Behingoz, Europako Batasunak berea egin du. Ohiko laguntza egitasmoez gain, beste 750.000 milioiko Next Generation EU plana (NGEU) jarri du berreraikuntza zein eraldaketa ekonomikorako. Diru emaria itzela izanagatik, ez da erronka erraza hura osotasunean baliatzen jakitea. Estatuei dagokie dirua banatzea, eta oraintxe zalantza ugari daude irizpideez, epeez eta baldintzez. Dirua jasotzeko lehia handia antzematen da erakundeen zein enpresen artean. Hego Euskal Herriko gobernuek onartu dute ziurgabetasunak urduritasuna sortzen diela. «Besteak zertan ariko diren eta gu nahikoa egiten ari garen begira gaude. Arauak, epeak, tresnak eta kopuruak finkatzeko daude», onartu du Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak. Ez da gutxiagorako. Galdu ezin den aukera on baten aurrean daude.
ESTATUEN ESKU
Suspertze eta erresilientziako funtseko diruak estatuen bitartez eskatuko dira Bruselara, eta horrek esan nahi du, hein handi batean, Espainiako Gobernuak eta Frantziako Gobernuak emango dietela neurria eta forma Euskal Herrira irits daitezkeen Europako diruei.
Espainiako Gobernuak aste honetan ezagutarazi ditu bere asmoak. «Espainiako ekonomiaren bigarren modernizazioa» abian jartzeko 2021-2023. urteetan 72.000 milioi euro gastatuko ditu Pedro Sanchezen gobernuak, Bruselak agindutako 140.000 milioi euroren ia erdiak. Diruaren %37 trantsizio energetikorako eta ingurumenaren aldeko neurrietarako erabiliko dute —EBk finkatutako gutxienekoa—, eta %33, berriz, ekonomia eta gizartea digitalizatzeko —EBk %20ko gutxieneko muga jarri du—. 800.000 lanpostu sortuko direla iragarri du PedroSanchez presidenteak.
Frantziako Gobernuak, berriz, irail hasieran aurkeztu zuen France Relance plana. 100.000 milioi euroren inbertsioetatik %40 Europatik iritsiko direla espero du Parisek. «Frantzia 2030erako prestatzeko» 70 neurri ditu, eta diruaren zati handi bat trantsizio energetikoarekin lotutako proiektuetara joango da. Enpresei zergak jaistea ere aurreikusten du. «Lurralde eta gizarte kohesioa bermatzeko» jarriko diren diruekin, besteak beste, tokiko erakundeen inbertsioak bultzatuko ditu. Planaren bitartez, 160.000 enplegu sortu nahi ditu Frantziako Gobernuak.
PROZEDURA
Sanchezek asteon aurreratu duenez, Ministerioarteko batzorde bat osatuko du erabakiak hartzeko, eta hari «sostengu teknikoa» emateko unitate bat eratuko du, oso hurbileko duen jendearekin. Unitate horretan zentralizatuko dira erkidegoekiko harremanak eta harreman publiko-pribatuak. Funtsen kopuruen eta norakoen «birprogramazioaz» txostenak egiteko eskumena izango du. Alta, ez du argitu zenbat banatuko duen erkidegoen artean eta nola.
Zehaztasun gehiagoren faltan, urriaren 26an, Sanchez eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea erkidegoetako gobernuetako presidenteekin bilduko dira, eta, gehiago jakiteko asmoz, bilera horren zain daude Hego Euskal Herriko gobernuak. «Borroka handia egongo da», aitortu du Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak. Espainiako Gobernuak isilpean gorde du bere asmoa. «Nahiago izan du Pandoraren kutxa ez ireki, gutxieneko akordioa lortu eta ondoren erkidegoei zabaldu. Orduan hasiko da borroka», arrazoitu du.
Asteon Madrilek iradoki duenaren arabera, inbertsiorako giltza Espainiako Gobernuak berak izango du, eta erkidegoei zein alderdiei mehatxu bat jarri die buru gainean: datorren urtean, 27.000 milioi euro banatuko dira, eta diru hori jaso ahal izateko, estatuko aurrekontu orokorrak onartu beharko lirateke. «Gobernuak gutxienez 176 boto beharko ditu Kongresuan. Aurrekonturik gabe, dirurik ez. Bestela, nola azaldu daiteke Bruselan Cristobal Montororen[PPko Ogasun ministro ohiaren] aurrekontu luzatuekin? Ezinezkoa da», salatu du Irujok.
