Koronabirusa

G20koek urtebete atzeratu dute herrialde txiroen zorraren ordainketa

Diru hori, 18.000 milioi euro, koronabirusaren aurka erabili beharko dute. Hartzekodun pribatuen jarduna ez dute mugatu. Zorra barkatzeko eskatu dute hainbat erakundek

Gazte batzuk, Luandako (Angola) merkatu batean. AMPE ROGERIO / EFE.
Irune Lasa - Jokin Sagarzazu
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Bizkortuz doaz munduko herrialde behartsuenen kanpo zorra nolabait arintzeko beharrezko akordioak. NDF Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren eskariei jarraituz, G7ko herrialdeek —AEBak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Kanada eta Japonia— adostu dute zor horren ordainketak urtebete atzeratzea 76 herrialderi, baliabide horiek erabil ahal ditzaten koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko.

G7koek asteartean adostu zuten plana, behin-behinean, baina G20koen babesa behar zuen. Txina eta Saudi Arabia ez daude G7koen artean, eta hain justu bi estatu horiek dira garapen bidean dauden herrialdeen mailegu emaile nagusietakoak. Txinak egin izan ditu horrelako keinuak hainbat herrialde zorpeturekin, baina beti mailegu emailearen eta hartzailearen aldebiko harremanen eta trukeen ostean. Azken asteetan, ordea, Txinari gero eta gogorrago egin zaio jarrerari eustea, erakunde multilateralen eta beste herrialde aberatsen presiopean.

76 herrialde zaurgarri horietatik, 40 Afrikakoak dira, eta gainerakoak Karibean eta Asian daude. Haietan bizi da munduko biztanleriaren laurdena, eta haietatik bi heren muturreko pobrezian bizi dira. Baliabide gutxirekin, haien gobernu eta osasun sistema ahulek are zailagoa dute birusa hedatzea galaraztea, eta gaitzaren aurpegi ilunena, heriotzak, eragoztea.

Herrialde horietako ekonomia zaurgarriei, gainera, bereziki kalte egin die jada krisi globalak. Besteak beste, ekaitz finantzarioan gora egin duen gauza bakarra, praktikan, dolarra izan da, eta, hain zuzen, kanpo zorra orain garestiagoa zaien diru horretan ordaindu behar dute herrialde txiroek. Bestalde, tupusteko geldialdiaren eraginez, jaitsi egin da herrialdeon baliabide nagusien prezioa, lehengaiena hain justu. Eta herrialdeontzako beste aberastasun iturri nagusia ere, turismoa, bat-batean desagertu da.

Kanpo zorraren eteteak arnasa pixka bat emango die herrialde horiei, baina, gaitzak datozen hilabeteetan izan dezakeen bilakaera zalantzazkoa dela eta, G20koek ez dute baztertzen gehiago atzeratu behar izatea ordainketak, eta zorrak batak bestearen gainean pilatzea. Gainera, atzerapenagatik sortutako interesak ere ordaindu beharko dituzte; hori barkatzea ez dute adostu.

Arnasa apur bat

Bileraren aurretik, gobernuz kanpoko erakunde batzuek eskatu zuten kanpo zorraren ordainketak bertan behera uzteko, atzeratu beharrean. Nazioarteko Diru Funtsak asteon egindakoa jarri zuten adibide gisa. NDFk erabaki du sei hilabetez zorra barkatzea munduko txiroenen artean dauden 25 herrialderi: guztien artean 214 milioi dolar gutxiago (195 milioi euro inguru) itzuli beharko dizkiote orain NDFri, eta erakunde multilateralak diru laguntzak emango dizkie, hondamendi naturaletarako bere funtsetik.

Gainera, akordioak ez du konpromisorik jasotzen hartzekodun pribatuen kasurako. NDFk eta Munduko Bankuak, besteak beste, eskatu zuten zor hori izozteko mekanismoak bilatzeko. G20ko kideek finantza erakunde horien jarduna muga zezaketen; bereziki, AEBek eta Erresuma Batuak egin zezaketen hori, zor akordio gehienek haien legeak erabiltzen baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.