Unai Aranguren. Bizkaiko EHNEko kidea

«Galdu egin dugu elikadura on bat izateko eskubidea»

Europako biztanleen %3 soilik dira nekazariak, nahiz eta elikadura burujabetzaren inguruko kontzientzia zabaltzen ari den. Munduan, ordea, erdira iristen dela dio Arangurenek.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Ate joka dago inoiz Euskal Herrian egin den nekazaritza kongresurik garrantzitsuena. Unai Aranguren (Galdakao, 1971) Bizkaiko EHNEko kide eta Via Campesinako koordinatzailea da.

Zein da elikadura burujabetzaren egungo egoera ?

Kontzeptua orain dela hogei urte jaio zen Erroman, Via Campesinak egindako proposamen batetik. Orduz geroztik, landuz joan gara, eta, artzain batek zionez, logikara itzultzen ari gara. Ez da normala jantokietan kanpotik ekarritako elikagaiak izatea. Elikadura on bat izateko eskubidea galdu dugu, baina esango nuke elikaduraren mugimendua zabaltzen ari dela Euskal Herrian.

Zergatik diozu hori?

Konferentzian, adibidez, 300 pertsona etorri dira soilik antolaketan laguntzera. Gainera, azken urteetan hitzaldi eta tailer pila bat emateko eskatu digute hamaika lekutatik. Hori guretzat izugarria da, eta horrek esan nahi du gure proposamenak nahiko errotuta eta zabalduta daudela gizartean. Gainera, beste borroka batzuekin batera lan egiteko aukera ematen digu; azkenean, ez delako elikadura soilik: osasuna, hezkuntza, energia... Ea horrekin sistema kapitalistaren alternatiba bat eraikitzeko gai garen.

Zeintzuk dira aurrera egiteko egin beharreko urratsak?

Hiru funtsezko urrats daude guretzat. Hasteko, ondasunen jabe izan behar dugu: lurra, haziak, ura... Naturan ditugun baliabide guztiak ondasunak dira guretzat. Egun, lurra oso garestia da, eta ez du babes legalik. Bigarrenik, prestakuntza da, hots, agroekologiaren ideia zabaltzea. Sekulako indarra du, ez soilik ekoizpenerako, baita kontsumorako eta ekonomia lokalerako ere. Hirugarrenik, politika publikoak, horiek laguntzen badute bilakaera itzela izango delako, hainbat herrialdetan ikusi den bezala.

Zein da gazteen egoera nekazaritza munduan?

Sektorearen egoera oso kritikoa izan da azkeneko 50 urteetan. Orain ez gaude ezta laurdena ere, eta lehengoratzea oso konplikatua izango da. Hala ere, pixkanaka aurrera doa. Nik hemezortzi urte daramatzat jende gaztea laguntzeko prozesuak bideratzen, eta urtero betetzen dira ikastaroak. Alta, talka kultural handia dago. Gazteek oso argi daukate eredu agroekologikoa, baina esperientziarik ez; eta baserritarrek, aldiz, eredu hori ez daukate hain argi, baina esperientzia itzela dute. Elkarren arteko uztarketa bat behar da, bakoitzak bere ekarpena eginez.

Saskien bidezko banaketak lagundu du gazteen inplikazioan?

Guretzat, unean uneko irtenbide bat izan da, oso garrantzitsua. Ni honetan hasi nintzenean, ez zegoen alternatiba askorik, eta zeudenak oso mendekoak ziren. Baina saskiei esker, autonomia lortzeaz gain, lur zati apur batekin eta prestakuntza batekin, gazteek soldatatxo bat ateratzeko aukera izatea lortu genuen. Gainera, jendeak sektorean geratu nahi duen ikusteko balio du, proba moduan.Azkenerako, 100 gazte otzarak egiten aritzea lortu dugu, eta, hortik, 2.000 familia elikatzea.

Zer da zuretzat Via Campesinako kide izatea?

Kontsumo taldeena ez dugu hemen asmatu, ezta politika publikoen inguruan ditugun proposamenak ere. Beste erakunde eta baserritar batzuengandik ikasi dugu, eta haiek, gugandik. Politikoki elkar elikatzeko sare oso eraginkorra da. Nahiz eta ekintza desberdinak egin, bat egiten dugu analisi globalean, oso hausnartua dena. Gero bakoitzak bere herrialdera egokitzen ditu tresnak eta planteamenduak.

Asko dugu ikasteko, beraz.

Bai, batez ere beste herrialdeetan populazioaren erdia nekazariak direlako, eta Europan, berriz, %3. Haiek barruan daramate baserri mundua eta kultura. Euskal Herrian hori galduz joan gara, Iparraldean izan ezik: han baserria bizirik dute oraindik.

Zergatik da agroekologia egungo sistemaren alternatiba?

Prozesu eraldatzaile bat da, bakoitzak bere baserriaren inguruan hausnartu, eta iraunkorragoa bihurtzean datza. Baina ez soilik baserria; norbere barruan eta gizarteari begira egin behar duen prozesu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.