FINANTZAKETA
Zenbat diru jaso dezake Hego Euskal Herriak? Oso goiz da jakiteko. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa talde baten arabera, Nafarroak BPGaren %2 eta %4 artean —hots, 424 milioi eta 850 milioi artean— jaso ditzake transferentzia zuzen bidez. Ehuneko horrek balio dezake erreferentzia gisa Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ere. Dena den, Mikel Casaresek, azterketaren egileetako batek, argi du proiektuei soilik erreparatuz gero onura handiagoa izango dela, Hego Euskal Herria hobeto prestatua dagoelako. «Guk proposatzen dugu helburuekin bat egiten duten eta ahalik eta errentagarrienak diren proiektuak aukeratzea».
Egitasmo horietako gehienak epe luzekoak izango direnez, finantzaketa gehigarria beharko dute. Laguntza zuzenez gain, Europako Batasunak Espainiari 67.300 milioi euro mailegatzeko konpromisoa hartu du. Hortik, Hego Euskal Herriari poltsa bat egokituko zaio: «Oraingoz, ez da plazaratu mailegu horiek egonkortasun arloko araudiari begira eta defizitari begira tratamendu positiboago bat izango duten», azaldu du Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, berriz, iragarri du zorra jaulkitzeko aukera: 1.400 milioi euroko kopurua aipatu du.
Hegoaldeko gobernuek abantaila bat dute. Azken hiru urteetan superabitak pilatu izanaren ondorioz, zor merkatuetako finantzaketa kostua Europako Batasunaren parekoa da gaur egun. Horregatik, Casaresek interesgarria deritzo finantzatzeko «beste aukerak» eskura izateari. Adibidez, azken bi urteetan ehunka milioi euro eskuratu dituzte ESG merkatuetan Nafarroak eta EAEk: «Bertan, inbertitzaileek ingurumen, gizarte eta gobernantza arloko proiektuak finantzatzen dituzte, eta Next Generationen helburuekin bat egiten du guztiz. Gobernuek aztertu beharko dute zer zaien interesgarriago: EBko mailegua edo euren kabuz joatea».
EPEAK ETA KUDEAKETA
Azpiazuk aste honetan bertan lasaitasuna eskatu du, erakundeak zein enpresak «urduri» ikusi dituelako. Ogasun sailburuaren ustez, «denbora dago», eta merezi du proiektuak ondo hautatu eta lantzea, «presaka ibili gabe». Iritzi berekoa da Mikel Irujo. Bruselaren baldintzen inguruan ere oraindik zehaztasunak falta dira, araudia Eguberrietarako onartzea espero baita. «Epe aldetik ez dut arazorik ikusten. Urrian bidaliko dituzte estatuek planen zirriborroak, eta, abendu amaieran Europako araudia onartzen denerako, bi hilabete egongo dira hori dena lantzeko».
Europako lehen diruak 2021. urtearen erdialdera iristea espero da. Bitartean, proiektuetako dirua nolabait aurreratu egingo dute erakundeek euren aurrekontuen bidez. Sanchezek adibidez, iragarri du 27.000 milioi aurreratuko dituela. «Asteon bidali den Europako araudien zirriborro batean proposatu da atzerako eragina aplikatu ahalko dela, 2020ko otsailetik eragindako gastuak barne. Dena den, letra txiki asko geratzen da argitzeko», ohartarazi du Irujok.
Denbora egonagatik, hasierako urratsak ongi kudeatu behar dira, eta azkar, Mikel Casaresen aburuz. «Ez dago denbora askorik. Asmoa da datorren urte hasieran finantzaketarekin hastea, eta diru gehiena 2021ean eta 2022an onetsi eta baimendu behar da. Asko luzatu ohi diren urratsak malgutzea eskatzen du».
Aurrera begira ere, kudeaketa on bat egin beharko dute erakundeek. Dirua 2023rako banatua egon behar badu ere, 2026ra arte gauzatu daiteke. Dena den, ordainketa tarte guztiak betetzen direla zorrotz zainduko du EBk. Eraginkorrago izateko, Bruselak babes teknikoko instrumentu bat jarri du haien zerbitzura.
Era berean, erronkaren zailtasunaren jakitun, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek adostuta,idazkaritza tekniko bat eratuko dute EAEn: Europako diruetarako «aukeragarriak» diren proiektuak aztertu eta ebaluatuko ditu. Halaber, EH Bilduko Mikel Oterok mozio bat aurkeztu du asteon Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko bulego estrategiko bat sor dezala Europako funtsak kudeatzeko. Nafarroan ere bulego tekniko baten beharra ikusten da.
ARRISKUAK
Kudeaketa kaskar bat eginez gero, Next Generation guztiz ez baliatzeko arriskua dago. Irujok azpimarratu du egun eskualdeek kudeatzen dutela Europako Batasuneko aurrekontuaren %80 eta legediaren %70. «Gure rola oso garrantzitsua da». Europako Batzordeak berak eskualdeentzako rol handiagoa aldarrikatu du.
