Badira hogei urte Gaindegia sortu zela, eta, eten baten ondoren, ospakizuna baliatu nahi du berriro bere ekarpena egiteko Euskal Herriaren mundu sozioekonomikoari. Gaur arratsaldean abiatuko du ofizialki etapa berria, Donostiako Tabakaleran egingo duen ekitaldi baten bitartez, baina, aldi berean, urteurrena baliatuz, Euskal Herriaren azken hogei urteei argazki estatistiko bat atera dio Gaindegiak, eta eguerdian aurkeztu dute, Donostian bertan.
Aurkezpen ekitaldi horretan hitz egin du Iñaki Dorronsoro Plazaola behategiko presidenteak, eta esan du datuek erakusten dutela herrialdeko ekonomia prest dagoela «euskal gizartearen jomugetarako euskarri izateko». «Beste gauza bat da», jarraitu du, «agerikoa den horretatik eztabaidatu behar ote den nola eratu den ekonomia hori, eta nola banatzen den; baina, hasteko, gure ekonomiak badauka herrialdeari eusteko adina bere baliabideekin, bigarren aktore solidarioen mende ibili beharrik gabe, eta elkartasuna sortzeko gauza da, baina beste komunitate batzuentzat, Europako beste errealitate batzuekin konparatzen bagara». Gaineratu du autoiraunkortasun ekonomikoa dela komunitate emantzipatu baten lehen adierazlea, estatuekiko duen erlazio eredua gorabehera.
Ikusi gehiago
Garai berri horretan, batzorde zientifiko bat izango dela nabarmendu du Xabier Oleaga Gaindegiko idazkariak, eta hark bermatuko du behategiaren lanaren balioa, «eta inspirazio iturria izango da». Unibertsitate guztietako eta administrazioetako kide izandakoak daude. Haien artean dago Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia, eta hark eman ditu urteurreneko txostenaren inguruko zertzeladak:
1
Biztanleria
Euskal Herriko biztanleria handitu egin da 2004-2024ko aldian, eta ez gutxi: 2004an, 2.953.004 biztanle ziren, eta 2023an, 3.231.287 biztanlera iritsi da. Europako testuinguruan, biztanle gutxiko herrialdea da Euskal Herria, baina ez dago txikienen artean: kontinentean bertan hark baino herritar gutxiago dituzten hemeretzi estatu subirano daude.
Biztanleriaren hazkundea, ordea, desorekatua izan da: Nafarroan eta Araban handitu da gehien, baina Bizkaian aldaketa oso apala izan da, eta Zuberoak ez du lortu despopulatzea geratzea.
Zahartzen ari den biztanleria dauka Euskal Herriak, bi arrazoi direla medio: gero eta haur gutxiago jaiotzen dira eta gora egin du bizitzeko itxaropenak, emakumeenak batez ere. Jaiotza tasa txikitu egin da, 2000. urtean mila biztanleko 8,7 haur jaio baitziren, baina 2022an, 6,6 baizik ez. Beheranzko joera hori Europa osoan ikusten da, baina Euskal Herriko tasatik oso gora daude eskualde gehien-gehienak. EBko batezbestekoa 8,7 da, baina Bruselakoa 12,1 eta Ile de Francekoa 13,2. Azpitik, lurralde gutxi, tartean Galizia (5,4) eta Asturias (4,7).
Kontrako bidean doa heriotza tasa, eta ez da soilik COVID-19aren pandemiak 2020an «igoera nabarmena» eragin zuelako. 2022an, mila biztanleko 10,7ko heriotza tasa izan zuen Euskal Herriak, baina hortik nabarmen gora geratu ziren biztanleria zaharrena duten hiru herrialdeak: Nafarroa Beherea (‰15,4), Zuberoa (‰14,3) eta Lapurdi (‰12,2).
2
Migrazioak
Jaiotza gutxiago eta heriotza gehiago izan badira, nola da posible biztanle kopurua handitzea? Migrazioa da erantzuna. Euskal Herriko hamar biztanletik zazpi bertan jaiotakoak dira, Gaindegiaren arabera. Azken urteetan asko handitu da batez ere Hego Amerikatik eta Afrikatik iritsitakoen kopurua, baina hala ere, oraindik gutxiengoa dira Espainiatik (437.106) eta Frantziatik (126.387) heldutakoekin alderatuz gero. Marokon (50.011), Kolonbian (40.292) eta Ekuadorren (24.069) jaiotako euskal herritarrak datoz gero. Hegoaldean Espainiako nazionalitatea dutenak eta Iparraldean Frantziakoa dutenak batuz gero, herritarren %91,3 dira.
