Euskadiko Parke Teknologikoak Galarretako Campusean (Hernani, Gipuzkoa) egingo duen eraikin zentral berriaren lehen harria ipini dute gaur. Guztira, 10.000 metro koadroko eremu bat hartuko du, eta egingo dituzten azpiegitura guztiak enpresa teknologikoen eskura jarriko ditu Parkeak. Kalkulatu dute eraikina egiteak 18,2 milioi euroko kostua izango duela, eta espero dute 2026ko amaierarako prest egotea. Ellen MacArthur izena jarri diote eraikinari, ekonomia zirkularraren aitzindari izan zen emakume britainiarraren omenez. Izan ere, irizpide jasangarrien arabera diseinatutako instalazioa izango da.
Erakundeetako ordezkari ugari izan dira ekitaldian. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan duenez, zentral berri hori puntako teknologia enpresak eta proiektu estrategikoak erakartzeko poloa izango da. Harekin batera, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Mikel Jauregi Industria sailburua eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea izan dira obrak bisitatzen.
Gipuzkoako beste parke teknologikoetan okupazio ia erabatekoa dela kontuan izanik, sustatzaileek uste dute Galarretakoak eremu horietan enpresak jartzeko dagoen eskariari erantzungo diola. Eraikin berrian bulegoak, prototipo teknologikoetarako gunea, laborategiak eta zerbitzu osagarriak egongo dira, hala nola coworking gela bat eta erabilera anitzeko aretoak. Bizikletentzako eta patinete elektrikoentzako aparkalekua ere izango du, baita ibilgailu elektrikoentzako kargalekuak ere.
Hamar urtez, ez atzera ez aurrera
Orona kooperatibak 2013an inauguratu zuen bere lehen eraikina Galarretako parke teknologikoan: Orona Ideo —Orona Fundazioa, Ikerlan eta Mondragon Unibertsitatea—. Hamarkada batez bakarrik egon da, nahiz eta denbora tarte horretan parkea garatzeko ahaleginak egin diren. Gertu dagoen Miramongo parkea (Donostia) urtez urte handitu egin da, baina Galarretakoa ez aurrera ez atzera egon da. 2021ean erakutsi zuen Couthek instalazio berriak Galarretan kokatzeko interesa —Hernanin errotutako enpresa horrek herri horretako beste industrialde batean zeukan ekoizpen lantegia—, eta 2022an proiektua lantzeari ekin zioten enpresak eta erakundeek. 2024an inauguratu zuen egoitza berria.