Funtzio publikoko sindikatuekin «elkarrizketarako beste esparru bat» prestatzen ari dela erantzun du Nafarroako Gobernuak

Sindikatuek apirilaren 9rako deitutako greba orokorraren deialdia «errespetatzen» duela adierazi du Amparo Lopez eledunak. Blokeorik ez dagoela eta «elkarrizketarako borondatea» dutela berretsi du.

Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko eleduna eta Funtzio Publikoko kontseilaria, azaroan. iÑAKI PORTO / EFE
Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko eleduna eta Funtzio Publikoko kontseilaria, azaroan. iÑAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2025eko martxoaren 18a
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernuaren administrazio publikoan aritzen diren 30.000 langile publiko grebara deitu dituzte funtzio publikoko bost sindikatu nagusiek —LAB, Afapna, CCOO, ELA eta UGTk—. Hori ikusirik, Amparo Lopez gobernuko eledun eta Funtzio Publikoko kontseilariak gaur komunikabideei erantzun die «errespetatzen» duela deialdia, «nola ez». Lopezen arabera, orain lanean ari dira «elkarrizketarako eta negoziaziorako beste esparru baten inguruan». Ez du gehiago zehaztu. Datozen egunetan emango dute detaile gehiagoren berri, haren esanetan.

Bezperan, bost sindikatuek grebara deitzeko arrazoien berri eman zuten. Adibidez, salatu zuten Funtzio Publikoko Langile Publikoen Estatutua berritzeko negoziazioak blokeatuta daudela. 1993tik ez da berritu, eta legealdi honetako akordio programatikoan PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak haren erreformari heltzeko konpromisoa hitzartu zuten. Haatik, Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean ordezkaritza handiena duten sindikatuen arabera, otsailetik urrira hainbat bilera egin dituzte gobernuarekin, baina urriaz geroztik ez die jaramonik egin.

Estatutua berritzeko aldarrikapenaz harago, sindikatuek eskatu dute behin-behinekotasuna %8ra murrizteko, soldatak Nafarroako KPIren arabera igotzeko, plantilla handitzeko, kontziliazioa hobetzeko baldintza hobeak jartzeko eta pribatizazioa amaitzeko.

Hain zuzen ere, osasunaren foru lege proiektuan, gobernuak proposatu du izaera juridikoa aldatzea Osasunbideari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari. Sindikatuen arabera, Osakidetzaren eredua errepikatu nahi du gobernuak eta hura gerarazteko eskatzen diote. Nahi dute karrera profesionalak irizpide objektiboetan oinarritzea.

Lopezen erantzuna

Bestelako ikuspegia azaldu du Lopezek. «Legealdiaren hasieratik bitartekaritza zuzena eta argia izan dugu sindikatuekin, eta hala da oraindik ere». Haren esanetan, beti azaldu die borondatea «legealdiko epeez eta aurrekontuen eskuragarritasunaz hitz egiteko, legealdiaren esparruaren barruan».

Lopezen esanetan, gobernua bi puntu horiek —epeak eta finantzaketa— aztertzen ari da orain. «Asteon iragarriko ditugu esparru berri horren xehetasunak», esan du, eta honako hau gaineratu: «Egiten dizkiguten eskaerei erantzungo diegu Nafarroako Gobernuaren borondate politikoaren baitan».

Sindikatuek gobernuari aurpegiratutako blokeoari buruz galdetuta, erantzun du errespetatzen duela ikuspegi hori izatea. «Norbera libre da nahi duena esateko, baina zera berresten dut: hitz egiteko borondatea dugula, eta hori mahai gainean egon dela eta dagoela oraindik ere».

Apirilaren 9rako deitutako grebari dagokionez, Amparo Lopezek adierazi du «eskua luzatua» dutela. «Nafarroako Gobernuak lan egingo du gutxieneko zerbitzuak bermatzeko, herritarrei zerbitzua eskaintzeko». Lopezen irudiko, gobernuaren ardura da enplegu publikoa defenditzea, «baina baita herritarrentzako zerbitzuak zaintzea ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.