GAILURRERAINO ETA BUELTA

Iaz inoiz baino erregai fosil gehiago erabili ziren argindarra sortzeko. Aurten, ordea, lehen aldiz hidrokarburoen erabilera txikitu egingo dela kalkulatu du Ember taldeak, berriztagarriak gai izango direlako sortuko den eskaria baino gehiago ekoizteko. «Fosilen aroaren amaieraren hasiera da», Emberren iritziz.

Iker Aranburu.
2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Urte guztiek dakartzate historikotzat jo daitezkeen gertakariak, eta hala izango ditu 2023. urteak ere. Horien artean, klima larrialdiari lotutako bat. Aurreikuspenak betetzen badira, aurtengoa izan daiteke erregai fosilen kontsumoaren beherakadaren hasierarena. Bai, bederen, argindarraren sorrerari dagokionez.

Ember think tank taldearen azken txostenean diotenez, iaz jo zuen goia ikatzaren, petrolioaren eta gasaren erabilerak argindarraren sorkuntzan. Aurten, berriz, 47 TWh edo %0,3 gutxiago izango dela kalkulatu du. Haren esanetan, argindar kontsumoa %2,5 edo 726 terawatt-ordu (TWh) handitzen bada —hori da azken hamar urteetako batezbestekoa—, horren gainetik handituko da iturri berriztagarrien ekarpena: 641 TWh (%19) eolikoarena eta fotovoltaikoena, eta 132 TWh beste berriztagarriena eta nuklearrarena. Alegia, erregai fosil gutxiago beharko direla eskaria osorik bete ahal izateko.

Jaitsiera txikia dela onartu arren, Emberrek nabarmendu du lehen aldia izango dela hori gertatzen dena atzeraldi bat tarteko izan gabe. Baina hori baino garrantzitsuagoa da etengo ez den beheranzko bide baten hasiera izango dela erregai fosilentzat, bizkortu egingo delako haize erroten eta panel fotovoltaikoen ekarpena.

«Fosilen aroaren amaieraren hasiera da. Energia garbiaren aroan sartzen ari gara. Zutabeak jarrita daude haizeak eta eguzkiak gailurrera igoera meteorikoa izan dezaten», azaldu du Malgorzata Wiatros-Motyka Emberreko analista nagusiak. «Aro horrek munduko ekonomia hankaz gora jarriko du. Aldaketa bizkor dator». Hala ere, Wiatros-Motykak onartu du ezin dela egintzat eman: «Gobernuek, enpresek eta langileek egingo dutenaren menpe dago 2040rako energia garbia izatea».

Hori baita helburua: 2040rako argindar ekoizpena oso-osorik CO2 isuririk gabekoa izatea. Hala gertatuko balitz, xede hori lortzen duen lehen sektorea izango litzateke argindarrarena. Jauzi handia da, 2021ean energia sektoreak eragindako isurien heren bat argindarraren sorkuntzari dagokiolako. Ikatza da errudun nagusia da, hura erretzeak sortzen dituelako CO2 isurien hiru laurden; gainontzekoa gasari dagokio.

Baina isurien gutxitzea, baieztatuko balitz, oso maila handi batetik etorriko da. Izan ere, energia berriztagarrien bultzada gorabehera, iaz inoiz baino erregai fosil gehiago erabili ziren argindarra sortzeko. Zehazki, 183 TWh izan zirela dio Emberrek, %1,1 gehiago. Horren ondorioz, CO2 isuriak %1,3 handitu ziren, 160 milioi tona gehiago, 12.431 milioi tonaraino. 2040ko helburua betetzeko, urtero %7,3 gutxitu beharko lirateke.

Gerra, lehortea eta herdoila

Europako energiarentzat oso urte nahasia izateak eragin du, hein batean, kutsadura horrela handitzea. Batetik, Ukrainako gerraren eragina egon da: Errusiako gasaren emaria gutxitu du, eta hura ordezkatzeko itzalita edo itzaltzear ziren zentral termiko asko martxa betean izan dira hornidura bermatzeko. Horrek ekarri du munduan ikatzaren kontsumoa berriro handitzea: %1,1.

Baina bada beste arrazoi bat: Europa ia osoak jasan duen lehorteak gutxitu egin zuen zentral hidraulikoen ekarpena: 66 TWh baizik ez, mailarik txikiena gutxienez 1990etik. Nuklearrak ezin izan du zulo hori bete, berak ere jasan duelako ibaien emari txikia —erreaktore gehienak ibaietako urarekin hozten dira—, eta Frantziak bere erreaktoreen erdiak baino gehiago izan dituelako itzalita, pandemiak atzeratutako konponketak egiteko eta ezustean agertutako herdoiltze arazoei aurre egiteko. Ondorioz, are gehiago jaitsi zen ekoizpen nuklearra (129 TWh edo %5).

