Galbahea ordenagailuak egiten duenean

Iruzurraren aurkako erremintak iraultza ekarri zuen ikuskarien lan moldera. Aurten, azterturiko kontratuen %51 aldatu dituzte.

Imanol Magro Eizmendi.
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Kontratuen eta lan munduko datu baseen digitalizazioak iraultza ekarri du lan ikuskaritzara. Iruzurraren aurkako erremintaren ezarpenak izugarri handitu du eraginkortasuna. Langile guztien kontratuetako datuak ikusi eta gurutzatu ahal izateak asko zehaztu du bilaketa. «Erreminta ezarri aurretik, 2018ra arte-edo, aztertzen genituen kontratuen %4 baino ez genituen aldatzen; orain, aldiz, %50etik gora. Nora eta zeren bila goazen badakigulako», azaldu du Perez Barredok.

Zehatzago esanda, 2022ko kanpainan Hego Euskal Herrian azterturiko kontratuen %51,9 aldatu ditu ikuskaritzak. Guztira 13.328 kontratu ikuskatu ditu, eta 6.918k iruzurren bat zuten iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik 16.000 inguru aldatu zituzten—. Iruzur mota askotarikoak daude: kontratu finkorako eskubidea izan eta aldi baterakoa zuten langileak, aldizkako kontratu finkoa egiteko garaian aurkitutako irregulartasunak, aldi baterako kontratazioa egiturazkoa bilakatu duten enpresak...

Eta zer sektoretan aldatu dute kontratu gehien aurten? Datu horiek Espainia mailan eman dituzte bakarrik, baina garraioan, eraikuntzan eta ostalaritzan azterturiko kontratuen bi heren aldatu dituzte. «Ikuskariak bilaketa patroi bat txertatzen du: aldi baterako kontratuen pilaketa, opor garaian bakarrik diren aldizkako kontratu finkoak... Galbahea berak egiten dizu», aletu du. Orain, beste tankera bateko urraketak detektatzeko balio duen aztertzen ari dira: «Istripuekin saiatu gara, batezbestekotik gora zeuden enpresetan. Orain, soldata arrakalarekin gabiltza. Datuak dituzu: sexua, soldata, kotizazioa... Ea zer irteten den».

Erremintak baliabide teknologikoen berrikuntza ekarri du, eta ez bakarrik bulego lanean.«Ikuskariek, bisita bat egiten dutenean, tabletak daramatzate orain. Bisitak iraun bitartean, iruzurraren aurkako erreminta erabili dezakete, eta unean bertan aztertu parean duten langilearen egoera. Lehen, prozesu hori oso luzea zen: langilearen izena hartu, lan saileko bulegora itzuli, han aztertu, kontratuak bilatu, enpresarekin hitz egin... Orain, aldiz, bertan egin dezakete ikerlariek». Perezek nabarmendu duenez, Espainiako Lan Ministerioa lanabes hori txertatzeko modua aztertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.