Aitzitik, Espainiako Gobernuak proposatu du erabakigune nagusia Madril izango dela, nahiz eta planaren politika ugari erkidegoen eskumena izan: «Hainbeste diru kudeatzeak ahalmen ikaragarria eskatzen du, eta arlo askotan eskumenik ez duten ministerioen eskuetan utzi nahi dute».
Zentralizazioaren inguruko kezka bera azaldu du Edurne Magro Orkestrako ikertzaile eta enpresen lehiakortasunean eta garapen ekonomikoan doktoreak. «Finantzaketa gehiena Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik etorriko da; hots, estatuen planen bitartez egituratuko da. Horregatik da oso garrantzitsua estatuek elkarlanerako eta gobernantzarako mekanismoak lantzea, eskualde desberdinen behar espezifikoak biltzeko». Madrilek horri buruz zerbait egiteko asmoa azaldu arren, «oraindik inkognita asko daude argitzeko», Magroren hitzetan.
Horri gehituz gero Espainiako Gobernuak orain arteko urratsak isilik egin dituela, parte hartze prozesua guztiz irekia ez izateko arriskua dago, Irujoren esanetan. Interes politiko eta ekonomiko ugari daude tartean. «Guk gure estrategia dugu. Gure parte hartze prozesua landu dugu eragile guztiekin, eta orain Madrilek gure gainetik jauzi egin dezake, egindako bide hori deseginez».
PROIEKTUAK
Jaurlaritzak 66 proiektuko hasierako zerrenda bat bidali zuen abuztuan Madrilera, batez ere Bizkaian eta EAE osoan dauden egitasmoekin, Espainiako Gobernuarenak barne (11.600 milioi euro). Orain Gipuzkoak beste 33 proiektu gehitu ditu (1.000 milioi inguru). Eta Arabak ere beste zerrenda bat aurkeztekotan legoke, 800 milioi euroko inbertsioarekin. Udalek ere izango dute zeresana proiektuen zerrenda osatzerakoan. Ildo horretan, EH Bilduk Eudelen eskatu du Europatik erkidegora datozen diruen %30 udalentzat izatea.
Nafarroak Suspertu planaren barruan sartu du Next Generation. Ostegunean, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak zehaztu zuen zazpi proiektu nagusi identifikatuak dituztela. Parlamentuan, azaroaren 6an, osoko bilkura berezia egingo da gaiaz.
EUSKAL HERRIAREN INDARGUNEAK
Next Generationeko laguntzen ardatz nagusien artean daude trantsizio energetikoa eta trantsizio digitala. «Bi trantsizio horiek, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2030 Planeko oinarri estrategikoetan zeuden, trantsizio demografiko-sozialarekin batera», dio Orkestrako ikertzaileak. Antzera gertatzen da Nafarroarekin ere. Bere estrategian aukeratutako sei sektoreak bi helburuekin «oso ongi lerrokatuta» ikusten ditu Manu Aierdik. «Zortea dugu». Azken urteetako lan horren ondorioz, espezializazio adimentsuko estrategietan landutako proiektuak aukeratzeko modukoak izan daitezke.
Adibidez, autogintzan, sektore oso bat dago atzetik. «Gure ekosistema guztia hor dago, eta oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzeko aukerak daude», azaldu du Aierdik. Auto elektrikoez gain, ibilgailu autonomoak garatzeko proiektuak sar daitezke, baita energia berriztagarrien sektorearekin lotura duten egitasmoak ere. «Oraindik gauza asko ditugu egiteko, baina bide bat irekita daukagu», gaineratu du Aierdik. Trantsizio energetikoaren arloan ere, hainbat proiektu dituzte esku artean bi gobernuek.
Beste sektore indartsu bat alor soziosanitarioa da, Hego Euskal Herri osoan. «Sektore horrek garrantzia hartu du krisi honetan, eta Euskadik inbertsioak egin ditu azken urteetan bio arloko ahalmen zientifikoetan eta enpresarialetan. Horrez gain, berrikuntza gehiagoren sorkuntza erraztu dezakeen osasun sistema publikoa du. Horiek indartu egin beharko lirateke suspertze ekonomikoan», azaldu du Magrok.
Aierdik elikagai sektorea gehitu du, «elikagai osasuntsu eta iraunkorren kontzeptuan sakonduz». Turismoaren arloan ere «aukerak» daude, atal digitala eta turismo iraunkorra bultzatuz.
Horiez gain, Edurne Magrok konektibitatea eta enpresen integrazio teknologikoa indargunetzat ditu. «Ekonomiaren eta gizartearen konektibitatea neurtzen duen DESI indizeak Euskadi EBko 28 herrialdeen rankingeko bosgarren tokian jartzen du, eta postu onean ere enpresen integrazio teknologikoan». Nafarroa, berriz, seigarren postuan dago.
