Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioa geldirik egon da azken asteotan. Izan ere, ituna negoziatzeko mahaia abenduaren 21ean bildu zen azkeneko aldiz. Eta adostasunik gabe amaitu zuten bilera. Negoziazioan aurrerapauso bat eman nahian, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari bitartekaritza lanak egiteko eskatu zioten joan den astean. FVEM patronalak ere onartu zuen bitartekaritza. Hori dela eta, gaur batu dira lehen aldiz hiru aldeak. Elena Perez Barredo laneko sailburuordeak bi aldeen proposamenak entzun ditu, eta beste hitzordu bat antolatu du urtarrilaren 23rako. Baiezkoa eman dute sindikatuek, baita patronalak ere.
CCOOk, LABek eta UGTk negoziazioarekin eta bitartekaritzarekin jarraitzearen alde egin dute: «Bizkaiko metaleko langileen eskubideak eguneratuko dituen akordio bat lortzen saiatzeko». Hiruen artean ordezkaritzaren %59 dute, lan hitzarmena berresteko nahikoa. Nahiz eta ELA sindikatuaren ustez —ordezkaritzaren beste %41 du— bilerak negoziazio mahaian egin behar diren, joan den astean argi utzi zuen bitartekaritza egotekotan bileran parte hartuko zuela. Eta hala izan da. Haien ustez, patronalak azaroan egindako proposamena hobetu beharko luke. Sindikatuak negoziatzeko borondatea erakutsi du. Hala ere, uste du «hitzarmen duina» lortzeko modurik onena mobilizazio eta greba gehiago antolatzea dela.
Duela urtebete baino gehiago osatu zuten Bizkaiko metalgintzaren mahaia, 56.000 langileri eragiten dien lan hitzarmena berritzeko. Ordutik, hogei bilera baino gehiago egin dituzte sindikatuek eta FVEMek, baina ez dute akordiorik lortu. FVEMek azaroaren amaieran egin zuen bere azken proposamena. Sindikatuek, berriz, abenduan; baina patronalak ez zuen onartu.
2022an, gainera, langileek 11 greba egun egin zituzten. Mobilizazio horietan parte hartu zuten hainbat langile deklaratzera deitu dituzte egunotan. Eta, babesa adierazteko, elkarretaratzeak antolatu dituzte CCOOk, LABek eta UGTk. Protestetan, Segurtasun Sailaren jarrera salatu dute, euren partetik langileek «kolpeak, leporatzeak eta Poliziaren azpijokoak» jaso dituztelako.