Baina CO2 isurien handitzeak beste datu bat ezkutatzen du: argindarra sortzeko erabili den karbono intentsitatea jaitsi egin da. Hau da, argindar kilowatt-orduko bakoitza sortzeko isuri den karbono dioxidoa inoiz neurtu den txikiena izan da: 436 gramo CO2koa.

Hori hala izan da energia eolikoak eta fotovoltaikoak inoizko kantitaterik handiena ekoitzi zutelako iaz. Argindarraren %12 sortu zuten; 2021ean %10 izan zen, eta %5 2015ean, Parisko ituna sinatu zuten urtean. Horri gehituz gero beste iturri berriztagarriak (hidraulikoak, biomasa...) eta nuklearra, CO2 emisiorik gabeko argindar sorkuntzaren kuota %39ra iritsi zen; hori ere inoizko handiena da.

Iaz eskari berriaren %80 bete zuten haize errota eta eguzki panel jarri berriek: 694 terawatt-orduetatik 557 TWh. Horietatik 312 TWh dagozkio energia eolikoari. Hau da, haize erroten ekoizpena %17 handitu zela, urtebetean Erresuma Batuak ekoizten duen adina. Baina, portzentualki, are gehiago handitu zen fotovoltaikoaren ekarpena: %24 edo 245 TWh.

Argindar gehiago behar da

Kopuru hori, baina, «izozmendiaren punta» baizik ez dela adierazi du Emberrek, askoz gehiago handitu beharko baitu hurrengo urteetan, ibilgailuen eta berokuntzaren elektrifikazioak eragingo duen kontsumo handiagoari erantzun nahi badio. 2022an, elektrizitatea munduko azken energia kontsumoaren %20 izan zen; 2030erako, %27 izatea espero da. Horrek esan nahi du iazko hazkunde tasei eutsi behar dietela berriztagarriek hurrengo hamar urteetan ere, eta hori gero eta zailagoa da, abiapuntua handiagoa delako.

Iaz %2,5 handitu zen argindar eskaria, 2010-2021 urteetako batez besteko igoera beste (%2,6). Hiru herrialdek eragin zuten igoeraren %93: Txinak (%54), AEBek (%21) eta Indiak (%18).

Beste kontsumitzaile handiak, Europako Batasunak, %3 gutxitu zuen, eguraldi epelak neguko eskaria gutxitu zuelako eta energia aurrezteko urratsak egin zituelako Ukrainako gerraren harira Errusiako gas emaria txikitu zitzaionean.

Karbono neutraltasuna lortzeko, iazko hazkunde erritmoari eutsi beharko liokete energia berriztagarriek hurrengo urteetan. Hau da, urtero %25 handitu beharko du ekoizpena fotovoltaikoak eta %17 eolikoak. Abiapuntua txikia denean posible da hori egitea, baina zaildu egiten da berriztagarrien kuota handitu ahala.

Emberren txostenaren arabera, helburua betetzea errazagoa izango da eguzki energiarentzat. Eolikoa baino motelago garatu da —%1eko kuota 2008an gainditu zuen eolikoak, eta 2015ean fotovoltaikoak—, baina hura izan da azken hemezortzi urteetan gehien handitu dena. Dagoeneko ekoizpen gaitasun handiagoa dute eguzki parkeek, nahiz eta haien ekoizpen erreala txikiagoa den. Gerta daiteke 2023an hori aldatzea.

Egunak eta ez urteak

Eolikoarekin alderatuta, bizkortasunaren abantaila bat du fotovoltaikoak. Denbora asko behar da parke eoliko bat jartzeko: lekuaren egokitasuna neurtu behar da, ingurumen baimenak lortu, haize errotak ekoitzi, instalatu... Eolikoetan hilabeteak edo urteak direnak egunak izan daitezke eguzki panelentzat, bereziki teilatuetan jartzen direnentzat.

Gaur egun Txinak ekoizten ditu panel fotovoltaiko gehien, eta nagusitasun horrek jarraitu egingo duela dirudi: iaz, panelak egiteko gaitasuna %66 handitu zen Txinan, 361 GWetik 600 GWera. Jarri ere, saldoka jartzen ditu, Pekingo gobernuaren politikari jarraituz: iaz munduan jarritako eguzki panelen bosten bat (55 GW) Txinako teilatuetan jarri zen.

Ikusi gehiago:Eguzkiak eta haizeak ez dute berdin jotzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.