3
Ekonomia
Krisi batzuk kateatu dira XXI. mendean —Atzeraldi Handia, euroaren krisia, COVID-19arena—, baina hala ere, BPG barne produktu gordina bikoiztu egin da Euskal Herrian: 2000. urtean 57.629 milioi euro zen, eta 112.811 milioi 2022an.
Horrenbestez, Euskal Herriak biztanleko 35.309 euroko BPGa zuen urte horretan. Eskualderik aberatsenetatik oso urrun dago —Hovedstaden (Danimarka; 90.400 euro), eta Brusela (77.800 euro)—, baina kontuan hartu behar dira sailkapen horren buruan hiriburuak izan ohi direla, eta hango per capita BPGa puzten duela enpresa nagusien eta erakundeen egoitzak han izateak. Eta Euskal Herria Europako hegoaldean egon arren, aberatsagoa da kontinenteko hegoaldeko (eta ekialdeko) eskualde gehienak baino.
Esan egiten da industria dela Euskal Herriko ekonomiaren motorra, baina motor horren pisu erlatiboa apaltzen ari da. Gaindegiak 2016ko eta 2021eko datuak ditu esku artean, eta horietan ikusten da industriak balio erantsi gordinean zuen pisua %27,3tik %26,1ra jaitsi dela. Zerbitzuena, berriz, %63,2tik %65,3ra handitu da. Eraikuntza sektoreak %6tik %5,6ra egin du behera, eta nekazaritzak, berriz, nahiko egonkor jarraitzen du, %1,6 inguruan.
4
Kanpo merkataritza
Industriaren pisu handiak dakar Euskal Herrikoa ekonomia esportatzailea izatea eta, hortaz, balantze komertzial positiboa izatea. Gaindegiaren arabera, Espainia da merkatu nagusia eta egonkorrena, esportazio guztien %37-39 artean hartu baititu 2016-2023ko epean. Harekin batera, Frantzia eta Alemaniara doaz esportazio gehien, bakoitza %10 inguruko kuotarekin. AEBen pisua ere nabarmendu du Gaindegiak (%4-5 inguru), baina gorabeheratsuagoa izan da.
Inportazioetan ere, Espainia da Euskal Herriko hornitzaile nagusia —%48,3, 2023an— eta oso urruti ditu Alemania (%8,5), Frantzia (%4,5), eta Txina (%4,1).
5
Produktibitatea eta inbertsioa
2023an, Euskal Herriaren produktibitate nominala EBkoaren bestekoa baino pixka bat handiagoa izan zen —75.682 eta 74.400 euro, hurrenez hurren—. Laneko ordu bakoitzaren produktibitate erreala, ordea, behetik dago, baina tarte hori txikitu egin da azken urteetan. Horrela, 2000-2022ko aldian EBko batezbestekoa 84,4 puntutik 106,4 puntura igaro da (+%25,9), eta 81,4tik 105,0 puntura Euskal Herrikoa (+%29,3).
Kapital finkoaren eraketa gordinaren ikuspegitik, EBko estatuekin alderatuta maila apalean dago. 2021ean, BPGaren %19,1 izan zen, eta EBko batezbestekoa %21,8 da. Europa ekialdeko eta erdialdeko herrialdeak daude zerrenda horren goialdean.
6
Soldatak
Euskal Herriko langileen batez besteko soldata 2000. urtean 26.279 euro inguruan zegoen, eta azken urteetan etengabe igo da, 2022an 40.929 euro izateraino; EBko batezbestekoaren parean dago (40.600). Soldatak handiagoak dira Espainiakoak baino, baina oso urrun daude Luxenburgo, Brusela, Brabant eta Hovedstaden eskualdeek dituztenekin, horietan guztietan 68.800 eurotik gorakoak baitira.
Lanorduen arabera begiratuta, 15,9 euroan zegoen 2000an, baina 26,25 eurora iritsi zen 2021ean. 50 eurotik gorakoa da Luxenburgon eta Bruselan, baina bost euro ingurukoa Errumanian.
7
Euskara
2021eko inkesta soziolinguistikoaren arabera, herritarren %30,2 dira euskaldunak (16 urtetik gorakoak). Ehuneko hori aise gainditzen dute Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroa iparraldeko herri txiki gehienek, Orexa (%93,6), Errezil (%93,0), Ajangiz (%92,6), Abaltzisketa (%92,3), Zerain (%92,2), Arantza (%91,8) eta Araitz (%91,4) buru dituztela. Beste muturrean daude Nafarroako Erriberako herriak, eta horietako batzuetan %0,5en azpitik daude, hala nola, Corella, Milagro, Ribaforada, Valtierra, Azagra, Cabanillas eta Monteagudon.
