Azaroaren amaieran adierazi zuten LAB eta ELA sindikatuek bazitekeela Gabonetan Trapagarango (Bizkaia) Amazonen greba egitea gauzak aldatzen ez baziren, eta hala egin dute: grebara deitu dute abenduaren 17rako eta 18rako, eta urtarrilaren 3rako, 4rako eta 5erako.
Joan den urtean hainbat greba egun antolatu zituzten, eta milaka pakete banatu gabe geratu ziren. Zuzendaritzak mobilizazioak gelditzeko eskatu zien sindikatuei, elkarrizketa tarte bat irekitzeko, eta haiek onartu egin zuten. Baina sindikatuek ez dute aldaketarik ikusi geroztik, eta mobilizazioei eta grebei berriro ekitea erabaki dute.
125 langilek egiten dute lan Amazonen Trapagarango zentro logistikoan; lanaldiak luzeegiak direla eta aparteko ordu asko egiten dituztela salatu dute sindikatuek, baita lan erritmo azkarrak dituztela eta langileak etengabe kontrolatzen dituztela ere.
Zifrak
1.400 €Langileen soldata, hamabi pagatan Sindikatuen arabera, gutxi gorabehera 1.400 euroko hamabi ordainsari jasotzen dituzte Trapagarango Amazoneko langileek urtean, plusak kontuan hartuta. Gutxieneko soldatatik gertu dago hori.
3.000 milioi €Amazonen mozkinak 2023ko lehen hiruhilekoan LAB eta ELAren arabera, Amazonek 3.200 milioi dolarren irabazi garbiak izan ditu munduan 2023ko lehen hiruhilekoan —ia 3.000 milioi euro—.
Batzordeko kideen hitzetan, biltegiko langileek 1.400 euro inguruko hamabi ordainketa jasotzen dituzte urtean, estrak barne. Ordutegiari dagokionez, ia beti gauez aritzen dira, eta asteburuetan ez dira gelditzen, paketeak jaso eta antolatzen dituzten banatzaileak goizez irten daitezen.
Lan karga handiagoa duten egunetan, aldi baterako enplegu enpresak kontratatzen dituzte, langile gehiago eskura izateko.
Greba gogorragoa
Egoera bera zen iaz, eta lau greba egun solte antolatu zituzten, baldintzak irauli nahian. Gauzak aldatu ez direla ikusita, aurten greba gogorragoa egiteko asmoa dutela adierazi dute LABek eta ELAk.
Enpresako lan hitzarmen bat nahi du enpresa batzordeak, zentroko lan erritmoetara eta kargetara moldatzen diren lan baldintzak izateko; gaur egun, garraio sektoreko lan hitzarmena aplikatzen die enpresak langileei. Hainbatetan bildu dira zuzendaritza eta enpresa batzordea negoziatzeko, eta sindikatuek adierazi dute pazientzia handia izan dutela, baina aski dela esan dute oraingoan.