Dena den, oraindik asko dago egiteko. Banda zabala lurraldean zabaltzeko ahalegin handia egin dute euskal erakundeek, baina prozesu hori bururaino eramatea bultzatuko du Europako diruak. Beste egiteko bat biztanleriaren prestakuntza hobetzea izango da. Mikel Irujok azaldu duenez, EBk xede gisa jarri du 24 urtetik beherako gazteak «erabat digitalizatuta» izatea eta gainerako biztanleen artean, %70.
IRIZPIDEAK
Europatik etorriko den diru horri etekin handiena ateratzeko, hainbat aldagai hartu behar dira kontuan. «Argitu beharreko kontuetako bat da zer den proiektu bat», aipatu du Aierdik. «Alegia, proiektu bat ote den partzuergo batek energia berriztagarriekin lotutako fabrika batean inbertitzea, kasurako; edo nik, gobernu gisa, plan eta deialdi baten bidez, energia metatzeko proiektuak sustatu ditzakedan». Lehen kasuan, aukera emango du egitasmo handiak eta zehatzak bultzatzeko, baina programa irekiek aukera ematen dute «edonor aurkez daitekeen tresnak eskaintzeko». Bien nahasketa bat nahiago du kontseilariak.
Partaidetza publiko-pribatua bultzatu zein enpresa txiki eta ertainetara heltzeko orduan, Hegoaldeko klusterrek zeresan handia izango dute. Mikel Casaresen aburuz, gobernuek ahalegin handia egin behar dute laguntzen inguruko informazioa zabaltzen enpresen artean. Horri lotuta, oso garrantzitsua izango da dirua non jarri neurtzea: «Jartzen den euro publiko bakoitzeko arlo pribatuan zenbat euro mugitzen diren garrantzitsua da. Ez da gauza bera euro batekin euro bat mugitzea edo hogei», zehaztu du Aierdik.
Sektore pribatuak ideiak eta ekimena jartzen dituen bezala, alor publikoak finantzaketarekin laguntzen du. Casaresek uste du bien arteko lotura hobeto uztartu behar dela. «Arriskua partekatu behar da. Trantsizio ekologiko baterako egitasmoak hasieran ez dira errentagarriak, merkatua ez delako garatu eta unitateko kostua handia delako. Berrikuntzak sendotzean egingo dira errentagarri, epe ertainera eta luzera». Hartara, Casaresen ustez, hasierako galerak irabazi egiten direnean, funtsezkoa da ez pribatizatzea, eta sektore publikoak jarraitzea, etekin sozial bat emanez.
Egitasmoak ez dira faltako, eta, kopuru handia izanik ere, dirua mugatua da. Lehentasunak ezarri beharko dira, Aierdiren ustez. «Une jakin bateko aldaketen aldean, aldaketa sakon eta iraunkorra lortzen duten proiektuen alde egingo nuke».
PROIEKTUAK
Oraindik zehazteko dago Europako funtsen bila Jaurlaritzak eta Foru Gobernuak Madrilera bidaliko dituzten proiektuen behin betiko zerrenda, baina agintari politikoek aurreratu dituzte batzuk.
1.EKIENEA. Elkarlan publiko-pribatuarekin Armiñonen (Araba) 200 hektareako instalazio fotovoltaikoa eraikiko dute, eta orain harentzako finantzaketa Europatik etor daiteke.
2. ABIADURA HANDIKO TRENA. Bere lehen zirriborroan, AHTren inguruko proiektuak eta haren hiriburuetarako sarbideenak sartu ditu Jaurlaritzak.
3. BERRIKUNTZA DIGITALAREN POLOA. Enpresen eta administrazioaren eraldaketa digitala (sareak, adimen artifiziala, superordenagailuak) bultzatuko duen poloak Nafarroako Unibertsitate Publikoan izango du egoitza.
4. ZIBERSEGUSTASUNA. Gipuzkoako Etorkizuna Eraikiz-eko proiektu estrategiko guztiak daude zerrendan sartzeko moduan; Ziur zibersegurtasun industrialeko zentroa, adibidez
5. GIGAFAKTORIA. Ibilgailu elektrikoentzako bateria fabrika bat da egun Europako eskualde askoren ametsa. Jaurlaritzak halako bat egiteko asmoa du.
Europako diruak. Euskal Herrian
Galdu ezin den aukera
Estatuek dute Europako Batasunetik helduko den diru emaria banatzeko giltza, eta, oraintxe, argitzeko duda ugari daude irizpideez zein baldintzez. Ezinbestekoa da kudeaketa on bat egitea, baina Euskal Herriak abiapuntu ona du trantsizio ekologiko eta digitalari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu