Gabriel Attal Frantziako lehen ministroa, laborariak limurtu nahian

Hitzeman du prozedura eta araudi batzuk arintzea, konkurrentzia desleiala mugatzea, gasolioaren prezioa ez emendatzea eta laguntzak bizkorrago ordaintzea.

Laborarien protesta
Laborari batzuen protesta, Miarritzen, gaur goizean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urtarrilaren 26a
16:53
Entzun

Frantziako Gobernuak «iragarpenak» egitea nahi zuten laborariek. «Maitasun deklarazioa» egin eta «maitasunaren frogak» eman dizkie Gabriel Attal Frantziako Lehen ministroak. «Erabaki dugu ororen gainetik jartzea laborantza», adierazi du Okzitania hegoaldeko etxalde batera egin duen komunikazio bisitan. Laborarien egoerari aurre egiteko neurriak iragarri ditu: erran du «orain» hartuko dituztela, «berehala». Hainbat prozedura eta arau arinduko dituzte, diru laguntzen ordainketa bizkortuko dute, gasolio profesionalaren prezioa ez dute emendatuko, eta Mercosur nazioarteko itunaren kontra eginen dute Europako Batasunean.

Frantziako hedabideetan egin dituzten lehen adierazpenetan, laborari sindikatuetako ordezkariek erran dute «lauso» gelditu dela. Baionan, oraingoz autopistan segituko dutela jakinarazi du Iban Pebet FDSEAko kideak. «Frantziako eta departamenduko kontsignen beha gara; bihar goizean ikusiko dugu zer erabaki». Neurriei buruz ez du balorazio zehatzik egin nahi izan: «pentsatzen genuen ez zuela alimaleko gauzarik erranen; ikusi behar da zer heinetaraino eramaten dituen». Laborari talde bat hiri erdira sartu da arratsean, suprefeturaraino; zirkulazioa kolapsatu dute.

Protesta andana egin dute laborariek azken egunetan Frantziako Estatuan, bizi duten egoera salatzeko. Errepide ardatz nagusi batzuk blokeatu dituzte, autoritateen begirunearekin. Baionan, A63 autobidea blokeatzeari ekin zion FDSEA sindikatuak astearte goizean, eta hiru egunez egon dira bertan, segurtasun indarren inolako esku hartzerik gabe. Goiz honetan, ELB sindikatuak Baionako portuko hiru sarrerak blokeatu ditu, besteak beste Maisica zereal biltegiaren sarrera oztopatuta. Baiona hiriguneko beste eremu batzuetan ere izan dira blokeatzeak. 

«Elkarrizketaren beharra» azpimarratu du Frantziako Lehen ministroak. «Hori da krisi batetik ateratzeko modu bakarra. Entzun zaituztegu, mezua jaso dugu, eta ulertu zaituztegu». Lehen ministro izendatu dutenetik laborari sindikatu guziekin bildu dela azpimarratu du, eta limurtzaile jokatu du, laborarien lana laudatuz: «Ezin dira ikusi kutsatzaile gisa, ezta kabalei tratu txarrak ematen dizkieten jende gisa tratatu ere». Beharrezkotzat jo du Frantziaren «herentzia eta identitatea» gordetzea: herrialde gisara laborantzari hertsiki lotua dela adierazi, eta burujabetza aldarrikatu du: «Ez dugu besteen menpeko izan nahi elikaduraren arloan».

Baieztatu du Frantziako Estatua «eredugarria» izanen dela bere gidaritzapean. «Ez naiz hor laborariei errateko nola egin behar duten lan; beren lana egiten utziko diet». Ekoizpena ere defendatu du: «Gutxiago ekoitzi behar dela erraten dutenek gezurra erraten dute». Herrialdeak funtziona dezan «gehiago» ekoitzi behar dela baieztatu du, eta azken urteetan Frantziako Gobernuak emandako laguntzak aipatu: 3,5 mila milioi euro banatu dituzte askotariko krisiei aurre egiteko.

«Presioa» apaldu

Neurri zehatzak baino gehiago, asmoak zerrendatu ditu Attalek. Laborarienganako «presioa» apaltzea horietarik lehena. Hala, hainbat prozedura eta arau arintzeko konpromisoa hartu du: erran du banan-banan hartuko dituela, eta denak berrikusi. Besteak beste, neurriak hartuko ditu laborariek aurrera eraman nahi dituzten proiektuen kontrako helegiteak murrizteko. Urtegien proiektuak eta etxaldeen handitzeak hartu ditu adibidetzat. Biodibertsitatearen Frantziako Erakundearen kontrolak arinduko dituztela ere erran du. 

Horrez gain, adierazi du osoki beteko dutela laborarien eta elikagaien sektorearen arteko merkataritza harremanen oreka hobetzea helburu zuen Egalim legea, eta kontrolak izanen direla. «Merkataritza negoziazioetan nekazaria beti ez da babestua». Erran du zigorrak ezarriko dituztela hala behar denean, eta jadanik iragarri du ondoko egunetan legea errespetatzen ez duten hiru enpresaren kontrako «zigor gogorrak» hartuko dituztela. 

Diru laguntzen ordainketa bizkortuko dutela ere azpimarratu du Frantziako lehen ministroak, bai osasun krisiei aurre egiteko kalte ordainena, baina larrialdietarako ordainsariena ere. Horien artean dira eritasun hemorragiko epizootikoari buru egiteko kalte ordainak. Laborariei marexal gastuen %80 ordaintzea onartua zuten orain arte; %90era igoko dute. 

Azkenik, Attalek iragarri du 2024rako ez dutela igoko gasolio profesionalaren prezioa. 

Mercosur

Laborarien aldarrikapenetarik bat da Frantziako Estatuko arau berak betetzen ez dituzten nazioarteko herrialdeetatik mozkinak inportatzeari uztea. Horri ere eman dio erantzuna Gabriel Attalek, eta jakinarazi Latinoamerikako herrialdeen eta Europako Batasunaren arteko Mercosur merkatu libreko itunaren kontra bozkatuko dutela. Haatik, ez du zehaztu zer eginen duten jadanik izenpetuak diren merkatu libreko gainerako akordioekin. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.