Gabonen atarian, greba egin dute Hegoaldeko arropa eta zapata dendetan

ARTE patronala Madrilen egiten ari den negoziaziotik Hego Euskal Herriko lurraldeak ateratzea eskatzen du ELAk, bertako itunak hobeak baitira. Nafarroan, bihar ere greba egingo dute, itun berri baten alde.

13447646
Garberako Oysho denda, pertsiana jaitsita, gaurko grebagatik. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2023ko abenduaren 23a
13:20
Entzun

Lurraldeetako hitzarmenak lehenesteko neurria hartu du asteon Espainiako Gobernuak, EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidurarako eginiko akordioan adostu zutena betez. Hein handi batean, horixe eskatzen zuten EAJk eta ELAk, eta «euskal langileen garaipen handi» gisa izendatu du neurria sindikatuak. Hala ere, oraindik ez dago garbi nola aplikatuko den neurri hori, Amaia Pintado ELAko ehungintza arduradunak adierazitakoaren arabera.

Hori dela eta, Madrilek neurri hori hartu baino lehenago Hego Euskal Herriko arropa eta zapata dendetan deitua zuen grebari eustea erabaki du ELAk. Atzo eta gaur egin dute greba, eta protestak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Donostian, Garbera merkataritza zentroan egin dute protesta. Bestalde, bihar beste greba egun bat izango dute Nafarroan, lurraldeko hitzarmen berri baten alde; 2009an iraungi zen sektoreko ituna lurralde horretan.

Egun garrantzitsuak dira arropa eta zapatak saltzen dituzten enpresentzat, Eguberrietako opariak erostera joan ohi baita jende asko. Gaurko eguna ez da ezberdina izan: jendez lepo zegoen Garbera, eta grebalariak 11:30ean hasi dira protestarekin; ohi baino grebalari gehiago bildu dira, eta erosketak egiten ari zen jendeak harriduraz begiratu die grebalariei. Zalaparta handia sortu dute txistuekin, danborrekin eta bestelako tresnekin, eta dendetan piketeak egiten hasi dira. Ia denda guztiek pertsianak jaitsi dituzte.

Piketeekin hainbat denda ixtea lortu dute, baina beste batzuek ezin izan dute ireki ere egin, langileak greban zeudelako. Hala ere, Pintadok adierazi du egunotan behin-behineko langile asko kontratatu izan ohi dituztela, lan karga handiari aurre egiteko, eta horrek grebalarien lana zaildu du. Nahiz eta grebaren erantzunaren datu zehatzik ez izan, harro daude egindako lanarekin.

Hitzarmenaren estatalizazioa

Urte hasieran, 2023ko urtarrilaren 9an, hainbat multinazional handik ARTE patronala sortu zuten, helburu garbi batekin: arropa eta zapata denden estatuko hitzarmen bat bultzatzea. Oraindik ez dago halako itunik, eta lurraldeko edo enpresako hitzarmenik ez duten lantegietan gutxieneko soldata irabazten dute langileek. Inditex taldeak lan gatazka ugari izan zituen denda batzuetan, eta grebalariek hitzarmen berriak egitera behartu zuten enpresa. Hala, lortu zuten leku batzuetan lehiakideek baino gehiago ordaintzea langileei, eta horregatik bultzatzen ari dira estatu mailako itun bat, lehiakideen baldintza berak izateko.

HEGO EUSKAL HERRIKO HITZARMENAK

  1. GIPUZKOA: Urtarrilean berritu zuten Gipuzkoako ituna, hamalau egun greban egon ostean. 2025era arte egongo da indarrean, eta %14,1 eguneratu dituzte soldata taulak. Horrez gain, 2022, 2023, 2024 eta 2025erako soldata igoerak adostu zituzten, erosteko ahalmena berreskuratzeko.

  2. NAFARROA: 2009tik berritu gabe dute hitzarmena. ELA eta LAB sindikatuek dute gehiengoa sektorean, eta mugitzen hasi dira berriro, hitzarmena berritzeko. Gaur lanuzteak egin dituzte, eta bihar ere grebara deitu dute.

  3. BIZKAIA: Hitzarmen berriena da Bizkaikoa, ekainean berritu baitzuten. 2015etik zeuden hitzarmenik gabe, eta 2026ra arte iraungo du. 2015eko soldata taulak eguneratu dituzte, %12 handituz. Bestalde, urtez urte soldata igoerak adostu zituzten: %4 2024an, %3,5 2025ean eta %2,5 2026an.

  4. ARABA: Egun itun berria negoziatzen dabiltza. 2022 amaieran akordioa egin zuten 2021. eta 2022. urteetako baldintzak hobetzeko, eta nahiz eta iraungita egon, ultraaktibitate klausulagatik baldintza horiek mantentzen dira egun.

Hego Euskal Herrian, baina, egoera ez da bera. Langileek egindako grebengatik lurraldeetako hitzarmenak sinatu dituzte azken urteetan, nahiz eta batzuk berritzeke dauden oraindik. Hala, Espainiako dendetan baino baldintza hobeak dituzte Hegoaldeko langileek. Hori dela eta, ELA sindikatua ARTE patronala bultzatzen ari den itunaren aurka dago, Madrilen zentralizatu nahi duelako hitzarmen kolektiboa. Nahiz eta Espainiako Gobernuak lurraldeetako hitzarmenak lehenesteko neurriak hartu dituen, ez dakite oraindik nola aplikatuko den hori, eta iragarri dute jarraituko dutela grebak eta mobilizazioak antolatzen eta egiten, ARTE patronalak Hego Euskal Herriko lau lurraldeak Madrilen egiten ari diren negoziazio horietatik atera arte.

«Estatu mailako negoziazio hau ez dakigu nola arautuko den; beraz, uste dugu aurrera jarraitu behar dugula orain arteko aldarrikapen berarekin, juridikoki babestuago egon arte. Horretarako, gure eskaera da ARTEren hitzarmen horretatik kanpo uztea Euskal Herria. Lurraldeetako itunak lehenetsiko dira; hori garbi dago eta oso albiste ona da. Baina kasu batzuetan, Sukaldaritza Kolektiboaren hitzarmenean adibidez, estatuko itunak lurraldeetakoen gainetik aplikatu dira», azaldu du Pintadok.

Arropa eta zapata denden sektorea feminizatua dago. Emakumeak dira gehiengo, eta orokorrean lan baldintza txarrak dituzte: soldata txikiak, lanaldi partzialak, ordutegien malgutasuna, eta abar. Esan bezala, Hegoaldean orokorrean Espainian baino baldintza hobeak dituzte, eta estatu mailako hitzarmen batek baldintza horiek okertzea ekarriko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.