Aldiz, proportzioari beharrean, euskaldun kopuruari erreparatzen badiogu, mapa bestelakoa da. Bilbok ditu euskaldun gehien (98.805 euskaldun) eta haren atzetik doaz Donostia (80.808) eta Gasteiz (68.537). Iruñea, berriz, zazpigarrena da (22.243).
2000-2021eko epean Euskal Herriko 341 udalerritan handitu da euskaldunen kopuru osoa eta proportzionala. Hor daude hiriburu gehienak eta herririk handienak —bikoiztu egin dira Bilbon, Gasteizen eta Barakaldon—. Beste 150 udalerrik euskaldun gehiago dituzte, baina, biztanleria gehiago handitu denez, haien proportzioa apaldu da. Horien artean daude Baiona, Beasain, Orio, Oiartzun, Gernika-Lumo, Azkoitia eta Azpeitia.
187 udalerritan, berriz, galera bikoitza izan da, tartean Maule-Lextarre, Bermeo, Arrasate, Miarritze eta Ondarroa. Eta bada kasu berezi bat: euskaldun gutxiago dituztenak baina proportzioan gora egin dutenak, biztanleria galdu dutelako: Forua, Iurreta eta Eibar.
8
Formakuntza
Gaindegia sortu zenetik aldaketa handia nabaritu da herritarren formakuntzan. 2002an, ikasketarik gabekoak eta oinarrizko ikasketak zituztenak ziren gehienak (%47,7), baina belaunaldi zaharrenak hil ahala, ikasketarik gabekoen edo gutxikoen portzentajea erdira jaitsi da 2023rako (%22,7). Gaur egun, hirugarren mailako hezkuntza daukatenena da talderik handiena (%52,7), eta, ondorioz, Euskal Herria formakuntzarik handiena dutenen taldera batu da EBn. Estatuen artean, Irlanda soilik du aurretik (%54,5). Bigarren mailako ikasketak dituztenen portzentajea bost puntu handitu da, %24,6raino.
9
Enplegua
Gero eta emakume gehiago lan merkatura sartzeak hiru puntu handitu du enplegu tasa Euskal Herrian: %71ekoa zen 2002an, eta %75,7ra iritsi zen 2023an. Europako Batasuneko batezbestekotik gora dago (%75), baina asko falta zaio Iparraldeko herrialdekoetara iristeko —Herbehereetan %85,5ekoa da—. Emakumeen tasa %56,4tik %72,3ra iritsi da, eta hurbilago du orain gizonena (%78,8).
Langabezia tasari dagokionez, behera egin du azken urteetan, baina Euskal Herria galtzaile ateratzen da konparazio gehienetan. Okerrago daude Espainia, Italia eta Frantzia hegoaldeko lurralde gehienak, baina handik gorako gehienek langabe gutxiago dituzte. 2023an, Euskal Herrian lan egiteko prest zeudenen %8,1 izan ziren lanik gabe, EBko batezbestekoaren nabarmen gainetik (%6,1), eta zer esanik ez Polonia, Alemania eta Txekiar Errepublikatik, hango eskualde gehienetan langabezia %4tik beherakoa baita.
Alde horiek are nabarmenagoak dira gazteen langabeziari erreparatuz gero. 2023an, 16 eta 24 urte artekoen %23,6 zeuden lanik gabe, eta EB osoan bi estatuk soilik dute tasa handiagoa, Greziak eta Espainiak.
10
Pobrezia
Pobrezia arriskuan daudenei dagokionez, hobekuntza handirik ez da gertatu azken urteetan. 2015eko datuak bildu ditu Gaindegiak, eta alde txikia dago orduko tasaren (%17,2) eta 2023koaren artean (%16,2). Egia da 2018an %12,8ra jaitsi zela, baina pandemiak lehenik eta inflazio handiko garaiak ondoren berriro goranzko bidean jarri dute. Tasa horiek askoz handiagoak dira Europa ekialdean eta, oro har, Mediterraneo bazterrean —Calabrian %48,6ko tasa du—, baina Euskal Herriak «badu zer hobetua» Hego Tirolen mailara iristeko (%5,8).
11
Ingurumena
Euskal Herrian berotegi efektuko gasen isurketak 11,8 CO2-eq(kt) —CO2 baliokidea kilotonatan— ziren biztanleko 2025ean, eta 8,6ra jaitsi ziren 2022ra. EU27ko batez besteko isurketen gainetik dago —9,9tik 7,8ra jaitsi dira han—, Danimarkaren (8,2) eta Letoniaren (8,4) pare.
Isurketak gutxitzearen arrazoietako bat planetaren berotzean aurkitu daiteke. Izan ere, berogailua piztu behar den egunak neurtzen dituen indizea, BGE, behera egiten ari da ia-ia urtez urte. 1979an 2.197ko indizea zena, 2023an 1.585era jaitsi da.