Galanek dio «ondorio larriak» izango dituela argindarraren dekretuak

Iberdrolako presidenteak gobernuaren jokamolde «interbentzionista» salatu du, eta irtenbide bakarra enpresak «zigortzea» izan dela

jokin sagarzazu
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak gogor kritikatu du Espainiako Gobernua, argindarraren faktura merkatzeko onartu duen dekretua dela eta. Ohartarazi du «ondorio larriak» izan ditzakeela. «Zorroztasunez jokatu behar da, eta ez beroaldi puntualekin». Hala mintzatu zitzaion atzo Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi, biek parte hartu zuten foro batean, Galizian.

Galanek aipatutako ondorioetako batzuk aste honetan ikusi dira, Iberdrolak iragarritako bi erabakirekin: bezero handiei argindarra garestituko diela aurreratu du, eta berriztagarrietako proiektuen lizitazioak geldituko dituela, «bideragarriak diren ala ez» aztertzeko. Sektore batzuetan xantaiatzat jo dira erabaki horiek.

Iberdrolako presidentearen ustez, baina, gobernuak jokatu du oker. Trantsizio Ekologikoaren Ministerioaren dekretua «interbentzionista» dela adierazi du, «alde bakarrekoa» , eta «beroaldi» politiko bati erantzuten diola. «Egoera koiunturalei ezin diezu egiturazko irtenbide bat eman, dena hankaz gora jartzen duzulako». Enpresa ekoizleei ezarritako «diru sarreren murrizketez harago» beste neurri batzuk ere har zitezkeela uste du.

Argindarraren krisia hasi zenetik eginiko lehen agerraldi publikoan, Galan oso haserre agertu da Sanchezen gobernuak hartutako erabakiekin, batez ere batekin: elektrizitate ekoizleei kendu egin die berriztagarrien (hidroelektrikoak barne) eta nuklearren bitartez sortutako energiengatik kobratzen zituzten Co2 emisioen zatia, windfall profits edo zerutik eroritako etekinak deiturikoak. Hori dela eta, 2.600 milioi euro inguru irabazteari utziko diote. «Orain, kutsatzen ez duena gehiago zigortuko dute. Ez da bidezkoa».

Tarifak, kontsultara

Trantsizio Ekologikorako Ministerioak PVPC tarifa erreformatzeko lehen urratsa izan daitekeena egin zuen atzo. Tarifa hori dutenei eragiten die bereziki egungo prezio aldakorrak. Gobernuak kontsulta publiko bat egingo du, eta galdetuko du zer sistema izan daitekeen egokiena PVPCrako: egungoa ala eperako merkatuei lotuago dagoen beste bat, prezio handiagoekin baina finkoekin.

Bestalde, Nadia Calviño Ekonomia ministroa «harrituta» azaldu zen «enpresa elektriko batzuen sentsibilitate faltarekin». «Sentikorragoak izan beharko lukete esan eta egiten dutenarekin». Reyes Maroto Industria ministroak, berriz, Gobernuak argindarraren faktura merkatzeko hartutako neurriak defendatu zituen, batez ere BEZaren jaitsiera, eta horren ondorioak «berehala nabarituko» direla esan zuen. Gasaren prezioa kontrolatzeko neurriak ere nabarmendu zituen.

Hain justu, atzo sartu ziren indarrean gobernuak erregulatutako gas tarifa berriak. %0,91, %4,4 eta %10,6 igoko dira kontratatu daitezkeen hiru horniduretan (TUR1, TUR2 eta TUR3). Hurrenez hurren, %25,8, %36,1 eta %47,6 igotzea aurreikusita zegoen. Elektrizitatearen merkatuan ez bezala, gasarenean gobernuak ezar dezake prezioa kontratu mota batzuetan, baina kontsumo baldintza batzuk bete behar dituzte bezeroek. Egun, hamarretik bik baino ez dituzte erregulatutako tarifak.

Argindarraren prezioari dagokionez, berriz, inoizko larunbatik garestiena izango da gaurkoa: batez beste, 173,65 euroan ordainduko da megawatt-ordua. 17:00etatik 18:00etara egongo da merkeen, 54,13 euroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.