Freskoa, baina urrutikoa

Arrantzaleak aurki itzuliko dira itsasora, berdelaren kanpainarekin. Baina nondik dator Euskal Herrian jaten den arrain gehiena? Datuak argiak dira: gero eta gehiago kanpotik ekartzen da.

jokin sagarzazu
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun

Legatza Irlandako kostatik gertu arrantzatzen dute, batez ere Frantziako banderarekin dabiltzan ontziek; bakailaoa norvegiarrek, eta handik errepidez eta hegazkinez bidaltzen dute Euskal Herrira; gauza bera olagarroarekin eta beste espezie batzuekin, Marokotik eta Afrikako beste herrialde batzuetatik. Arraina oso presente dago euskal herritarren dietan, inguruko herrialdeetan baino gehiago, eta, gainera, fresko gehiago jaten da, baina merkaturatzen denaren %40 kanpotik etortzen da.

Merka-Oiartzunen (Gipuzkoa) 28 banatzailek lan egiten dute. Arduradunek azaldu dutenez, urtero 8.000 tona inguru mugitzen dituzte. Gehiena Pasaiako, Getariako eta Ondarroako portuetatik, baina horrekin ez dute aski, batez ere Hego Euskal Herrian gehien kontsumitzen diren espezieen kasuan: legatza eta bakailaoa. Lehenengoa Frantziatik ekartzen dute bereziki, zapoa, oilarra eta beste arrain batzuekin batera. Bakailaoa eta izokina Norvegia, Danimarka eta Herbehereetatik iristen da. Eta Afrikatik ere ekartzen dute arraina; Senegalgo eta Namibiako legatza, bereziki.

Hego Euskal Herrian pertsona bakoitzak batez beste 29 kilo arrain kontsumitzen ditu urtean, kontserbak eta itsaskiak barne. Kopuru hori urtetik urtera gutxituz doan arren, Europako batezbestekoaren gainetik dago (22,5 kilo). Guztira, Hego Euskal Herrian 49.000 tona arrain fresko kontsumitu zen 2021ean, baina Gipuzkoako eta Bizkaiko lonjetan 29.000 baino ez ziren deskargatu.

Kezka lonjetan

Hego Euskal Herrian legatza da arrandegietako izarra, gehien jaten dena, eta alde handiz gainera. 2021ean 9.000 tona kontsumitu ziren, baina Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan 477 tona deskargatu ziren, eta iaz 59 tona baino ez. Arrandegietan aurkitzen diren ale gehienak Sole Handian arrantzatutakoak dira, Bretainiako eta Frantziako portuetan deskargatutakoak, eta neurri txikiagoan Lapurdikoetan.

Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontziek ia ez dute legatzik harrapatzen. Urteak dira Kantauri itsasoko espeziea eskas dela. Alturako ontziak, berriz, urtetik urtera gutxitzen ari dira legatz harrapaketak, eta azken hamarkadan erdira murriztu da horretan aritzen zen Ondarroako ontzidia —hamasei barku gaur egun—.

Bakailaoaren arrantza, berriz, aspaldi desagertu zen euskal portuetatik, eta Pasaian geratzen diren bi ontziak Barents itsasoan dabiltza, Norvegia eta Errusia arteko uretan.

Alde handiak daude, beraz, Hego Euskal Herrian gehien kontsumitzen diren arrainen eta bertako portuetan deskargatzen direnen artean. Lonjetan berdela da nagusi. Iaz 8.474 tona saldu ziren. Kontsumoa, ordea, oso txikia izan zen: 770 tona. Atunaren kasuan, 8.142 tona deskargatu ziren, eta freskotan 2.355 tona baino ez ziren kontsumitu. Espezie hori, bereziki, kontserban jaten da. Berdin gertatzen da antxoarekin eta sardinarekin. Eta prozesatze industria gehiena kanpoan dago.

Horiek hala, gero eta ohikoa da euskal arrantzaleek ere euren deskargen zati handi bat kanpoko lonjetan egitea, Asturiasen (Espainia) eta Galizian. Baxurakoek iaz hegaluzearen %25 inguru hango portuetan saldu zuten, eta antzera gertatu zen antxoarekin.

Azken urteetan inbertsio handiak egin dira Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjak berritzeko, baina urtetik urtera gutxituz doaz deskargak; arrantzaleek diotenez, hori gertatzen da arraina euskal kostaldetik urrundu delako, «klima aldaketarengatik».

Baina Bizkaiko eta Gipuzkoako portuek badituzte beste desabantaila batzuk: tamaina txikiagokoak dira, errepide konexio txarragoak dituzte, eta transformaziorako industria gutxiago dute inguruan. Alegia, erosle handientzat eta kanpoko ontzientzat ez dira hain erakargarriak. «Arazo bat daukagu konpetentzia erakartzeko orduan», aitortu du Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkuek.

Urteak dira kofradiek Jaurlaritzarekin elkarlanean Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek harrapatutako arrain freskoa kontsumitzeko kanpainak abiatu zituztela. Hegaluzeak 1998tik du Eusko Label zigilua. Antxoarena berriagoa da: hiru urte egingo ditu aurten. Berdela bultzatzeko kanpaina ugari egin dituzte, baina arrakasta eskasarekin.

Kontsumo ohituretan aldaketa handiak egon dira azken urteetan: garaian garaikoa da bertako ontziek harrapatzen dutena, baina kontsumitzaileek urte osoan nahi izaten dituzte espezie batzuk. Freskoa nahiago dute, baina urrutitik ekarri behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.