Alemaniako ekonomiak galga jarria du

Atzeraldian izan da Alemania azken bi urteetan, eta aurtengo oso hazkunde apala espero du. Herrialdeak inbertsioak behar ditu azpiegituretan, baina konstituzioak jarritako mugak, hau da, zorraren galgak zaildu egiten du horretarako dirua aurkitzea.

Olaf Scholz eta Friedrich Merz, asteazkeneko telebista eztabaidan. FABRIZIO BENSCH / EFE
Olaf Scholz eta Friedrich Merz, asteazkeneko telebista eztabaidan. FABRIZIO BENSCH / EFE
Iker Aranburu.
Berlin
2025eko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Olaf Scholzen porrota begi bistakoa da. Mirari ekonomikoen aroa agintzen iritsi zen Olaf Scholz Alemaniako gobernura, eta errealitate gordinago baten errealitatearekin utziko du: Alemaniako ekonomia atzeraldian izan da azken bi urteetan, eta aurten asko jota hazkunde txiki bat izango du.

Esportazioek asko lagunduko ez dutela ikusita —Txinaren merkatua zailtzen ari zaio, gerra komertziala AEBekin...—, barrura begiratu beharko du, eta hor aurkituko du inbertsioa trabatzen duen tresna, schuldenbremse edo zorraren galga, defizita mugatzen duen araua. Hura uztea edo erreformatzeak beteko du eztabaida ekonomikoaren parte bat hurrengo hilabeteetan.

Alemaniako Konstituzioaren 109. eta 115. artikuluek diote herrialdeak aurrekontu orekatua izan behar duela, eta asko jota barne produktu gordinaren %0,35eko egiturazko defizita izan dezakeela gobernu federalak —eta zero, landerrek—. 2009an bultzatu zuen arau hori Angela Merkelek, eta 2016an sartu zen indarrean. Haren bitartez finantza merkatuei erakutsi nahi zitzaien Alemania ez zela euroguneko hegoaldeko herrialdeen modukoa, eta serio hartzen zuela kontu publikoak kontrolatzearen auzia.

Aldekoek diote muga horri esker Alemaniak lortu duela beste inork baino merkeago finantzatzea eta bere zor publikoa kontrolpean izatea —%62,9koa da, euroguneko estatu handienen artean txikiena—, baina arazo bat sortu dio. Dirua falta zaio egin nahi eta behar dituen gauza guztiak egiteko: energia trantsizioan eta digitalizazioan inbertitu, eskolak eta etxeak eraiki handitzen ari den biztanleria zerbitzatzeko, trenbideak eta autobahn ospetsuak konpondu —kilometro askotan 80ra joan behar da, baina ez bihurgune arriskutsuak dituztelako, baizik eta zoruaren egoerak autoak hondatuko lituzkeelako bizkorrago joanez gero—.

Horri gehitu behar zaio Berlinek Ukrainari laguntza ematen jarraitzeko konpromisoa hartu duela, eta gastu militarra handitzen ari dela, Donald Trumpen eta NATOren presioaren ondorioz. Iaz iritsi zen aspaldiko partez aliantza militarrak markatzen duen %2ko gutxienekora, baina orain kopuru hori txiki geratu da: Trumpek %5 aipatu izan du, baina %3koa proposatu du NATOk.

Atea zabalik

Aurrekontuei buruzko desadostasunek hautsi zuten Scholzen gobernua, zorpetu ahal izateko zirrikituak erabili nahi zituzten sozialdemokratek eta berdeek, eta ezetz ziotelako liberalek. Eta zorpetzeari buruzko eztabaidek markatuko dute hurrengo gobernua.

Hauteskundeak irabazteko faboritoak, Friedrich Merz kontserbadoreak (CDU), mezu kontraesankorrak zabaldu ditu azken asteetan. Batetik, zalantzan jarri du zor gehiago hartzea egokia ote den. «Zenbateko zorra nahi dugu? Gure seme-alabekiko betebehar bat daukagu, noizbait ordaindu beharko dute eta».

