten gaitasuna handia da, baina badute beste indargune bat ere: Polizia haien kontra bidaltzea garesti ateratzen dela politikoki.

Kontu hori eztabaidarako iturri izan da aste honetan Frantzian. Ekologistak kexu ziren lehendik, gobernuak haien protestei eta nekazariei emandako tratu desberdinarengatik, baina Gerald Darmanin Barne ministroak «[nekazarien] sufrimenduaren kontra» ez duela CRSrik bidaliko esan eta ia berehala amorrazioa areagotu egin zen beste kolektibo batzuetan. «[Gomazko pilotekin] itsu geratutako Jaka Horiek, kriminalizatutako sindikalistek, eraitsitako migratzaile kanpamentuek, gerra armekin hartutako ekologista gazteek... eskertuko dute», erantzun zion ministroari X sare sozialean Frantzia Intsumisoko Clementine Autainek.

Ezin da ukatu oraindik ere nekazariek eta haien protestek itzal berezia dutela gizartearen imajinarioan, eta are gehiago Frantzian. Hala ere, ekonomiaren neurrira ekarrita, laborantzaren pisua ez da garai batekoa. Europako Batasunaren barne produktu gordinaren %1,4 hartzen du nekazaritzak (2022), eta 8,7 milioi langile.

Laborari txikiek orduak eta orduak egiten dituzte beharrean, gehienetan ordain 
eta aitortza eskaserako. Eta hor suminaren jatorria.

Hori ba, imajinarioez, eta neurrira ekartze horretan, zenbaitetan ez da kontuan izaten nekazaritzan ekoizle handiak daudela batetik, eta txikiak bestetik. Badaude esportazioekin negozio polita egiten duten talde handiak, eta badaude tokiko merkatuak elikatzen jarduten diren familia ustiategi txikiak. 

Azken horietan ondarea, etxea, bizitza eta bizibidea gauza bera dute; orduak eta orduak sartzen dituzte beharrean, gehienetan ordain eta aitortza eskaserako. Eta hor suminaren jatorria, funtsa. Bidezko ordaina lan baldintza duinekin. Aise uler daitekeen eskaria. 

Ordain eta etekin eskasen su horri su ematen diote prezioak azpiratzen dituzten banaketa talde handiak, merkataritza libreko itunak, nitrogeno eta pestiziden debekuak... Eta gehiago erregaiak eta lehengaiak garestitzeak, laguntzetatik bizi direla leporatzeak, Bruselatik eta beste kapitaletatik datozen aginduek eta arauek, eta baita ekologisten mezuak ere. 

Hor beste talka handi bat dago. Trantsizio ekologikoa haien kontra doala uste dute nekazari askok. Baina egia da, era berean, denek ez dutela guztiz bat egiten ekologismoaren kontrako mezu gogorrenekin, eta ez dira gutxi aspalditik ingurumenaren babesari lotuta daudenak, batik bat ekoizle txikien artean. Horrez gain, laborariak dira lehendabizikoak klima aldaketaren ondorioak igartzen; badakite nola dagoen panorama.

Baina kontua da nola egin nahi den trantsizio ekologiko hori. Galtzailerik badago, aldaketa horretan batzuek galtzaile huts bezala ikusten badute euren burua, horrek ondorioak izango ditu; izan ere, derrota eta umiliazio sentipen hori interes propioetarako xaxatuko duten sarraskijaleak ez dira faltako. Eskuin muturra disimulurik gabe ari da laborari suminduak eta haien itzala baliatu nahian, Alemanian, Herbehereetan eta Frantzian. Ez da berria; globalizazioaren eta Finantza Krisi Handiaren galtzaileekin elikatu dira aurretik. 

Laborariek ez dute galtzaile izan nahi, eta haien dieselezko traktoreek badakarte mezu hori ere, trantsizio ekologikoak ere bidezkoa, justua izan behar duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.