Gaixo baimenen erreforma bat bultzatuko duela iragarri du Espainiako Gobernuak. Baimen malguagoak nahi ditu; hau da, langilea ez dadila erabat lanerako edo erabat gaixo egon, baizik eta batzuetan aukera egon dadila lan batzuk egiteko, gaixotasunak edo istripuak halakorik eragozten ez duenean.
Elma Saiz Gizarte Segurantzako ministroak egin du iragarpena, Madrilen, Nueva Economia Forumek antolatutako gosari batean. Azaldu duenez, hurrengo egunotan bilera batera deituko ditu CCOO eta UGT sindikatuak eta CEOE patronala, gaixo baimenen erreformari buruz hitz egiteko.
«Bizi dugun garaira egokitu behar dugu, medikuntzan eta teknologian izan diren aurrerakuntzetara», esan du Saizek. Minbiziaren aurkako tratamendu baten amaieran dauden langileen egoera jarri du adibide gisa. «Agian, langilearen borondatearekin eta, noski, haren osasuna bermatuz, lanera itzul daitezke».
Enplegu bat baino gehiago duten langileentzat ere malgutasuna baliagarria izango litzatekeela ziurtatu du: «Baliteke batzuek gaixo baimena izatea jarduera baterako baina beste lan bat egin ahal izatea».
Gaur egungo araudiarekin, gaixotasun baten edo istripu baten ondorioz aldi batean lan egiterik ez duenak gaixo baimena jasotzen du, eta hari lotutako prestazio bat ere bai. Baimen horrek debekatu egiten du ordainpeko edozer lan egitea.
Pentsioekin egindako azken erreformak gogorarazi ditu Saizek. «Lehengo araudia oso zakarra zen: edo langilea zinen edo pentsioduna», baina, orain, aukera gehiago daude partzialki lan egiteko eta aldi berean pentsioa jasotzeko. Haren esanetan, gauza bera egin beharko litzateke gaixo baimenekin ere.
Absentismoarena
Gaixo baimenen kopurua handitu egin da azken urteetan. Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, bere eremuko lurraldeetan %17,6 handitu da aurten gaixo baimenetan egindako gastua. Langileen zahartzearen, estresaren eta sektore batzuetan dauden lan baldintza gogorren ondorio direla argudiatu dute sindikatuek. Patronalek, berriz, «absentismoaren» aterkipean sartu ohi dituzte, eta etengabe plazaratzen dute horri buruzko kezka.
Ikusi gehiago
Oraintsu gizarte eragileekin egindako bilera errondaren ondoren, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak azaldu du bera ere kezkatuta dagoela gaixo baimenen ugaritzeari buruz, eta gaiari buruz hitz egin nahi duela elkarrizketa sozialaren mahaian. Patronalari begirako keinu gisa uler daiteke adierazpen hori, baina, aldi berean, Torresek uko egin dio absentismo hitza erabiltzeari. «Euskadin, langile bat bere lanpostura joaten ez denean, ez du nahita egiten hori. [...] Nik ez dut absentismoaz hitz egiten, horrek esan nahi baitu langile klaseak gehiegizko eskubideak dituela, eta ez dut uste dagozkion baino eskubide gehiago dituenik», esan zuen joan den astean.