Bestetik, atea ireki dio aldaketak egiteari. «Edozer gauza eztabaidatu daiteke», azaldu du kanpainan, eta antzeko adierazpenak egin izan ditu aurretik ere.

Malgutasun horren beharra du Merzek, haren CDU-CSU batasunak ez duelako nahiko aulkirik izango bakarrik gobernatzeko. Gutxienez aliatu bat beharko du, eta horretarako bi hautagaiek —SPDk eta Berdeek— argi utzi dute malgutasun handiagoa nahi dutela gastuan. «AEBek %120 zorra dauka, eta Alemaniarena %60ra ari da jaisten», argudiatu du Scholzek.

Antzera mintzatu da Robert Habeck berdeen bozeramailea: «Ezin zaio etorkizuneko erronkei aurre egin 2000ko hamarkadako arau zorrotz batekin; hain zuzen, arau hori globalizazioa handitzen ari zen garaikoa da, Europan gerra ez zegoenekoa».

Edonola ere, CDUk amore eman eta zorraren galga onartu nahi izango balu, Bundestagen bi herenen gehiengoa beharko litzateke neurriak aurrera egin ahal izateko. Lehen baino eskurago dirudi horrek, batez ere parlamentuan sartzeko aukerak handitu dituelako azken asteetan Die Linke ezkerreko alderdiak, eta hura defizita mugatzeko arauaren erabat aurkakoa delako.

AfDk, ordea, zorrotz defendatzen du, eta baliteke aulkien bosten bat lortzea. Gauza bera egiten du FDP liberalak, baina inkestei erreparatuta, horrek ez du %5eko muga gaindituko.

Gastu soziala jaitsi nahi du CDUk

Baina zorrera jo aurretik, dirua beste nonbait aurkitu nahi du Merzek: gastu sozialean aurreztu nahi du. «Lehentasun berriak behar ditugu aurrekontuetan, eta horrek esan nahi du ezin dugula dena egin». Diru laguntzak txikitu nahi ditu, administrazio publikoa murriztu eta, batez ere, langabezia laguntzak apaldu, «jende gehiagok lan egin dezan». 

%55

Zorraren galga aldatzearen aldekoak. Hainbat urtez Alemaniako herritarrek babestu egin dute defizita handitzeko araua, baina iritzi publikoa aldatzen ari da. Azken inkesta batek dio %42k soilik eutsi nahi diotela dagoen bezala. Beste %55ek, berriz, erreformatu nahi dute, edo bertan behera utzi..

Aldi berean, kontserbadoreek oposizioan egin ohi duten moduan, zerga murrizketa handiak proposatzen ari da CDU-CSU batasuna. Ogasunak 80 eta 110 milioi euro gutxiago biltzea ekar dezakete murrizketa horiek, baina kontserbadoreek uste dute hazkunde ekonomikoak berak estaliko duela zuloa.

Zenbakiak ez direla ateratzen erantzun diote bere balizko hautagaiek, besteak beste, gaur egungo egiturazko arazoekin Alemaniaren hazkundea oso apala izango delako hurrengo urteetan: %0,3 izan daiteke aurten eta %1,1 2026an, Habeckek urtarrilean aurreratu zuenez.

zirrikituak badaude

Zorraren galga biguntzeko adostasunik lortu ezean, Alemaniako Gobernuak badu beste aukera bat bere aurrekontua zorraren bitartez handitzeko: aurrekontuetako balantzetik kanpo dagoen funts bat sortzea. Hori egin zuen Olaf Scholzen gobernuak, Ukrainaren inbasioaren ondotik armak eta munizioak aurrekontuen mugarik gabe erosi ahal izateko. Ondoren, saiatu zen COVID-19aren aurkako borrokan gastatu ez zen dirua energia trantsiziorako erabiltzen, baina ezezkoa eman zion Auzitegi Konstituzionalak, eta horrek bizkortu zuen gobernu krisia. Orain, azpiegiturak konpontzeko funts bat eta gastu militarrari eusteko beste bat sortzeko aukera plazaratu dute ekonomistek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.