Alstomn lehiakide handiaren etxean kontratua lortu du CAFek: 28 tren egingo ditu SNCF Frantziako trenbideetako enpresa publikoarentzat. 700 milioi euro jasoko ditu horren truke, baina baliteke gehiago izatea, 75 tren gehiago egiteko aukera zabalik utzi dutelako.
Aurretik lortu izan ditu CAFek kontratu gehiago Frantzian, baina askoz txikiagoak izan dira. Horrela, tranbiak egin ditu Saint-Etienne eta Besançon hirietarako, baita Naonederako (Bretainia) ere. Diesel trenak ere hornitu ditu Korsikarako, Proventzarako eta Centre eskualderako, eta makinak egin ditu RATP Parisko eta Ile- de-Franceko trenbide konpainiarako.
Oraingoan, ordea, SNCF da bezeroa, trenbide sare nagusia kudeatzen duen konpainia publikoa. «Oso garrantzitsua da, ez bakarrik alde handiz delako Frantzian inoiz lortutako kontraturik handiena, baizik eta Alstomen moduko erraldoi baten etxean lortu dugulako», aitortu diote CAFeko iturriek BERRIAri.
Bi ibilbidetan ibiliko diren trenak egin beharko ditu CAFek: Paris-Clermont Ferrand batetik, eta Paris-Limoges-Tolosa bestetik. SNCFk onartu du kontratua zabaltzeko aukera dagoela, eta kasu horretan CAFek egindako trenek Bordele-Marseilla linea egingo lukete. TER lineak dira (Intercite izenekoak, lehen), hau da, abiadura handiko trenbideak izan gabe distantzia nahiko luzeak betetzen dituztenak.
2023. urtean hasiko dira CAFen trenak erabiltzen, eta gaur egungo Corail trenak eta haien lokomotorak ordezkatuko dituzte pixkanaka —batzuek 40 urtetik gora dituzte—.
SNCFk kaleratutako oharrak dio CAFen eskaintza izan dela onena «errendimendu teknikoari, berrikuntzari eta kostuari dagokienez». Erabakian ziur aski eragina izan du beste faktore batek ere: CAFek fabrika bat du Bagneres de Bigorren (Okzitania). 2008. urtean erosi zion aurreko jabeari, Souleri.
Atzo jakinarazitako kontratuak mesede egingo dio lantegi horri. Izan ere, CAFek 30 milioi eurotik gorako inbertsioak egingo ditu Bagneres de Bigorreko lantegian. 11.000 metro koadroko tailer berri bat eraikiko du, eta ehun lanpostu zirenak 350 izango dira. Trenen zati bat egingo dute lantegi horretan, eta gainontzekoak, Beasaingo lantegi nagusian (Gipuzkoa).
Frantzian lehen kontratu handia irabazi du CAFek, gutxienez 700 milioikoa
Bagneres de Bigorreko fabrika handituko du, eta 250 langile hartuko ditu, SNCFren distantzia erdi eta luzeko 28 trenen zati bat han egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu